ZIGeko ikasleek azoka jarri dute beraiek egindako produktuekin

Baleike 2018ko abe. 12a, 12:19

Institutuko sarreran Gabonetako azoka antolatu dute eta ikasturtea hasi zutenetik egindako produktu ezberdinak jarri dituzte salgai. Arrakasta handia izan dute, eta pozik agertu dira.

Zumaiako Institutuko Zereginen Ikaskuntzen Gelako ikasleek Gabonetako azoka berezia jarri dute gaur goizean institutuko sarreran. Miren Galfarsoro irakasleak kontatu duenez, “ikasleak pozik egiten dituzte eskulan horiek, eta gero, are eta gusturago saltzen dituzte azokan”.

Zenbaki zehatzik ez duten arren, gutxienez, Gabonetako azoka honen 14. edizioa da aurtengoa. Arrakasta handia du, eta urtero-urtero, ikasleen gurasoez gain, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Institutuko ikasle eta irakasleen bisita jasotzen dute. “Oier Korta alkatea eta Alex Oliden zinegotzia ere bertan izan dira”, kontatu du Galfarsorok.

Aurtengo azokak bi atal nagusi izan ditu: enkoadernazioa eta larrugintza. Lehenengoan koaderno handiak eta txikiak, egutegiak, kaxak, ipuinak eta koloreztatzeko liburuak saldu dituzte. Bigarrengoan, berriz, giltzatakoak, diru-zorroak, poltsak, belarritakoak, betaurrekoak gordetzeko zorroak… “Turroia ere saldu dugu, eta beste urtetan, baita xaboiak ere. Aurten, ordea, ez dugu denborarik izan”, esan du.

Ikasturte honetan ZIGeko gelan bost ikasle daude, eta beraiekin bi irakasle eta hezitzaile bat egoten dira. “Beraien gaitasunetara egokitzen gara, eta elkarlanari esker horrelako gauza politak ateratzen dira”.