Moilaberriko estazio zaharra Udalaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzak

Baleike 2018ko abe. 27a, 13:54

Moilaberriko tren estazio zaharraren eraikina Zumaiako Udalaren jabegora pasa da. Tasazioak ezarritako 161.554 euro ordainduko dizkio Udalak Jaurlaritzari eraikinaren truke. Turismo bulegoa eta Algorri interpretazio zentroko erakusketa bertara eramatea aurreikusten du Udalak.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Aspiazu Zumaian izan da gaur goizean irailean hasitako jabetza aldaketa prozesuari amaiera emateko. Jarraian egindako agerraldian adierazi du bere ustetan Zumaiako udalerriak "ezin egokiago ustiatuko" duela estazio zahar hau. "Espero dut aurrerantzean hartuko dituen zerbitzu publikoek Zumaiako herritarrei, nahiz ingurukoei, onurak ekarriko dizkiela", gaineratu du.

Eraikina 1985ean pasa zen EAEko administrazioaren eskuetara, Urola trenaren beste orubeekin batera. Trenaren jarduera amaitu zenean, urte batzuetan, Zumaiako anbulatorioa bertan egon zen. 2012tik, osasun zentro berria zabaldu zenetik, hutsik egon da, erabilerarik gabe. Estazio zaharra babestuta dago eta ekipamendu bezala sailkatuta. Udal ondare katalogoak kultura eta natura intereseko eraikin gisa jasotzen duela adierazi dute. 

Oier Korta alkatea pozik zegoen, prozesua amaituta, eraikina udal jabegora pasa delako. "Eraikin honekiko interesa ez da agintaldi honetan hasi, atzetik datorren kontu bat da", gogoratu du. Azken tasazioarekin eraikinagatik ordaindu beharreko kopurua jaitsi egin dela adierazi du. Hala, Udalak 161.554 euro ordainduko ditu estazio zaharrarengatik. "Bi aldeoi zentzuzkoa iruditu zitzaigun tasazioak ezarritako prezioa".

Kortak azaldu duenez, beraien asmoa da turismo bulegoa eraikin honetara eramatea, eta baita Algorri interpretazio zentroaren osagarria izatea. "Algorrik irakaskuntzan duen pisua aintzat hartuta, gure planteamendua da hori mantendu eta eraikin berrian bereziki biritariei gure ondare geologiko hori ezagutarazteko zerbitzu osagarria jartzea".

Alkateak ez du lan hauen inguruko eperik jarri nahi izan. "Orain datorren urteko aurrekontuen lanketan gabiltza, eta ikusiko dugu 2019an zer egingo dugun". Azkoitian antzerako prozesua izan zela azaldu du. "Han tren estazio zaharra liburutegi bihurtu dute. Azkoitian egindakoak erakutsiko digu Zumaian zer egin".