Gipuzkoako zesta punta txapelketako finalak jokatuko dira igandean Aitzurin

Baleike 2018ko abe. 11a, 08:26

Zumaiako Aitzuri pilotalekuak Gipuzkoako zesta punta txapelketako finalak hartuko ditu igande honetan. Lau partidaz osatuko da jaialdia, 16:30etik aurrera. 

Jokatutako lau mailetatik hirutan izango dira zumaiarrak lehian. Hauek izango dira jokatuko diren partidak: 

Kadete mailan: Zumaia 1 - Danok Bat 1
Jubenil mailan: Danok Bat 2 - Donostia Jai Alai 1
Nagusiak 2. maila: Zumaia 1 - Zumaia 2
Nagusiak 1. maila: Zumaia 1 - Zumaia 2

Zumaiarren aldetik honako pilotariek jokatuko dute: Luken Aizpurua eta Julen Cabanillas kadete mailan; Edu Agirre eta Cristian Saez, eta Kimetz Etxabe eta Gotzon Enbil nagusien 2. mailan; eta Cosme Agirre eta Unai Uranga nagusien 1. mailan. 

Goikoetxea Paueko finalera

Zesta puntarekin jarraituta, igandean jokatu ziren Paueko Cesta de Nadau txapelketako finalaurrekoak. Lehen partidan Iñaki Osa Goikoetxeak eta Jérôme Portetek bi setetan irabazi zioten Ludovic Laduchek eta David Minviellek osatutako bikoteari: 15-14 eta 15-5.

Bigarren finalaurrekoan Patxi Tambourindeguy eta Pierre Etcheverry, Jean Olharan eta Manex Urtasunen aurka neurtu ziren. Berdinketa hausteko set laburrera jo behar izan zuten, eta hemen Olharan eta Urtasun izan ziren nagusi: 15-14, 14-15 eta 4-5.

Finala ostiralean jokatuko da Paueko frontoian, 20:30etik aurrera.