Komentuko aterpetxearen kudeaketagatik jasotako dirua zazpi elkarteren artean banatuko da

Baleike 2019ko urt. 17a, 09:48

Darahli, Sarabastall elkartea (Flysch Trail), Beheko plaza elkartea, Gautena elkartea (Atozte programa), Malen Etxea,  Nagusilan eta Zumaiako Lourdesko ospitalitatea izango dira bihar Oxforden egingo den ekitaldian dohaintza jasoko duten zazpi elkarteak. Txekeen banaketa 18:30ean hasiko da.

Komentuko aterpetxea kudeatzen duen Donejakue bideko lagunen elkarteak jasotako diru sarreren zati bat herriko elkarteen artean banatzeko ematen dio Udalari. Horrela, bihar arratsaldean Oxforden egingo den ekitaldian, herriko zazpi elkarteri emango zaio dohaintza.

Iazko datuei erreparatuz, Aste Santutik urriaren 15a bitarte, Komentuko aterpetxean 4.253 erromesek pasa dute gaua, eta guztira, Udalak 9.000 euro jaso ditu. Diru kopuru hori gizarte helburua duten honako zazpi elkarteen artean banatzea erabaki du: Darahli elkartearen bidez Haizearen egia film laburraren ekoizpenari, Sarabastall elkartea (Flysch Trail), Beheko plaza elkartea, Gautena elkartea (Atozte programa), Malen Etxea, Nagusilan eta Zumaiako Lourdesko ospitalitatea.  Lehen bi elkarteek 2.000 euroko dohaintza jaso dute eta besteek, aldiz, 1.000 eurokoa.

Elkarte horiek egiten duten lana balioan jartzeko asmoz, diru banaketa ekitaldi bateratu baten bidez egitea erabaki du Udalak. Ekitaldia bihar izango da Oxford aretoan, 18:30ean hasita. Bertan izango dira elkarte onuradunekin batera, Oier Korta alkatea eta Fernando Imaz, Donejakue bideko lagunen elkarteko presidentea.