"Urola ibaiaren gainean egiten ari garen kaltean arreta jarri behar dugu"

"Urola ibaiaren gainean egiten ari garen kaltean arreta jarri behar dugu"
Argazkia: Gontxalo Torre eta Luis Juaristi.

'Urola ibaia' izeneko dokumentalaren bigarren emanaldia izan da gaur arratsaldean Oxforden. Bertan izan da Luis Juaristi azpeitiarra, dokumentalaren egileetako bat.

Abendu erdialdean Algorri Interpretazio Zentroan aurkeztu zuten 'Urola ibaia' dokumentala Javier Arenas eta Luis Juaristi egileek. Gaur arratsaldean bigarren emanaldia izan da Oxforden, eta bertan izan da Juaristi. Azpeitiarrak sarrera moduko bat egin du dokumentala ikusi aurretik, eta grabaketa honen zergaitia azaldu du. "Betidanik arduratu izan zidan ibaiak jasaten zuen zikinkeria, eta jubilatu nintzenean kexa edo protesta hori albo batera utzi eta zerbait egin behar zela pentsatu genuen Javierrek eta biok", esan du.

Dokumentalak Urola ibaiaren historia kontatzen du, baita bertan bizi diren bizidunen errepasoa egin ere. 1970eko hamarkada inguruan industrializazioak eragin zuen zikinkerian ere jartzen du arreta kontakizunak, ondoren eraiki ziren araztegiei esker, errekuperazio bidea hartu duela azalduz. "Gaur egun ur garbia dago ibaian, baina bertan pilatzen den plastikoa izugarria da. Dokumental honen bidez, Urola ibaiaren gainean egiten ari garen kaltean arreta jarri nahi dugu, eta gizartea ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatu", nabarmendu du.

Hainbat eskolatan erakutsi dute dagoeneko dokumentala, eta beste ikastetxe batzutara ere joango dira aurten. Dokumentala Unesco Etxeak Geoparkearekin elkarlanean antolatu duen 'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketaren baitan eman da. Erakusketa hau urtarrilaren 6ra arte dago zabalik Oxford aretoan.