Andereño Elbira, aro arteko atea

BERRIA / Arantxa Iraola 2018ko abe. 9a, 11:00
BY-NC 4.0 2015 / KUTXATEKA / MARIN / PASCUAL MARIN / EZEZAGUNA

1940ko hamarraldiaren hasieran hasi zen Elbira Zipitria euskarazko eskolak ematen, Donostian. Diktaduraren aurka abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak zedarritu zituzten erresistentzia eremuetako bat itxuratzen hasi zen, beste hainbat andre eta gizonekin batera. «Erreferentea» izan zen gerraostean ikastolak ontzeko abiatu zen bidean. Berriak argitaratu du Arantxa Iraola kazetariaren erreportaje zabala (Eduki osoa, Berrian).

Donostiako Parte Zaharrean, Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian, 2. solairuan, uharte izan zen Elbira Zipitria —ondoan izan zuen talde batekin batera— 40ko hamarralditik aurrera. Frankismoak erauzitako eremuetako bat biziberritu zuen: euskarazko irakaskuntzarena. Diktaduraren lehen urteak ziren, zinetan gordinak, baina Donostiako hainbat familiak halaxe eskatuta haien haurrei euskarazko eskolak ematen hasi zen. Sendi horietako asko «burgesiako»parte zirela azaldu izan dute ikertzaileek; gerra galdu zutenen aldekoak ziren denak, jeltzaleak gehienak. Haurrek 8-9 urte bete bitartean jarduten zuten harekin, legez kanpoko egoeran beti, talde txikietan. «Haren inguruan badira hainbat osagai miresgarriak erabat», azaldu du Jesus Mari Larrazabal EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia irakasle ohiak. Zipitria ez zuen ezagutu, baina, haren izena goraipatzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu zituen haren jaiotzaren mendeurrenean, 2006an. Orduantxe, halaber, Elbira Zipitria gogoan liburua argitaratu zuen, hari buruzko hainbat gogoetarekin. «Emakume saiatua zen, oso saiatua; ez zuen atzera jotzen. Egoera zailenetan ere, aurrera egiten zuen». Etxe baten abaroan egindako keinua izan zen harena, txikia, baina, orduko desertu hartan, nabarmengarria. Ikastolen loraldiaren atarian, 50eko eta 60ko hamarraldietan, «erreferentzia» izan zen hainbat andereño gazterentzat; trebatu ere egin zituen asko. Aurki, hala ere, atzeratuta geratu zen haren izena: bakartuta. «Euskaldun fededun eredu horren adierazpen argi bat zen», azaldu du Larrazabalek: itzaltzen hasia zen mundu baten eredua. 1960ko hamarraldian Euskal Herrira heldu ziren ideia berriak uholde baten gisan sartu ziren, gogo txarrez hartu zituen gehienak —euskara batuaren kontra, esate baterako, suhar aritu zen—, eta aro berrietara moldatu ezinik geratu zen andereño Elbira. Halaxe esaten diote oraindik ere haren ikasle izandako hainbatek. Nahigabez kontatzen dituzte gehienek azken urteetan izan zituen bizipen asko. 1982. urtean hil zen, Donostian.

40ko hamarraldiko irakasle ibilbidea hasi zuenerako, emakume aski ezaguna zen Elbira Zipitria Donostiako gune abertzaleetan. Zumaiakoa (Gipuzkoa) zen sortzez, 1906koa. Baina neska gaztea zenetik bizi izan zen Gipuzkoako hiriburuan, eta euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna bizi ikusi zituen gaztetan: loratuta. 1922an, esaterako, EAB Emakume Abertzale Batza eratu zen, andrazko abertzaleen mugimendu indartsua; bertako kide ezaguna izan zen. Maistra ikasketak amaituta ere, giro horrexetan aritu zen: hain justu, 1926an irakasle hasi zen Migel Muñoa ongileak hirian abian jarria zuen ikastetxean; euskaraz ziharduen zentro bat zen, 1914tik martxan zegoena. Giro hartan ondu ziren Zipitria gaztearen izaera eta pentsaera.

Ez da «mitoak» eraiki zalea Idoia Fernandez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Ikastolen historia 1960-1975 tesiaren egilea. Ulertzen du, hala ere, Zipitriak 40ko hamarraldian egin zuen lanari erreparatuta aurki agertzen dela galdera, miresmenezkoa: «Hau zelan da posible?». Baina hori ulertzeko gerra aurreko bidea aintzat hartu behar dela argudiatzen du; handik baitzetorren sua. 1918an Eusko Ikaskuntzak Oñatin (Gipuzkoa) egindako biltzarrean euskal irakaskuntza aldarrikatu zuen; hain justu, data hori «mugarri» gisara hartu behar dela uste du.

Aurreko bidea

«Hasi zen euskal hezkuntzari buruzko kezka hezurmamitzen. Eta gauzatzen dira zenbait eskola esperientzia praktikan», azaldu du Fernandezek. Horra lehen etsenplua: «Izan zen Bizkaiko auzo eskolena; eredu linguistikoak agertu ziren lehenbizikoz. Euskal hiztunak zeuden tokietan euskaraz irakasteko hautua egiten zen. Auzo galduetan zeuden eskolak ziren; horietan egin zen lan bat, eta euskal maistrak sartu ziren lanean». Bigarren adibidea, hara: «Eusko Ikastola Batza. 1931n sortutako mugimendu baten ondorioa izan zen, euskal eskola propioak sortzeko; ikastola batza deitzen da, eta ikastola izena hortik zabaltzen da. Auzo eskolena baino fenomeno txikiagoa da kopuruz, baina euskal eskolaren ideia erdiesteko oso inportantea». Esan du ernaltzen ari zen mugimendu haren hirugarren zutoina Donostian zegoela, Zipitriak lantoki izan zuen eskola hartan bertan: «Muñoaren eskolan». Abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren itzalean egituratzen ari zen mugimendu hartan, beraz, lehen lerroan egon zen Zipitria, beste askoren ondoan. Ingurumari hori guztia ulertzeko «geruza» ezinbestekoa iruditzen zaio Fernandezi EAB ere. «Emakume Abertzale Batza izan zen mugimendu bat neurriz oso handia izatera iritsi zena; 25.000 emakume bazkide eduki zituen Errepublika garaian. Elkarte horren ideologian propio agertzen dira euskararen transmisioa eta neska-mutilen heziketa; horri buruzko kezka handia dago. Izan zen oso mugimendu interesgarria; gero gertatu diren gauza askoren gakoak hor zeuden». Ereinda. «Zipitria ingurumari horretako alaba da».

EHUko irakasle Iratxe Retolazak ere aztertua du aldi hura. «Aldaketa handi bat izan zen, adibidez, emakumeen alfabetatzea; hezkuntzan ere sartuko da emakumea». Hain justu, indarra hartzen du «maistren» figurak. Eta emakume soslai hori nagusitu zen Emakume Abertzale Batzan: «Bertan aritu ziren andre askok maistra ikasketak zituzten». Andrazko horiek hiru eremu aldarrikatu zituzten, bereziki, garai hartako balioen erakusgarri: «Euskalduntasuna, abertzaletasuna eta katolizismoa: erlijioa». Horiek zabaltzeko asmoz, emakumeek «jauzi» egin zuten espazio publikora. Irudia bera berria zen, eta iradokitzailea: andrazkoak plazan, milaka lagunen aurrean, hizlari suhar. Zipitria bera mitinlari ezaguna izan zen. Mezuek, berriz, ahots ozenez esanak izan arren, emakume otzanari egiten zioten dei maiz: «'Etxean geratu', esaten zioten: 'Zaintza lanak egin: ama izan'. Tentsio horretan garatu zen Emakume Abertzale Batza. Baina plaza hartu zuten». Are gehiago, andre horien zenbait ekarpen «feminismoarekin» ere bateragarriak zirela azaldu du Retolazak: «Pixkanaka, konkistatu egin zituzten espazioak».

Gerrak erauzi egin zuen hori guztia, baina eutsi egin zioten hainbat andrek, eta horien artean nabarmendu egin behar da Zipitria. «Transmisio horren gordailurako oso garrantzitsua izan zen», onartu du Retolazak. Tirriki-tarraka, jarduna ia eten ez zuen bakanetakoa izan zen. 1936. urtean ihes egin zuen Donostiatik, eta Saran (Lapurdi) egon zen; abertzale ezagun asko izan zituen ondoan, eta han ere martxan ibili zen; esaterako, Antonio Maria Labaien han zen familiarekin, eta haren semeei —Ramon eta Matxin— eskolak eman zizkien.

1942an martxan zen

Ez dago argi 1939an edo 1941ean itzuli zen, baina 1942an ja Donostian finkatuta zegoen, eta eskolak ematen ari zen; ikasleen etxeetan aurrena. 1946an, bere etxea bihurtu zuen eskola. Etxe-eskola deiturikoetan lehena izan zen. Eta segida izan zuen; hainbat ikertzaileren arabera, 1959an era horretako hamazazpi eskola zenbatu zitezkeen Donostian. Gehienak Zipitriak trebatutako andereñoek martxan jarritakoak ziren. Gurasoek pagatzen zuten dena. Eta «klandestinoak» ziren. Ikasle izandakoek kontatzen dutenez, ondo irakatsita eduki ohi zituzten, zer gerta ere; inork deus galdetuta, «eskola partikularrak» hartzera zihoazela esan behar zuten. Haur bakoitzeko kobratzen zuenaz lortzen zuen bizibidea Zipitriak. Irakaskuntzara guztiz emana bizi zen.

Sare bat bazuen inguruan. Ikasle kopurua handitu ahala, esaterako, txikienak beste bi andereñoren esku uzten hasi zen: Itziar Arzelusekin eta Faustina Carrilekin egoten ziren. Felitxu Erasunek, berriz, frantsesa irakasten zien: frantsesetik euskarara.Uharte bat eratu zuten; diktadurak bere-berea zuen eremu batetik apartekoa. «Maistra errepublikano denak izan ziren kargugabetuak, desterratuak, zigortuak. Francok oso ondo ziurtatu zuen maistra horiek ez zirela bueltatuko inola ere maistra postura», gogora ekarri du Fernandezek. Horregatik da garrantzitsua andereño Elbira. «Ez da pertsona baten lana. Baina, une batean, Zipitriaren bidez konektatu ziren errealitate horiek [gerra aurrekoa, eta gerraostekoa]. Egongo ziren beste batzuk, baina hori bihurtu da ikurra: zegoen tokian zegoelako». Aldaketa gose zen «harreman ehundura» batean nor izan zen. Lotura izan zuen, gainera, orduko euskal kulturako jende ezagunarekin: Nikolas Ormaetxe Orixe, Joxemiel Barandiaran eta Telesforo Monzonekin, esaterako. Larrazabal: «Euskaltzale ikaragarria izan zen».

Ikastolak hazi ahala, horiek legeztatzeko bideak hasi ziren 60ko urteetan, eta, Zipitriaren abarotik kanpo ere, andereñoak trebatzen hasi ziren. «Andereñoen Erresidentzia ere sortu zen Donostian. Hor egin zen ahaleginik handiena eta antolatuena andereñoak prestatzeko», nabarmendu du Fernandezek. Euskara batuaren aldeko hautua ere gailentzen hasi zen. «Harentzat mundu berri hori izugarrizko trauma da», onartu du Retolazak. Mundu horren hatsa, gainera, hein batean, haren ikasle izandakoak izan ziren: 60ko hamarraldiko gazteak. «Zipitriak ekarri zituen gerra aurreko mugimendua eta filosofia; jakina, atzetik zetozenek egin zuten horiek egokitu». Retolazak argi du ezin zela beste era batean izan: «Piztu zituen su batzuk, jakin gabe su horiek pizten ari zela. Baina su horiek egosi zuten beste errealitate berri bat, testuinguru sozial-politikoa aldatzen ari zelako. Ez zuen ikusi hori dela hezkuntzaren alderik ederrena».