Gazteentzat sorturiko Gazte On programa aurkeztu dute

Baleike 2018ko abe. 15a, 07:53

2018ko udal aurrekontuen baitan udal gobernuak sortutako programa da, eta helburu du, besteak beste, gazteak herrigintzan aritzea. Gaur bertan, programako lehen ekintza egingo dute: Joxe Mari Korta poligono inguruak eta San Telmo ermita inguruak garbitu.

Ostiral goizean aurkeztu zuen Oier Korta alkateak gazteei zuzenduriko Gazte On izeneko programa berria. Zumaiako udal gobernuak 2018ko aurrekontuen baitan sortutako ekimena da, eta herrian dauden bi ikastetxeen, horien guraso elkarteen eta Udalaren arteko elkarlana du oinarria. “Gazteak erdigune hartuta, beraiek partaide diren programa bat bultzatu nahi genuen. Zumaian arlo askotako elkarteak ditugu eta ekimen ugari antolatzen dituzte. Etorkizunean ere horrela izan dadin, belaunaldi berriek erreleboa hartu behar dute; herrigintzan aritu behar dira, eta horretara bideratzea da gure asmoa”, kontatu du.

Programaren helburua zabala da, eta herrigintzaz eta partaidetzaz haratago, gazteen erronkak, aukerak, kezkak, zalantzak eta ardurak lantzeko gunea izan nahi du. “Beraien etorkizuna irudikatzen lagundu nahi dugu, eta hausnarketarako bidea izan”, jarraitu du alkateak. Ildo horretatik, ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa izango da programaren lehen geltokia. Hala, gaur bertan, eta auzolanean, Zumaiako bi ingurune garbituko dituzte. Alde batetik, Joxe Mari Korta poligono inguruan Urola ibaiaren ertzak, eta beste aldetik, San Telmo ermitatik hasita Algorrira arteko ibilbidea. “Ardantzabiden amaituko dugu, eta ondoren, mokadutxoa egingo dugu”, gaineratu du.

Goizeko 09:15ean abiatuko dira Oikia aldera, eta han, gutxi gorabehera, ordu eta erdiz garbiketa lanak egin ostean, Zumaiara itzuliko dira ekimenarekin jarraitzeko. Guztira, gaurko ekintzan, 30 bat gaztek hartuko dute parte.

Juan Luis Blancoren irudia

Gazte On programak bere logotipoa ere badu, eta atzo egindako prentsaurrekoan irudiaren aurkezpena ere egin zuten. Juan Luis Blanco diseinatzaile zumaiarrak sortu du irudia, eta kartelekin batera, gaur bolondresak izango diren gazteentzako kamisetak ere atera dituzte.