Unesco Etxearen erakusketa zabaldu dute Oxforden

Baleike 2018ko abe. 22a, 10:58

Unesco Etxearen Gure mundua eraldatzeko 17 helburu erakusketa zabaldu dute Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa hau urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. 

"Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du” ideia oinarri hartuta, Gure mundua eraldatzeko 17 helburu izeneko erakusketak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda berriaz eta 17 helburuez informatzea eta sentsibilizatzea du xede. Garapen iraunkorrerako helburuetako bakoitza ilustrazio baten bidez adierazita dago, eta irudi horiek Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko artista hasiberriek nahiz eskarmentu handikoek egin dituzte.

Unesco Etxeak ilustrazio-lehiaketa bat antolatu zuen erakusketa osatzeko; guztira, 13 herrialdetako 170 artistaren 197 ilustrazio jaso zituen, eta horien guztien artetik aukeratu ditu ilustrazioak. Hautaketa egiteko, honako alderdi hauek hartu ditu kontuan: genero-ikuspegia eta irudien zein hizkuntzaren erabilera ez sexista. Finean, kultura-aniztasuna adieraziko dute ilustrazioek.