Zumaian jokatuko da Banakako Jai Alai World Tourra

Baleike 2018ko abe. 13a, 09:39
Aimar eta Arbe pilotarien arteko partidak inauguratuko du txapelketa.

Bi urteren ondoren, frontoi luzera itzuliko da Banakako txapelketa. Larunbatean jokatuko dira final laurdenetako bi partidak, finalerdiak abenduaren 21ean izango dira, eta finala, berriz, hilaren 28an. Goikoetxea eta Lopez dira taldeburuak.

Munduko Pilota Batzarrak atzo arratsaldean egin zuen Banakako Jai Alai World Tour jaialdiko aurkezpena Aitzuri frontoian. Bertan izan ziren Gaizka Muniategi Xistera Klubeko Elkarteko gerentea, Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidentea, Gotzon Enbil Zumaiako kirol zinegotzia, Kepa Arroitajauregi kirol zuzendaria eta Aimar eta Arbe pilotariak.

2007. urtean hasitako txapelketa hau lehendabiziko aldiz jokatuko da Zumaian. “Munduko Pilota Batzarretik oso pozik gaude hemen egoteaz. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu Gotzon Enbili eta Zumaiako herriari. Aurten, hemen emango diogu bukaera denboraldiari eta harro gaude orain arte egindako lanarekin. Denboraldia oso ondo doa, eta ongi amaitu nahi dugu. Datorren urteari begira ere, horrela mantentzeko nahia dugu, eta ahal bada, hobetu”, esan zuen Azkaratek.

Banakako txapelketa hiru egunetan jokatuko da, eta aurreko urteetatik alderatuta, frontoi luzean jokatuko da. “Azken bi urteetan Bilbon jokatu da, frontoi laburrean, eta beraz, edizio honetako aldaketa nagusia hori izango da”, kontatu zuen Arroitajauregik. Goikoetxea eta Lopez izango dira taldeburuak eta finalaurrekoetan hasiko dira lehiatzen. “Iaz Lopezek irabazi zuen, eta duela bi urte Goikoetxeak. Aurten, beraien herrian, batak zein besteak frontoi luzeko banakakoa jokatuko dute”, jarraitu zuen.

Larunbatean, abenduaren 15ean, hasiko da txapelketa Aitzurin, 19:00etan. Lehenengo final laurdena Aimarren eta Arberen artekoa izango da, eta bigarrena, berriz, Olharanen eta Olharen artekoa. “Aimar eta Arberen arteko partida irabazten duenak Goikoetxea izango du aurkari finalaurrekoetan, eta beste partidako irabazleak, aldiz, Lopez”. Finalaurrekoak abenduaren 21ean jokatuko dira, 19:00etan, eta finala berriz, hilaren 28an, ordu berean. “Ziur aski ordu erdi lehenago Zumaiako pilota eskolako haurren arteko partidak izango dira”, gogoratu zuen Arroitajauregik.

Gotzon Enbil kirol zinegotziak hain zuzen frontoiak Zumaian duen garrantzia nabarmendu zuen. “Orain dela bi urte inauguratu zen Aitzuri. Urte asko egon gara Zumaian frontoirik gabe, eta hau egin zenetik ematen du herriko elkartean ere ume eta gazte gehiago daudela, hau da, pilota indarra hartzen ari dela. Horrelako jaialdiek ere laguntzen dute indarberritzen, eta, gainera, umeek pilotari onak ikusteko aukera dute”. Bide batez Enbilek eskerrak eman zizkien Munduko Pilota Batzarrari eta zestako bi enpresei. “Guretzat, herrian bi pilotari esanguratsu izanda, oso garrantzitsua da horrelako txapelketa bat hemen jokatzea. Ea final zumaiar bat ikusteko aukera dugun”.

Sarrera guztiak 10 eurotan salduko dira. Final laurdenetakoak frontoiko leihatilan bakarrik egongo dira salgai, baina hurrengo bi jaialdietakoak aurretiaz erosi ahalko dira frontoiko tabernan eta egunean bertan leihatilan. “Txapelketa dotorea da eta pilotariak jokatzeko gogotsu daudela esan digute. Espero dugu ikusleak ere gozatzea”, amaitu zuen  Arroitajauregik.