Algorriko labarrean egindako lanei bisita egin diete Aldundiko arduradunek

Baleike 2018ko abe. 13a, 14:48

Azken hilabeteotan Aldundiak San Telmo eta Algorri bitartean egindako lanak ezagutzera etorri dira Markel Olano diputatu nagusia, eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia sustapena, Landa ingurumena eta Lurralde oreka diputatua. Beraiekin izan da Oier Korta Zumaiako alkatea. Modu horretan zabaldutzat eman dute dibulgazio gune hau.

Zumaia eta Deba arteko kostaldea, eta bertan aurki daitekeen flyscha, geologian nazioarte mailako erreferente bihurtu dira, eta urteetan zehar mundu guztiko ikertzaileak etorri dira bertako labarretara arroka hauetan jasotzen den historia hori guztia ikuskatzera. Urtean 100.000 pertsona baino gehiagok zapaltzen dituzte San Telmotik Algorri puntaraino doazen bidexkak, aldundiko teknikariek azaldu dutenez. "Joan-etorri horiek inguruan higadura arazoak sortu dituzte. Gainera, ibilbide arriskutsua bilakatzen hasita zegoen", adierazi du Olanok. Segurtasun hori ondo bermatzea lortu dela azpimarratu du diputatu nagusiak. Horiez gain, ingurua ezagutarazteko hartu diren neurriak ere goraipatu ditu Olanok San Telmo ermitan egindako agerraldian. 

Eguraldi txarra dela medio, labarrean egindako lanak ikusteko egin beharreko irteera bertan behera geratu da, eta horren ordez Zelai talasoterapian eman dituzte azalpenak. Jon Zulaika teknikariak gogoratu du 2019ko otsailean beteko direla 10 urte ingurune hau guztia biotopo babestu bezala izendatu zutenetik. "Aztertu beharko dugu nola joan den. Lehen kritikak eta gero jende gehiago etorri da, eta ezagutza aldetik oso ezaguna egin da. Bai biotopo izateagatik, eta baita zinemagintzagatik. Printzipioz hori ez da txarra, baina masifikazio pertzepzio bat izan da".

Gogoratu du Zulaikak 100.000 pertsona baino gehiago pasatzen direla urtero labarretik. "Uda garaian, baina, bereziki, Aste Santuan". Horrek eragina izan duela azpimarratu du: "bidexka berriak sortuta, higadura arazoak daude, segurtasun falta edo zabor pilketa", laburbildu du. Egindako lanekin arazo horiei erantzuna eman nahi izan dietela ere azaldu du Zulaikak. 

Denboraren bidea

Naturaren babesa sustatzeaz gain, dibulgazioa bultzatu nahi izan dutela ere nabarmendu dute. Hala, Algorriko beheko partean ekipamendu didaktikoa jarri dute. "Horrekin lortu nahi dugu bisitariek beheko bidea hartzea bueltakoan", nabarmendu du Asier Hilariok, Euskal Kostako Geoparkeko zuzendari zientifikoak.

120 metroko biden 9 mugarri sartu dituztela adierazi du. "Orain 66 milioi urtetik, dinosauroen garaitik, gaur egunera arteko 9 mugarri aurkituko dituzte bisitariek, denborako distantzia proportzionalean", adierazi du Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. "Hala, jendea konturatuko da denbora geologikoa zer den. Esan daiteke ematen dugun pauso bakoitzeko 500.000 urte egiten dugula aurrera".