Ekain Albite: “Sahararrekin egunero ikasten da zerbait, ezerezean jakituria topatu izan balute bezalaxe”

Baleike 2019ko urt. 13a, 09:41

Ekain Albite, Zumaiako Darahli elkarteko kidea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan da Haizearen egia film laburra grabatzen. Desertutik hausnarketa hau bidali digu.

Goizeko haize hotzak esnatu nau, ez nuen horrelakorik espero, ez nekien hemen ere hotzak menderatuko ninduela. Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuan nago. Dena da desberdina inguru honetan, bost egun daramagu eta hilabeteko bidaia dela dirudi, desertuko haizeak denboraren iragatea preso izango balu bezalaxe, denboraz kanpo sentitzen gara, zentzua galduta.

Errefuxiatuen Kanpalekuko bizi baldintza gogorrek ez digute bertako gauza positiboez disfrutatzeko aukera bahitu, izan ere, sahararrekin egunero ikasten da zerbait, ezerezean jakituria topatu izan balute bezalaxe. Gizakiak bakean eta pozik bizitzeko ezeren beharrik ez duenaren froga bizia dira haiek. Orain irakasten duten legez, bere garaian taldean soilik lortuko zutela bizirautea ikasi zutelako dira horrelakoak. Baina, nik ez dut biziraupen zantzurik aurkitzen hemen, bizitza osoz beteriko jendea besterik ez.

Bi kidek laguntzen naute bidaian, Mariak eta Oierrek, Donostiako Maluta Films ekoiztetxeko kideak. Hirurok gara datorren urrian Zumaiako Darahli elkarteak babestuta grabatuko dugun fikziozko film laburraren kontuak prest uztearen arduradunak. Arraroa dirudien arren, hori da gure helburua, urte amaieran kaleratu nahi dugun fikziozko film labur bat grabatzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan.

Agian kanpalekuetara lehenengo bidaia egin nuenetik (duela lau urte) datorren kontua da, edo apika, ume saharar bat etxean hartu genuenetik (duela zortzi urte), baina argi dagoen gauza bakarra da hemen bizi den jendeak zure barnera iristeko eta zure arima harrapatzeko gaitasuna duela. Azken finean, horregatik egiten dugu guztia, bertako jendearekin bizi nahi dugulako, entzun nahi ditugulako, haien istorioak eta historia munduak ezagutzea nahi dugulako! Hau idatzi bitartean, familiako haiman gaude, elkar ulertzea oso zaila zaigun arren, te bero baten laguntzaz (eguneko zazpigarrena honezkero!) haien kontakizunak entzuten, haien bizitzarekin bat egiten.

Fikziozko film laburra hemen egiteak, hala ere, baditu hainbat arazo; aktoreak aurkitzea, haiekin komunikatzea, lekuak zehaztea, etab. Handik genekarren gidoia behin eta berriz aldatzen  gabiltza hemengo errealitatera egokitzeko. Bertako zine eskolaren laguntza ezin bestekoa zaigu aurrera jarraitzeko, haiek dira ingurua eta jendea ulertzen dutenak, haiek dira gure iparra. Hasieratik argi genuen, ordea, proiektuaren oinarria bi herrien arteko elkarlanetik sortutako laburra egitea zela. Bi herriei buruz mintzo da filma, eta biak ikusi behar dira, biak sentitu behar dira.

Istorio egokia aukeratzea izan zen lehen erronka. Aita eta seme saharar baten arteko erlazioan datza gurea, bizitza berdin ulertzen ez duten aita-semeak dira, horrek banaketara daramatza. Semea, Tahar izenekoa, kanpalekuetatik Euskal Herrira etortzeak eta denbora luzea hemen igarotzeak haien harremanaren zauria sakondu besterik ez du egiten. Urteak pasata, aita hil zorian dagoela, Tahar Kanpalekuetara itzuliko da, aita hil baino lehen elkarren zauria sendatzeko asmoz eta bakean bizi ahal izateko. Pertsonen barneko sentimenduez mintzo den istorioa; beldurrak, kontraesanak, nahiak, mina, oroitzapenak eta maitasuna. Ahaztua izaten ari den herri batean, gogoratu nahi duenik badelako. Desertu amaigabetik ihes egin nahi duenik badelako.

Bidaia honetako denbora agortzen ari zaigun arren, bada argi dugun zerbait, Saharara itzultzen garen azken aldia ez dela izango. Hurrengoan, ordea, esnatuko gaituen haizea epelagoa izatea espero.