Gartziategi sagardotegian eman dio hasiera sagardo denboraldiari Olatz Arrieta kazetariak

Baleike 2019ko urt. 16a, 15:55
Argazkia: Sagardoaren Lurraldea.

Gartziategiko sagardogilea den Nere Lizeaga zumaiarrak ireki du txotxa gaur eguerdian egin den ekitaldian.

Egun berezia da gaurkoa Zumaiako familia batek kudeatzen duen Astigarragako Gartziategi sagardotegian, izan ere, EITBk Bruselan duen Olatz Arrieta berriemaileak bertan eman dio hasiera aurtengo sagardo denboraldiari. Etxekoa den Nere Lizeagak zabaldu dio txotxa kazetariari, eta honek ohiturazko "Gure sagardo berria" esan du sagardo edalontzia eskuetan zuela. Dastatu ondoren, ona dagoelaren keinua egin du Arrietak.

Sagardo Berriaren XXVI. Eguna ospatu da goizean Astigarragan. Denboraldiaren irekiera ofiziala egin aurretik baina, Sagardoetxean izan dira Euskal Sagardoaren arduradunak eta beste hainbat erakundeetako ordezkari. Besteak beste, uztaren, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri eman dute bertan. Esan dutenaren arabera, guztira 11,8 milioi litro sagardo ekoitzi dira; horietatik, gainera, 1,5 milioi bertako sagarrarekin.

Agerraldiaren ondoren, Arrieta kazetariak sagarrondo bat landatu du, eta, jarraian, Gartziategi sagardotegira joan da txotx denboraldia hastera.

Aurreko belaunaldiei omenaldia

Gartziategi sagardotegiko sagardogileak dira Ander eta Nere Lizeaga Astigarraga zumaiarrak. “Gogoz, ilusioz eta pozik” hartu dute ekitaldia eta denboraldiari hasiera emateko modu “paregabea” dela uste dute, beren produktuari “ikusgarritasun handia” emanez. XVI. mendetik Gartziategi sagardoa egiten etengabe jarraitu duten aurreko belaunaldiei egin diezaioketen omenaldi onena dela esan dute.