Kupelak, txotxa ireki zain

Baleike 2019ko urt. 10a, 10:27
Gartziategi sagardotegiko Nere eta Ander Lizeaga Astigarraga, sagardoa probatzen. (Argazkia: Gartziategi)
Zumaiako familia batek kudeatzen duen Gartziategi sagardotegian egingo dute aurtengo txotx irekiera, EITBk Bruselan duen Olatz Arrieta berriemailearen eskutik, datorren asteazkenean.
 

Urte berria hastearekin batera, irekitzear dira sagardotegietako kupelak. Zehazki, urtarrilaren 16an, asteazkenean, ospatuko dute Sagardo Berriaren XXVI. Eguna. Zumaiako familia batek kudeatzen duen Donostiako Gartziategi sagardotegian egingo dute txotx irekiera, EITBk Bruselan duen Olatz Arrieta berriemailearen eskutik.

Aurrez agerraldia egingo dute Sagardoetxean, eta uztaren, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango dute. Bertan izango dira Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako zenbait ordezkari. Ekitaldia amaitzeko, Arrietak sagarrondo bat landatuko du bertako sagastian.

Sagar dantzarekin eta txalapartarien deiarekin hasiko dute Gartziategi sagardotegian eguneko ekitaldi nagusia. Sagardogileek Arrieta soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dute, lehen kupela irekitzeko. 13:45 aldera Gure Sagardo Berria oihu eginda irekiko du txotxa Arrietak, eta, honekin batera, 2019ko txotx denboraldiari hasiera emango zaio. Horrekin batera, sagardotegiek txotx denboraldia hasiko dute.

Bertako sagarraren alde
Gartziategi sagardotegiko sagardogileak dira Ander eta Nere Lizeaga Astigarraga. Badira urte batzuk kalitatearen eta bertako sagarraren aldeko apustua egin zutela. Ondorioz, beren sagardo guztia Gorenak kalitate zigiluapean edota Euskal Sagardoa jatorri deiturapean soilik merkaturatzen dute. Horrez gain, etorkizunean merkatura berrikuntzekin azaltzeko lanetan dabiltza.

“Gogoz, ilusioz eta pozik” hartu duten ekitaldia da datorren asteazkenean ospatuko den Sagardo Berriaren Eguna. Denboraldiari hasiera emateko modu “paregabea” dela uste dute, beren produktuari “ikusgarritasun handia” emanez. XVI. mendetik Gartziategi sagardoa egiten etengabe jarraitu duten aurreko belaunaldiei egin diezaioketen omenaldi onena dela uste dute.

Bertako bezeroak izaten dituzte batez ere, baina atzerritarrek ere ezagutzen dute txotxaren erritua: Japoniatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Ingalaterratik, Frantziatik eta Alemaniatik ere gerturatzen zaizkie. Maiatzaren hasiera arte iraungo du txotx denboraldiak.

Eskualdean ere txotxak irekitzeko prest
Urola Kosta eskualdeko sagardotegiak ere kupelak irekitzeko prest dira. Azpeitiko Elosiaga auzoko Añota sagardotegian eta Aiako Satxotan bihar bertan zabalduko dituzte.

Aurten ere, Añotan jai giroan egingo dute txotx irekiera ekitaldia, eta Joxe Apalantza kirolariak izango du lehen upela zabaltzeko eta sagardo berriari lehen tragoa emateko ardura; izan ere, errezildar kirolariak ETB1ekoGailurra XTreme 3EM saioa irabazi berri du. Bihar 20:00etan hasiko da irekiera ekitaldia, eta Apalantzaz gain bertan izango dira hainbat bertsolari ere, hala nola Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua. Bertaratzen direnek sagardotegi menuaz gozatu ahal izango dute, eta behin sabelak betetakoan, Kupela taldearen erromeria izango da. Aiako Izeta sagardotegian eta Zarauzko Amezti Gainen San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, irekiko dituzte txotxak. Izetan Izer eta Alabier trikitilarien erromeriak girotuko du irekiera, eta Anjel Mari Peñagarikano eta Amets Arzallus arituko dira ondoren bertsotan.

Zarauzko Arizia sagardotegia izan da 2018ko uztako sagardoa eskaintzen guztietan goiztiarrena. Hain justu, urtarrilaren 3an hasi zuen sasoia.