Ezinezkoa izan da: Bartzelonak irabazi du Asobal Kopa

Baleike 2018ko abe. 16a, 20:36

Zumaiako eskubaloizaleen atentzioa Lleidako kiroldegian zegoen gaur jarrita. Iluntze partean Asobal Kopako finala jokatu dute Bartzelonak eta Bidasoak. Azken honetan jokatzen du Kauldi Odriozola zumaiarrak. 

Aski jakina zen zaila ez, ia ezinezkoa izango zuela Bidasoak kopa hau irabaztea, aurrean Europa mailako talde indartsuenetakoa zuelako. Baina, ilusioa ezin galdu. Hasi eta berehala okertu dira gauzak irundarrentzat. Bartzelona 0-6 partzial batekin jarri da aurretik. Bidasoak, nahiz eta txukun jokatzen ari zen, 15. minutura arte egon da zain lehen gola sartzeko. Zer ikusi handia izan du hor Gonzalo atezainaren lanak. Lehen zatiaren amaierarako esan daiteke partida erabakita geratu dela: Bartzelona 18-7 emaitzarekin joan da aldagelara.

Bigarren zatian gehiago asmatu dute horiek, baina ez da nahikoa izan kataluniarren makina geratzeko. 60 minutuen amaieran 37-23 emaitzarekin gailendu da Bartzelona.