Aita Mariren heriotzaren urtemuga gogoraraziko da bihar Donostian

Baleike 2019ko urt. 8a, 19:54

Bihar beteko da Jose Maria Zubia Aita Mari arrantzalea hil zenaren 153. urtemuga. Donostiako portuan dagoen eskulturan lore eskaintza egingo da 11:00etan. 

Bihar beteko da Jose Maria Zubia Aita Mari arrantzalea hil zenaren 153. urtemuga. Hori dela eta, Donostiako portuan dagoen eskulturan lore eskaintza izango da 11:00etan. Bertan izango dira Esther Irigaray Aquariumeko zuzendaria, Raul Iratxeta Untzi Museoko zuzendaria, Iñigo Gutiérrez SMH Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea eta Gurutze Gorriko ordezkari bat.
 
Txikitatik arrantzan jardun zuen Zubiak, eta beranduago, bajurako arrantza patroi bilakatu zen Donostiako portuan. Bere ibilbide profesionalean famatu bihurtu zen Euskal kostaldean ekaitzen ondorioz arazo eta arriskuan zeuden arrantzaleei laguntzeagatik. Bere itsasontzia beti prest azaltzen zen itsasoan galdutako arrantza ontziak laguntzeko orduan, 1861ko uztailaren 22an gertatu zen bezala. Gipuzkoako kostaldean bat-batean  sortutako galerna handi baten eraginez, Aita Mariren txalupa erreskate lanetara atera zen itsasontzi batetako hiru tripulante salbatzera. Ekintza honen ondorioz Itsas Benefizentziaren Gurutze Handiaren jabe izan ziren.
 
1866ko urtarrilaren 9an, ordea, beste ekaitz bortitz eta izugarri bat izan zen, eta Zubia, bere txalupa harturik, Donostiako portutik abiatu zen  badiara sartu nahi zuen Getariako arrantza ontzi bati laguntzeko asmoz. Beste ontziko gizonak erreskatatzea lortu zuenean, itsas kolpe batek eraman zuen Zubia bera.
 
Hala, bihar gogoraraziko da Donostiako portuan dagoen eskulturan Aita Marik duela 153 urte izan zuen adorea.