Oporrak bi gurpilen gainean

Baleike 2018ko abe. 16a, 09:27

Ezohiko oporrak igaro ditu udan Igor Egaña Peasok. Lanerako duela hiru urte erosi zuen motorra izan zuen bidelagun: Bilborako norabidea hartu eta, 13 egunean, Iberiar penintsulari itzulia eman zion harekin. Herriz herri eta kilometroz kilometro, 130 litro gasolina erabilita eta 5.048 kilometro osatuta egin zuen ibilbidea.

Jakin minak eta “jendeari kontra egiteak” bultzatu zuen Peaso bidaia hura egitera: “Lagunei bidaiaren berri ematean, erantzuten zidaten nire motorra ez zela gai izango horretarako. 125 cc-ko motorra da, gidabaimenik gabe ere gidatu daitekeena”.

Gutxi gorabehera zehaztu zuen ibilbidea atera aurretik, Google maps aplikazioa erabilita. “Herri batetik bestera zenbat kilometro zeuden begiratzen nuen. Egun bakoitzean 300-400 kilometro egiteko antolatu nuen guztia”.

Hasierako asmoa itzulia kostatik egitea izan zen, baina 40 kilometro autobian egin behar izan zituen Malaga parean. “Etxebizitzaz beteriko kosta da hangoa, eta 100 metrotik behin daude semaforoak. Autobia hartu behar izan nuen, 10 kilometro egiteko behar izan nuen denbora ikusita”. Nolanahi ere, Iberiar penintsulako lurmutur nagusiak bisitatzeko aukera izan du, besteak beste, Finisterre, Cabo San Vicente, Tarifa, Cabo de Gata eta Cap de Creus.

Alde batetik, etxera itzultzeko gogoa eta bestetik, bidaia amaitzearen tristura sentitu zuen Peasok itzuleran. Kilometroei gogor eutsi zien motorrak, baina amaieran, Zarauztik Zumaiarako bidean zela, ihes hodia erori zitzaion. “Harley batean bezala” sartu zen Zumaiara, motor hotsak lagun zituela.

3. etapa: Finisterre, abuztuak 17 (1.158. km)

Etxetik kanpo bi gau igaro ondoren hasi zen Peaso bidaian “etxean bezala” sentitzen. Goizean goiz hasi zuen eguna: “Lanera noanean bezala, dena presaka jaso, motorrari checking express bat egin, eta martxa!”.

Galiziarako bidean zela, Xabier Osa Finisterren zela ikusi nuen Instagramen: “Hemen bukatzen omen da mundua… eta non hasten da?” zioen zumaiarraren sare sozialeko mezuak. Iristear zen Peaso, baina Osa Santiagon zen ordurako. Egun berean iritsi zen Portugalera, eta bertan egin zuen lo, Oportotik 37 kilometrora dagoen hondartza batean. Haize bortitza zen egun hartan, eta babesteko, haitz artean antolatu zuen kanpalekua.

4. etapa: Oporto-Aveiro, abuztuak 18 (1.624. km)

Oportoko erdigunera gerturatu ez bazen ere, gurutzatzea asko kostatu zitzaiola oroitzen du Peasok. Behin Oporto “erraldoia” pasata, Aveirora bidean zela, 25 motorzalez osatutako talde bat aurreratu zuen zumaiarrak: “Gazteak ziren batzuk, zaharragoak besteak; guztiak ere motor zaharretan. Vespak, mendiko motor zaharrak…”. Klaxona joz eta hanka altxatuz agurtu zituen, motorzaleek egiten duten eran, eta guztiak aurreratu zituenean, gazte batek aurreko gurpilak altxa eta bere parera gerturatzen itzuli zion keinua.

Geldialdi batean ohartu zen kanpin denda eta lo zakua galdu zituela. 20 kilometro atzera egin behar izan zituen, baina ez zuen gauzak aurkitzeko zorterik izan. “Larunbata zen, baina kanpin denda eta zakua erosteko aukera izan nuen”.

Nazarera bidean metro bateko sugea ikusi omen zuen ondoren. Argazkia ateratzeko mugikorraren bila joan zenerako, ordea, ez zuen berriz ere hura topatu. “Ederra eguna...”, gogoratzen du Peasok.

7. etapa: Sevilla-Benalmadena, abuztuak 21 (2.819. km)

Coachsurfing sofa eta ohe libreetan gaua pasatzeko aukera ematen duen tresna erabili zuen bidaiaren erdialdean aterpea bilatzeko. Bertan ezagutu zuen Jose Maria laguna: “Artista bat da. Jakirik onenak non jan eta zein tabernatara joan gomendatu zidan, baita tourxpress bat egin ere”. Katedrala eta hiriko txokoak ezagutu zituen harekin. “Egun batean ahalik eta toki gehien ikustea zen asmoa, eta horretan lagundu zidan. Hurrengo egunean lanera joan zen, eta nik nire bidea hartu nuen”.

Benalmadenan ere Coachsurfing tresnaren bitartez pasatu zuen gaua. Horrela ezagutu zuen Juan: “Tipo xelebrea zen, Athleticeko zale amorratua”. Argentinar bat eta aljeriar bat ezagutu zituen bertan. Uda Benálmadenan igarotzen zuela kontatu zion Peasori Gabi argentinarrak, kalean musika jotzen. “Hiru hilabetetarako 100 euroko lizentzia ordaindu eta leku batetik bestera ibiltzen zen”.

8. etapa: Malaga-Motril, abuztuak 22 (3.195. km)

Goizean Malaga ahalik eta trafiko gutxienarekin pasa nahi zuen Peasok, baina A-7 autobidea hartu zuen azkenean. 50 kilometro inguru egin zituen horrela, kosta “garbia” eta eraikinik gabekoa berriz ikusi zuen arte. Autobia erdian, ordea, Guardia Zibilak geldiarazi zuen: “Motorraren giltzarrapoarekin matrikula tapatzen nuela esan zidaten, baita 200 eta 3.000 euro arteko isuna jaso nezakeela ere”. Isunik gabe aurrera jarraitzen utzi zioten azkenean.

Ondoren, Motril inguruan zela, semaforoa laranjan jarri eta aurreko autoa azeleratzen ari zela ikusita, hondora sakatu zion Peasok ere azeleragailuari. “Ez dakit zergatik, baina sekulako balaztada eman zuen aurrekoak. Uste nuen autoa jango nuela”, ekarri du gogora. Hala ere, ez zuen aurreko ibilgailua ukitu ere egin: “Ez dakit txiripa den edo pilotuaren abilezia, baina kotxetik zentimetro gutxira geratu nintzen”.

10. etapa: Tarragona-Bartzelona, abuztuak 24 (4.021. km)

Tarragonako gasolindegi batean bi motorzale italiarrekin egin zuen topo: “Batek Sebastian zuen izena; besteak ez zidan esan”. Verona hiritik Malagaraino joan ziren motorrean biak, hiru eguneko ibilbidean, egunean 700 kilometro eginez. Ibilbidearen amaierara iritsiak ziren ia, eta Bartzelonatik ferry batean itzultzeko asmoa zuten Italiara. Peasok bere bidaiaren berri ematean, berekin eta motorrarekin argazkia atera nahi zutela esan zioten italiarrek. “Harro bezain pozik onartu nuen eskaera. Gaua hondartzetan pasatzen nuela esan nienean harrigarria iruditu zitzaien, beraiek lo hoteletan egiten zuten eta”.

Eneko Dorronsororen etxean egin zuen lo Peasok. “Lagun baten etxean egin behar nuen lo, baina bost egun lehenago oporretara joateko asmoa zuela esan zidan”. Zumaian zen Dorronsoro, baina bere aterpea utzi zion lagunari, bizilagunei atea irekitzeko eskatuta.

Dorronsororen gomendioei segika ikusi zuen hiria. Gracia auzoko jaiak amaitu berri ziren, ordea, eta itxita topatu zituen hiru taberna. Esker mezua hozkailuan itsatsita hartu zuen Cap de Creuserako bidea.