Torreagan etxebizitzak egiteko hitzarmena sinatu dute gaur

Baleike 2018ko abe. 11a, 13:53

Torreaga enpresa zaharrak utzitako lekuan 250 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Etxebizitza horietatik 50 tasatuak izango dira eta beste 50 babestuak. Lanak hasteko bi urte baino gehiago pasako direla iragarri dute.

Udalbatzak iraileko plenoan onartu zuen hitzarmena eta jendaurrean egon beharreko epea pasa ondoren, ez da helegiterik jaso. “Lortu zen akordio berriak izaera sozialagoa eman dio proiektuari. Negoziaketa eta prozesu honek urtetan zehar izan duen balio ekonomikoa alde batera utzi eta herritarren behar eta eskaerei erantzuna ematera bideratu dugu”, azaldu du alkateak ohar baten bidez.

Esandako 250 etxebizitzez gain, 1500m2ko lokal bat ere eskuratuko du Udalak bertan, ibai ondoan, itsas kirol elkarteei zuzentzea aurreikusi duena.

Alkateak adierazi du eraikuntza prozesuak luze joko duela, aldez aurretik lan asko dagoelako egiteko: “Etxebizitza sustatzaileak bidalitako egutegiaren arabera, eraikitze lanak bi urte eta erdian hastea aurreikusita dago eta etxebizitza babestuena izango da eraikiko den lehen promozioa. Edonola ere, urrats garrantzitsua da gaurkoa, izan ere, gaur sinatzen dugun hitzarmenari esker, etxebizitza babestua eta tasatua berriz ere errealitate bat izango baitira Zumaian” amaitu du.