Zumaiako etxez etxeko langileak borrokan, lan baldintza duinen alde

Baleike 2018ko abe. 13a, 20:00

Udalarekin eta EULENekin -Zumaiako etxez etxeko zerbitzua kudeatzen duen enpresa- duela bi urtetik harremana duten arren, negoziazioak bolokeatuta jarraitzen duela salatu dute.

Hamabi langilek osatzen dute Zumaiako Udaleko etxez etzeko laguntza. Zerbitzu publiko bat eta herritarrentzat “ezinbestekoa” dena eskaintzen dutela uste dute langileek. Hala ere, duela lau urtetik soldatak izoztuta dituztela salatu dute: “Egoera prekarioan gaude. Udalak eta enpresak ez gaituzte haintzat hartzen”.

Soldaten igoera, baimenen eta lanaldien hobekuntza eta orduen erregulazioa ahalbidetuko duen hitzarmen propioa eskatu dute langileek. Udalera eta EULENera hainbat alditan jo arren, inolako erantzunik jaso ez dutela azaldu dute.

Udalak “erantzukizun politiko zuzena” duela uste du ELA sindikatuak. “Herri honetako etxez etxeko zerbitzua ez da urteetan lizitatu ez eta inbertsio ekonomikorik egin, eta guztiz onartezina iruditzen zaigu egoera hau”, gaineratu dute. Bestetik, egoerak langileen lan baldintzei eta zerbitzuen kalitateari zuzenean eragiten dietela iruditzen zaie sindikatuko kideei.

Langileen borroka “lanen prekarizazioari ezetz esate dion ongizate sistema baten aldekoa” ere badela gogoratu dute: “Emakumeen lana baloratzearen aldekoa, lanaldi partzialak ekidin eta etorkizunean pentsio duinak izatearen aldekoa, diskriminaziorik ez egotearen aldekoa, soldata arrakala amaitzearen aldekoa”.

Ardura politikoa eskatu diote udalari, Zumaiako etxez etxeko langileen baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren urratsak eman ditzan.