Beñat Achiary eta Joseba Irazokik kontzertua emango dute elkarrekin ostiralean Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2018ko abe. 12a, 12:53

Giro onean doa aurrera Itziarko Auzo Udalak antolatutako udazken – neguko kultur egitaraua. Honela, kontzertu berezia iragarria da ostiralerako Burugorri aretoan. Bertan, Beñat Achiary eta Joseba Irazoki musikariek batera joko dute zuzenean. Bakoitza bere aldetik, sortzaile entzutetsuak dira bi musikariok, esperimentazioa oinarri hartuta herri musikaren berrikuntza landu izan dute. Elkarlan honetan saio “ezberdina eta transgresorea” omen dakarte Itziarrera. Emanaldia 22:00etan hasiko da.

Ibilbide luze eta du Beñat Achiary abeslari eta perkusiojotzailea baxenafarrak, Hegoaldean jende askorentzat ezezagun dirauen arren. Abangoardia eta musika proiektu berritzaileen sustatzaile eta aitzindaria da aspalditik. Disko ugari kaleratu ditu, bakarka zein taldean,eta artista askorekin lan egin du. Jazza, folk giroa, inprobisazioa, euskal kultura, poesia eta beste hainbat kontzeptu dira berak musika ulertzeko daukan moduaren ezaugarri.

Gitarrista polifazetikoa eta abeslaria da Joseba Irazoki berarra, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, rocka, psikodelia eta tresnen esperimentazioa hartzen ditu bere baitan, proposamen artistiko harrigarri eta sailkaezina osatuz. Folka, rocka, psikodelia eta tresnen esperimentazioan datza bere jardun sailkaezina. Atom Rhumba taldeko kidea da, eta besteak beste, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasekin jotzen du.

“Bas(h)oan” izeneko diskoa sortua dute elkarren artean, Julen Achiaryrekin batera, Iparrameriketako Robbie Basho (1940-1986) musikariaren lana eta pentsamendua eurenganatuz. Harrezkero, han-hemenka kontzertuak eman dituzte. Bide berriak proposatzen dituzte herri musikarentzat, ezohiko teknikak, afinazio irekiak eta eskala bereziak, mendebaldeko konposizioa eta bluesaren ukitua duten solasaldi musikatuak osatzeko. Musika, batez ere, komunikatzeko lenguaiatzat hartzen dute, unibertsala eta bateratzailea. Urteetan landutako ahotsaren espresibitateak, tarteka epikoa eta tarteka sentibera, kantu iradokitzaile bezain hunkigarriak argitzen ditu. Itxaro Borda idazlearenak dira kantu gehienen letrak.

Bost eurokoa da kontzertu sarrera, eta unean bertan jarriko dira txartelak salgai. Ekitaldi honek Burugorri Ostatuaren laguntza du.