Zeruko mirariei begira

Baleike 2019ko urt. 16a, 18:00

Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia Sailaren astro-argazkigintza erakusketa ibiltaria Zumaian izango da bihartik aurrera. Otsailaren 3ra bitartean egunero izango da zabalik, 18:00-20:00 ordutegian. Irekierarekin batera, gainera, Zerua ezagutzen tailerra egingo da, 18:30ean.

Umetan nork ez zuen astronauta izan nahi? Zerua garbi dagoenean ez al gaituzte izarrek liluratzen? Esne Bidearen argazki koloretsu bat ikustean ez al gara txundituta geratzen? Eta ez al diogu galdetzen geure buruari ea hori dena benetan hor goian dagoen? Espazioko mirarietara bisita egiteko aukera izango da urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan egongo den Astro argazkigintza erakusketaren bidez.

Argazki erakusketa ibiltari hau Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia sailak antolatu du. Sail honek 50 urteko bizitza du, eta Aranzadi barruan berezia dela dio saileko kide Virginia Garciak. “Ikerketa lanik ez dugu egiten. Euskal Herriko zeruak ez dira egokienak izarrak ikusteko, eta, gainera, astronomiako ikerketarako tresna potenteak behar izaten dira. Guk halakorik ez dugu. Batez ere astro-argazkigintzan eta dibulgazio lanetan aritzen gara”. Ostiral astronomikoak egiten dituzte hilabeteko azken ostiraletan, eta dibulgazio saioak ere antolatzen dituzte Aranzadik Donostiako Zorroagan duen egoitzan.

Dibulgazio lan horien artean dago urtarrilaren amaieran Zumaiara ekarriko duten erakusketa. Erakusketa honek badu berezitasun bat, eta hauxe da: irudi guztiak Euskal Herriko zeruetan aterata daudela. “Eta ez da erraza! Laino asko izateaz gain, argi kutsadura handia dugu hemen. Erakusketa hau astroen argazkiez osatu dugu. Ostarteak daudenean saileko lagunak Berastegira joaten dira lanera. Kide batek Zaldibian duen behatoki batetik ateratako argazkiren bat, eta Nafarroako Iso herrian ateratako besteren bat ere badaude erakusketan. Argazki gehienak begi soilarekin ikusi ezin ditugun objektuenak dira: planetak, ilargia, eguzkia...”.

Lurra mugitzen ari den heinean, esan digu zeruan ikus daitezkeen elementuak ere aldatu egiten direla. “Iparraldeko izarrak hor izango ditugu beti, baina beste zeru guztia aldatzen doa, bai orduaren, baita urtaroaren arabera ere. Badaude konstelazioak uda garaian edo neguan bakarrik ikus daitezkeenak. Erakusketan denetarik dugu, urtaro desberdinetan ateratako argazkiak jaso ditugu bertan”.

 

Zerua ezagutzeko tailerra

Erakusketako lehen egunerako tailerra ere antolatu dute. “Zerua ezagutzen du tailer txiki honek izena. Planisferioak, zeruko mapak, emango dizkiegu joaten direnei. Zeruan orientatzeko erabiltzen dugun tresna da planisferioa. Horien bitartez zeruaren mekanika zein den azalduko dugu, edota zer diren konstelazioak eta nola mugitzen diren”. Berez, familientzako ekimena izango dela azaldu digu Virginia Garciak. “Normalean, haurrek gehiago dakite astronomiaz helduek baino. Txikitan denei gustatzen zaie gai hau, baina gero ez gaitu hainbeste interesatzen”.

Ikasitako guztia urtarrilaren 22an praktikan jartzeko aukera izatea espero du Aranzadiko kideak. “Egun horretan ilargi eklipsea izango da, eta irteera bat egiteko asmoa dugu hura ikusteko, aurrekotan egin izan dugun bezala. Ea oraingoan ostarteak diren eta ikusteko aukera dugun”.