Bakoitzak bere soinua

Bakoitzak bere soinua
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Duela urtebete, aurtengo Durangoko azokan egoteko erronka jarri zioten beraien buruari Irene Irureta ilustratzaileak eta Migel Gutierrez musika joleak, eta bete dute helburua. Abenduko Baleike aldizariko erreportajea ekarri dugu webgunera. 

Hain justu, azaroan aurkeztu zuen Migel Gutierrezek McOnak taldearekin ateratako Gure Naufragioak diskoa. Gutierrezen hitzetan, “kritika soziala eta autokritika” dira disko berrian jorratu dituzten gaiak. “Kalean dagoen eztabaida” eraman dute azken hilabeteotan ondutako lanera: “Generoa, berdintasuna, zentsura, etorkinen afera… letretan indar handia jarri dugu, eta nabaritzen dela esango nuke”. Amets Arzallusek idatzitako letra du, esaterako, Nire Kalifornia abestiak. Disko berrirako ilustrazio lanak egiten, aldiz, Iñaki Fortun artista aritu da.

Haize berria” sartu da taldera disko berrian: Martzel Navarro bateria jotzailea, Beñat Zaton akordeoi jotzailea eta Irati Irizar biolin jotzailea. Irizarri esker sartu zen Gutierrez taldean, Galarrena diskoa prestatzen ari zirela. Udalekuetan zirela, sare sozialetan bideo bat partekatu zuten Irizarrek eta Gutierrezek, biolina eta banjoa jotzen ari zirela. Irizarren ikaskide ohi batek ikusi zuen bideo hura, eta hala izan zuten Gutierrezen berri, 2015. urtean. Galarrena diskoko abestiak bidali zizkioten, eta bere kabuz konposatu zuen banjoarekin Gutierrezek.

Gutierrezek pozik gogoratzen du garai hura. Haren hitzetan, “beso zabalik” jaso zuten taldekideek. Hasieran, soilik banjoa jotzea zen haren eginbeharra, baina orain nabari du ezkutuko lana: “Batzuetan gure lana kontzertuak ematea dela dirudi, baina disko bat prestatzeak ere dedikazio handia eskatzen du”. Gernikan entseatzen dute, Iparragirre rock elkartean.

Durangoko Azokan jarri zuten salgai diskoa, eta entzungai dira jada abestiak Spotify, YouTube eta Bandcamp plataforma digitaletan. 

Saxofoia ikasi zuen lehenengo Gutierrezek, musika eskolan, 10 urte zituela. Kitarra etxean ikasten hasi zen ondoren, bere denbora librean. “Egun batean banjoa erosi nuen aurreztuta nuen diruarekin, ezer jakin gabe. Ama asko haserretu zitzaidan”, gogoratu du Gutierrezek. Astebeteren buruan, barkamen eske gerturatu zitzaion ama: “Ordurako banekien jotzen”.

Gaur egun, pianoa ere asko erabiltzen du konposatzeko. “Oso erabilgarria” iruditzen zaio, eta bere kabuz ari da ikasten. Elektronika munduak asko erakartzen du Gutierrez, baina ez du asebetetzen “beste batzuen musika jartzeak” soilik. Musika konposatzeko eta zuzenekoak egiteko Ableton programa instalatu zuen: “Orduan ohartu nintzen horixe zela ikastea gustatuko litzaidakeena”. Lagun batek gomendatutako eskola batera joatea erabaki zuen, Malagara. Musika produkzioko masterrak eskaintzen dituzte, eta bertan izan da Gutierrez martxotik abuztura bitartean.

Musika mundua zein gogorra den” ikusten lagundu dio Malagako esperientziak, baita “etengabeko ikasketa” bat dela ikusten ere. “Zure soinua bilatzeko dena entzun behar dela ohartu naiz, esperimentatu egin behar da, eta ni oraindik nire soinuaren bila nabilela uste dut”.

Hainbat proiektutan konposatzaile lan egiteko eskaintzak ere jaso ditu, besteak beste, Telmo Iruretaren eta Aizpea Goenagaren film labur banatan. Proiektuetan kolaboratu eta jende berriarekin lan egiteko gogotsu dago.