Iñaki Osa Goikoetxea: “Kantxan nire maila ematen gozatzen dut gehien"

Iñaki Osa Goikoetxea: “Kantxan nire maila ematen gozatzen dut gehien"
2018ko Bakarkako txapelketako finala.

2018a urte borobila izan da Iñaki Osa Goikoetxea puntistarentzat. Otsailean eman zion hasiera denboraldiari Mexikon, eta han amaitu ostean, Euskal Herrira itzuli zen uda denboraldia egitera. Parte hartutako txapelketa ia guztiak irabazi ditu, eta urte bukaeran, baita Bakarkakoa ere.

2018ko denboraldia bukatu berri duzu. Zein balorazio egiten duzu?

Oso ona. 2017an partida gutxi jokatu nituen, eta 2018an, berriz, hasieratik Mexikora joan nintzen. Han dena eman nuen, gero Euskal Herrian itzuli nintzen eta hemen ere oso ondo ibili naiz. Emaitzak ere aldekoak izan dira, beraz, ezin dut gehiago eskatu.

Orokorrean, 2017an baino partida gehiago ere izan dituzu.

Bai, halaxe izan da. 2017an ez zidaten Redbullekin jokatzen utzi, eta iaz, ordea, bai. Orduan askoz ere partida gehiago izan ditut.

Mexikora joan zinen otsaila erdialdean.

Mexiko Hiriko frontoia ireki zen, eta bertan egon nintzen ekaina bukaera arte. Han egon nintzen denbora tartean astean bi partida jokatzen nituen. Aste batzuetan jai izan genuen eta bidaiatzeko aukera aprobetxatu nuen.

Nolako giroa sumatu zenuen?

Egia esan arrakasta gehiago izango zuela uste nuen. 90. hamarkadan, Mexikon jendeak frontoira joateko afizio handia zuen. Orain, ordea, askok frontoiaren irekieraren berri ez zutela irudi zitzaidan, promozio falta zegoela... Zesta punta herritarrengana berriro ekartzea falta da agian. Poliki-poliki kirolak funtzionatuko duela uste dut. Pilotari onak izan ginen, koadro polita egon zen eta partida onak atera ziren.

Zer moduzko frontoia da Mexiko Hirikoa?

Izugarria da. Iaz, lau hilabetez egon zen irekita zesta puntarako. Bestela, beste ekitaldi batzuk antolatzen dira bertan. Jende asko sartzen da, eta partida jakin batzuetan harmaila beteta ikusten zen. Partida onak eta txapelketak antolatzen zirenean jendeak ongi erantzuten zuen.

Maila profesionalean, zer moduzko esperientzia izan zen?

Jokatzen oso ondo sentitu nintzen. Bi txapelketa egon ziren, eta horietako bat irabazi nuen. Emaitzetatik aparte, nire maila eta ikuskizuna ematea, eta horrekin gozatzea da niretzat txapelketarik handiena.

Ekainean itzuli zinen etxera. Mexikoko egonaldia baliagarria egin zitzaizun hemengo denboraldiari ekiteko?

Dudarik gabe. Aurreko hiru urtetan uztailean hasi nintzen jokatzen, eta nahiz eta sei hilabeteko aurredenboraldia egin nire kasa, ez da berdina. Partidetako erritmoak berak laguntzen dizu sasoian mantentzen. Horrela, otsailean hasi nintzen martxa hartzen poliki-poliki, eta denboraldi guztia maila onean bukatu nuen. Beste urtetan berriz, denboraldia ia amaituta nuenean hartzen nuen martxa eta ezin izaten nuen hainbeste gozatu.

Udako denboraldi bikaina egin duzu. Besteak beste, Biarritzeko Urrezko Eskularrua; Mutrikuko Irekia; Hossegor, Gernika eta Hondarribiko Grand Slamak irabazi dituzu.

Bai, denboraldia ongi joan da. Jokatu ditudan txapelketa guztietako finaletan izan naiz. Batzuetan irabazle atera naiz, eta bestetan bigarren egin dut. Bizpahiru izan ezik beste guztiak irabazi ditut. Oso denboraldi borobila izan da; aurten erdiarekin ere konformatuko naizela pentsatzen dut.

39 urte beteko dituzu aurten. Adinak pisatzen du?

Nire garairik onena pasa dela uste dut, baina kantxa barruan esperientzia asko dut. Adibidez, gazte batek 15 kilometro egiten baditu frontoian, nik 8 egingo ditut. Hau da, gutxiago mugitzen naiz, bistarekin gehiago jokatzen dut, eta orokorrean, fisikoa eta arnasketak gehiago zaintzen ditut. Beste era batean jokatzen dut, azkenean. Hala ere, oraindik lehiatzen jarraitzeko maila ona dudala uste dut.

Garaipen asko izan dituzu. Ez da inor aspertzen irabazteaz, ezta?

Ez, ez. Dudarik gabe. Azkenean kirolaria horretarako prestatzen da. Emaitzak aldekoak direnean gainera, normalean, maila ona ematen ari zaren seinale izaten da. Hala ere, emaitzak beti onenak ez izan arren, kantxan nire maila ematen gozatzen dute gehien.

Udazken aldera, berriz, Gernikako Urrikoa eta Madrilgo eta Pauko txapelketak ere irabazi zenituen. Bartzelonan jokatu zen Munduko Binakakoan, ordea, laugarren egin zenuen.

Emaitza agian ez zen onena izan, baina ederki jokatu genuen. Bai finalerdia, baita hirugarren eta laugarren postuetarako partidetan ongi ibili ginen. Ezin da beti irabazi. Batzuetan tantu bategatik irabazten duzu, eta bestetan horregatik galdu. Baina orokorrean oso pozik itzuli nintzen bizitakoarekin. Frontoia beteta egon zen partida guztietan. Madrilen jokatu zen txapelketaren kasuan, esaterako, komunikabide asko etorri ziren. Zesta puntak asko erakartzen ditu. Publikoari dagokionez, berriz, gutxiago egon zen.

Urtea bukatuz, Bakarkako txapelketa jokatu zenuen Imanol Lopezen aurka non eta Zumaian. Banakako 12. garaipena lortu zenuen.

Egia esan oso polita izan zen txapelketako bi zumaiarrak finalera iristea. Jende asko etorri zen gainera partida hura ikustera. Txapelketa bera Zumaian jokatzea ere pauso handi bat izan zen; inoiz gure herrian ez baitzen finalik jokatu. Partida ongi atera zela uste dut, eta jendeak goxatu bazuen zer gehiago eskatuko dut ba!

Galtzen hasi zinen ordea...

Hori da. Lehenengo seta galdu egin nuen, eta hurrengo biak irabazi egin nituen. Partidak horrela izaten dira. batzuetan ongi hasten zara, eta gero erritmoa gelditu egiten duzu... Aldaketak egoten dira. Kasu honetan galtzen hasi nintzen eta partidari buelta ematea lortu  nuen.

Urtea amaitzeko, Gabonetako desafioa ere egin zenuen. Zer moduz joan zen?

Berezko desafioa Imanol Lopez eta Egiguren, Irastorza eta nire aurkakoa zen, baina bai Irastorza eta baita Egiguren ere lesionatu egin ziren aurrez. Ondorioz, Olhak Lopezekin jokatu zuen eta Minviellek nirekin. Gernikan jokatu genuen partida bat, eta bestea Donibane Lohitzunen. Biak beste bikoteak irabazi zuten. Kasu honetan, nahiz eta emaitza aldekoa ez izan, partida onak izan ziren jokatzeko eta ikusteko.

Iparraldean beti izan du indarra zesta puntak, eta orain ere, indartsu dago, ezta?

Bai, hala da. Udako denboraldian, funtzio asko egoten dira. Bi hilabete eta erdiz adibidez, asteartero eta ostegunero partidak daude Donibane Lohitzunen. Biarritzen, abuztuan, astero bi, eta  Hossegorren ostiralero. Jende asko hurbiltzen da, batez ere Donibane Lohitzunera. Iparraldean Canal+ Frantzia telebista kanalari esker ikusgarritasuna dago, eta hain zuzen beraiek eskatzen dituzte, udako partidez gain, gehiago egotea urtean zehar.

Orokorrean, 2018a oso ona izan da zesta puntarentzat, ezta?

Bai, bai. Jende asko joan da frontoietara, erantzun ona eduki du eta sarrerak oso ongi saldu dira. Horrela jarraituz gero, uste dut zesta punta biziberritu daitekeela. Ez agian garai bateko punturaino, baina urte guztian zehar aktibo mantentzeko bai.

Zein asmo dituzu 2019ra begira?

Orain pare bat hilabetez atseden hartuko dut, eta gero, maiatza inguruan, Mexikora joango naiz pare bat hilabetetarako. Ondoren, etxera itzuliko naiz eta urtea bukatu arte hemengo partida eta txapelketetan jokatuko dut. Iaz baino pare bat hilabete gutxiagoz jokatu dut, baina bestela antzekoa izango da.