Leire Esnal: "Gero eta indar handiagoa hartzen ari da emakumezkoen pilota eta pala"

Baleike 2019ko urt. 3a, 18:00
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Txikitatik maite izan du kirola Leire Esnal zumaiar gazteak. Hasieran, esku pilotarekin baretu zitzaion har hori, baina gero futbolean eta palan ere aritu da. Orain, Realaren Genuine taldean egin du debuta. Abenduko Baleike aldizkarirako elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Noiz hasi zinen esku pilotan?
Zazpi bat urte nituela hasi nintzen Odietan. Bospasei ume joaten ginen, eta ni nintzen neska bakarra. Hurrengo urtean edo handik bira, ordea, frontoia bota egin zuten. Hori dela eta, bederatzi urterekin, futbolera joan nintzen, Zumaiakora.

Han ere, neska bakarrenetakoa zinen.
Bi ginen, eta aldagelarik ez genuenez, komunean aldatzen ginen. Ez dit inoiz inporta izan mutil artean ibiltzea. Gustukoa nuen lekura joan eta han ibili nahi izan dut.

Handik bi urtera, baina, neska gehiagok eman zuten izena eta taldea osatu zenuten.
Bai, eta infantil lehenengo mailan, Getariako neska asko etorri ziren, 10 inguru, eta horiek talde bat osatu zuten. Atezain bat behar zutela eta, neure burua aurkeztu nuen. Horrela, beste bi zumaiarrekin batera getariarren taldean ibili nintzen.

Lehen aldia zen atezain jokatzen zenuela?
Bai. Xiltonek entrenatzen gintuen atezainok. Gol asko sartzen zizkidatenean amorrarazi egiten nintzen, eta hark, porteria atzetik, aholkuak eman eta asko animatzen ninduen.

Zer moduzko esperientzia izan zen urte hura?
Hasieran oso gaizki. Taldea egin arte, ohitu arte, gol asko sartzen zizkiguten, 15 eta horrela. Hurrengo urtean, infantil 2. mailan, getariarrek beraien izenean atera zuten taldea, eta zumaiar guztiok batera jarri ginen. Denboraldi ona egin genuen.

Kadete mailan, ordea, urte bat gazteagoekin jokatzea erabaki zenuen. Zergatik?
Entrenatzaileak amari deitu zion esanez ez nuela mailarik hor jarraitzeko eta nahi banuen gazteagoekin jokatzeko. Hori egin nuen. Gaur egun tarteka joaten naiz haiekin entrenatzera, eta partiduetara joaten naiz animatzera.

Egokitutako multikirola egiten hasi zinen. Zer da hori?
Arazo ezberdinetako pertsonak elkartzen ginen eta hainbat kirol egiten genituen. Pozik hasi nintzen, ikaragarri ondo pasatzen nuen, baina zerbait gehiago nahi nuen. Hor amaituta, Zarautzen egokitutako pala zegoela jakin nuen eta han hasi nintzen.

Gipuzkoako txapelketa eta beste hainbat irabazi dituzu.
Guri egokitutako txapelketak eta topaketak egiten dira. Egia esan, gero eta gehiago antolatzen dira eta pozgarria da. Duela bi urte irabazi nuen Gipuzkoako txapelketa Eneko Sagarmendirekin, eta herrietako beste txapelketa txiki batzuk ere bai. Baina iaz ez nuen izena eman. Arratsaldetan klaseak izaten ditut, eta ez dut denbora askorik. 

Entrenatzen eta ikasten segitze aldera, baina, Zumaiako emakumezkoen pala taldean ibiltzen zara, ezta?
Ostiral arratsaldeetan elkartzen gara Aitzurin. Bost neska gara, eta giro onean ibiltzen gara. Urtetik urtera, orokorrean, gero eta indar handiagoa hartzen ari da emakumezkoen pilota eta pala.

Realaren Genuine taldean egin duzu debuta. Nola etorri zaizu aukera?
Entrenatzaile tituluaren kurtsoa egin nuen Zubietan, eta antolatzaileak talde horren berri eman zidan. Hor jokatzeko beharrezko paperak atera nituen Atzegin eta urritik beraiekin nabil entrenatzen larunbatero, Zubietan.

Genuine izeneko liga duzue. Zenbat talde zaudete?
30 gaude guztira. Gizonezkoen lehen mailako ligak babesten du, eta iaz hasi zen proiektua. Zortzi jardunaldik edo fasek osatzen dute liga, eta jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatzen dira. Debuta Tarragonan egin genuen azaroaren 17ko asteburuan. Hirutik partida bakarra irabazi genuen, baina oso pozik bueltatu ginen etxera.

Zenbat zarete taldean?
Talde guztiak mistoak dira eta gu 26 lagun gara. Horietatik bi bakarrik gara emakumezkoak. 16 urtetik gorako pertsonek ahal dugu parte hartu, eta ni naiz gazteenetako bat. Zelaiaren erdigunean jokatzen dut.

Nondik ateratzen duzu denbora hori guztia egiteko?
Jende askok galdetzen dit hori. Baina gogoarekin dena da posible.