Berrogei gaztetxok hartu dute parte Kimikarin esperimentu tailerrean

Baleike 2019ko urt. 3a, 16:30

Arrakasta itzela izan du jolasaren bidez zientziaz ikastea helburu duen Kimikarin tailerrak. Hala, gaur goizean 40 gaztetxo izan dira Alondegian egin den saioan. Bihar bigarren tailer bat egingo dute beste horrenbeste gaztetxorekin.

Haurrek zientziarekin dibertitu daitezkeela ikusteko asmoarekin sortu zuten LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko lau ikaslek Kimikarin esperimentu tailerra proiektua. “Jolasen bidez, eta batez ere zikinduz, ume eta gaztetxoek zientziako hainbat alor ikasteko bide ona zela pentsatu genuen”, kontatu du proiektuaren arduradunetako bat den Irati Rodriguezek.

Arrakasta handia izan dute Zumaian. Hasiera batean gaurko bakarrik antolatu zuten saioa, baina izen emate handia izan zenez, bi egunetara luzatu dute tailerra. Horrela, gaur goizean egin duten saioan, 40 gaztetxok hartu dute parte hamarreko lau taldetan banatuta. Bihar, beste horrenbestek izango dute ekintza horretaz gozatzeko aukera. “Herriz herri ibiltzen gara tailerrak ematen: eskoletan, eta eskolaz kanpo ere bai. Gainera, zientzia buruzko kanpamentu moduko bat ere badugu martxan”, kontatu du.

Gabonekin lotutako bi esperimentu

Kimikarin tailerra 8-12 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta dago, eta esperimentu ezberdinak egiten dituzte. Zumaian egin duten gaurko saioan, Gabonekin lotutako bi gauzatu dituzte.

Lehenengoan, pixoihalek duten polimeroarekin elur artifiziala egin dute, eta bigarrengoan, koloretako slimea purpurina eta abar erabiliz. Amaitzeko, suarekin jolas bat egin dute. “Erre gabe, sua esku gainean jarri dugu”, amaitu du Rodriguezek.

Biharko saioa, gaur bezala, 11:00etatik 13:00etara izango da.