“Ikasleentzako ariketa ona da Txikipediarako artikuluak idaztea; sinplifikatzen eta eskemak egiten ikasten dute”

“Ikasleentzako ariketa ona da Txikipediarako artikuluak idaztea; sinplifikatzen eta eskemak egiten ikasten dute”

Mikel Fernandez de Arroiabe Zumaiako Institutuko biologia irakaslea da, eta Euskal Wikilarien elkarteko kidea. Institutuko zientzia departamentuan Txikipedia proiektua garatzea bere ideia izan da, eta lehen hiruhilekoaren amaieran, 14 artikulu argitaratu dituzte sarean.

Zer da Txikipedia?

Haurrentzako euskarazko entziklopedia askea. Wikipedia modukoa da, baina 8-13 urte bitarteko haurrentzat zuzendua.

Zergatik sortu zen Txikipedia garatzeko ideia?

Haurrak Wikipedia erabiltzen hasi zirenean konturatu ginen informazio ulertzeko zailtasunak zituztela. Ondorioz, artikulu horiek guztiak haurrentzat egiteko behar bat ikusi genuen. Behar hori gainera, ez da Euskal Wikilarien elkartetik ikusi bakarrik. Europan ere garatu dira beste hainbat proiektu.

Noiztik dago martxan?

2018ko apiriletik. Aurretik, Europa mailan, Vikidia izeneko proiektu bat hasi zen. Batez ere Frantzian garatu zen eta euskaraz ere egin genuen, baina Wikipediatik kanpo dagoen web bat izanda, inor gutxik ezagutzen zuen. Orain, Txikipedia Wikipedian integratu dugu, baina Vikidia ere irekita dago eta hor egindako lanak jarraitzen du.

Zenbat artikulu ditu?

Euskarazko Wikipediak 309.000 inguru ditu, eta Txikipediak, aldiz, 1.300. Poliki-poliki ari gara elikatzen.

Nola bururatu zitzaizuen Zumaiako Institutuan proiektu hori garatzea?

Txikipedia bultzatzeko asmoz, ikasleekin zerbait egiteko ideia bururatu zitzaidan.

Iazko ikasturtean, batxilergoko lehen mailakoekin, saiakera bat egin nuen, eta biologia-geologiako 33 artikulu idatzi genituen. Ondo irten zen, eta ikasturte honetan zerbait handiagoa lantzea pentsatu nuen. Zientzia mintegiko irakasleei kontatu nien ideia, gustatu eta batxilergoko  lehen mailan ematen ditugun anatomia, fisika-kimika eta biologia-geologia irakasgaietan Txikipediarako artikuluak egitera lau saio dedikatzea pentsatu genuen.

Zein funtzionamendu duzue?

Lehenengo eta behin irakasleei formakuntza bat eman nien. Wikipedian artikulu bat argitaratzeko arau batzuk bete behar dira, eta Txikipediak ere bereak ditu: esaldi motzak eta ulerterrazak idatzi…

Lehen hiruhilekoan anatomian gaia hartu dugu. Ikasleak bikoteka jarrita bina artikulu idatzi dituzte. Guztira, hezurrei buruzko 14 artikulu egin dituzte. Bigarren hiruhilekoan fisika-kimikakoak egingo ditugu, eta hirugarrengoan, biologia-geologiakoak. Ikasturte amaieran 60 bat idatzita izatea aurreikusten dugu.

Ikasleek nondik hartzen dute informazioa?

Informazio iturri naturala Wikipedia bera da, azkenean Wikipediari lotutako artikulu bat egin behar dutelako. Baina noski, beraiek ikasgelan ikusten ari diren gaiarekin zerikusia izaten ere saiatzen gara.

Ikasleentzako ariketa ona al da Txikipediarako artikuluak idaztea?

Bai, zalantzarik gabe. Sinplifikatzen eta eskemak egiten ikasten dute. Gainera, kontzeptuak hobeto ulertzeko bide bat da. Horrez gain, Wikipediak sustatzen dituen baloreak ere lantzen dira. Horietako bat da auzolana. Azkenean artikulu bat abiatzen dute ikasleek, eta gero, edonork aldatu edo hobetu dezake betiere izpiritu konstruktibo batekin.

Zein inplikazio dute ikasleek?

Jarrera ona dute eta beraiek idatzitako artikuluak sarean ikusteak harritu egiten die.

Durangoko azokan aurkeztu zenuen proiektua. Nolako esperientzia izan zen?

Txikipediaren arduradunek Kabia gunean proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta Institutuan egiten ari garen lanketa aurkezteko eskatu zidaten. Entzuleen artean ziren Joxerra Etxeberria fisikaria eta UEUko zuzendaria Kepa Sarasola. Asko gustatu zitzaien egiten ari garena.

Nola ikusten da proiektua Zumaiako Herri Eskolan?

Ilusioarekin. LHko zuzendariarekin hitz egin genuen eta beraientzat erabilgarria zela aipatu ziguten. Artikuluko gaiak DBH 1. eta 2. mailako irakasleek aukeratzen dituzte. Eskola mailako osotasuna eman nahi genion proiektuari, beraiek ere partaide izan. Azkenean, LHko eta DBH lehen eta bigarren mailako ikasleek erabiliko dute.