Zumaiako hiru bikote zesta puntako Gipuzkoako txapeldun

Baleike 2018ko abe. 17a, 12:00

Atzo arratsaldean Aitzuri frontoian jokatutako Gipuzkoako txapelketan irabazle atera ziren Luken Aizpurua eta Julen Cabanillas kadete mailan, Eduardo Aguirre eta Cristian Saez nagusien bigarren mailan eta Unai Uranga eta Cosme Aguirre nagusien lehen mailan.

Zesta puntako Gipuzkoako txapelketako lau final jokatu ziren atzo arratsaldean Aitzuri frontoian. Lauetatik hirutan lehiatu ziren zumaiarrak eta horietan guztietan izan ziren irabazleak.

Kadete mailan, Luken Aizpuruak eta Julen Cabanillasek osatutako bikoteak 30-11 irabazi zion Alain Basterretxea eta Eñaut Urresti osatutakoari. Jubeniletan, berriz, Danobat taldeko Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabalek Donostia Jai Alaiko Alejandro Alberro eta Victor Hernandezi irabazi zioten 30-23.

Nagusien bigarren mailan, berriz, final zumaiarra izan zen. Eduardo Aguirrek eta Cristian Saezek, Kimetz Etxabe eta Gotzon Enbilen aurka jokatu zuten. Lehenengoak izan ziren garaileak 30-16ko emaitzarekin. Amaitzeko, nagusien lehen mailan, Cosme Aguirre eta Unai Urangak osatutako bikotea txapeldun izan zen Beotibarko Ibañezen eta Izagirreren aurka.