Itsasontziz helduko dira bihar hiru Errege Magoak

Baleike 2019ko urt. 4a, 10:10

Aurten ere itsasontzian iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zumaiara. Ludoteka aurrean lehorreratu ondoren, handik hasiko da kabalkada, 18:30ean. Gaur arratsaldean, berriz, Erregeen laguntzaileek gutunak jasoko dituzte Beheko plazan, 18:00etatik aurrera. 

Ekialdeko hiru Errege Magoak itsasoz iritsiko dira bihar arratsaldean Zumaiara. Ludotekan hasiko dute kabalkada 18:30ean, eta handik Patxita Etxezarreta eta Txomin Agirre kaia zeharkatuko dituzte. Ondoren, Erribera kaletik barrena, Beheko plazaraino iritsiko dira. Han dagoen jaiotzan eskaintza egin ondoren, Ludotekan amaituko dute kabalkada.

Aurretik, hiru Errege Magoek bisitak egiten dizkiete urtero edadetu eta gaixoei. San Juan eta Otezuri egoitzetan izaten dira, baita hala eskatzen duten etxeetan ere. Beraz, haurren bat gaixorik egonez gero eta Erregeen bisita nahi izanez gero, eskaera egin 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo emailez kultura@zumaia.eus helbidera idatzita. Gaur eguerdira arte (14:00ak arte) dago eskaera egiteko aukera.

Eskutitzak jasoko dira gaur

Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek bihar gauean lan asko izango dute umeek eta helduek eskatuko dituzten opari guztiak banatzen. Horrela, eskaera eta desio horiek zeintzuk diren ezagutzeko, gaur arratsaldean Errege Magoen laguntzaileek gutunak jasoko dituzte Beheko plazan, 18:00etatik aurrera.