‘El gran baño’ eta ‘Trenk’ filmak emango dira asteburuan Aita Marin

El gran baño film frantsesa gaur, bihar, igandean eta astelehenean emango dute. Trenk animaziozko pelikula, berriz, igande arratsaldean.

Bi film emango dira asteburu honetan Aita Marin: El gran baño eta umeentzat zuzendutako Trenk animaziozkoa. Lehenengo filma gaur emango dute, 22:15ean; larunbatean, 19:30ean eta 22:15ean; eta igandean eta astelehenean, ikuslearen eguna, 19:30ean. Bertrandek, Marcusek, Thierryk eta lagunek depresioa dute, eta terapia egiten dute igerilekuan, Delphine txapeldun ohiaren agindupean. Elkarrekin ongi sentitzen dira, eta elkarrekin saiatzen dira igeriketa sinkronizatuan hobetzen. Ideia bat sartuko zaie buruan: Norvegiako munduko txapelketan parte hartzea.

Trenk animaziozko filma, berriz, igandean izango da, 16:30ean. Trenk 10 urte dituen nekazari bat da eta Wertolt maltzurraren menpean bizi da. Trenkek zalduna izan nahi du horrela bere familia askatzeko. Ezpata eskuan, abilezia eta ausardia garatuko ditu mutikoak eta laster izango da dragoien aurka borrokan.