"Hutsa litzateke gaur landu eta biharko balio ez duen memoria"

BERRIA / Maider Galardi F. Agirre 2018ko abe. 9a, 21:02
Argazkia: Berria

Gazte independentisten aurkako azken 40 urteetako jazarpena aztertuko dute Ernaik eta Aitzinak 'Lehen pertsonan eta pluralean' mintegian. Altunak, iraganari bainoago, geroari begiratzeko beharraz ohartarazi du. Maider Galardi F. Agirre BERRIAko  kazetariak elkarrizketatu du (eduki osoa, Berrian).

Ezker Abertzaleko gazte mugimendua sortu zela 40 urte beteko dira 2019an, eta, urteotako bizipenak jasotzeko, Bulkada berrien garaia da dinamika jarri dute martxan Ernaik eta Aitzinak. Ohartu dira lau berrogei urteotan eragin handia izan duela errepresioak, eta, hain justu, hori landuko dute bihartik ostegunera antolatutako Lehen pertsonan eta pluralean jardunaldietan. Maddi Altuna Galfarsoro aritu da koordinazio lanetan (1992, Zumaia, Gipuzkoa).

Bulkada berrien garaia da dinamikaren barruan antolatu duzue memoriaren astea. Zertarako?
Dinamika osoa izan da memoria ariketa handi bat eta belaunaldi diferenteen arteko elkarrizketa erraldoi bat. 40 urteetako borrokaz hitz egiten ari dira hainbat herritan, eta mahai gainean jarri dituzte iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaidak. Gogoeta horietan ezinbestean dute lekua errepresioak eta jazarpen politikoak. Ikusi dugu horrek sekulako eragina izan duela 40 urteko ibilbidean, eta ezinbestean heldu diogu gaiari. Helburua da lehen pertsonan eta pluralean kontatzea, eta baita ulertzea ere Espainiako Estatuak disidentzien kontra eta gazte independentisten aurka erabiltzen duen jazarpen politikoa.

«Bizi izandakoak, eta oraindik bizi ditugunak», esan duzu. Eten bat egon da errepresioak izandako eraginaren transmisioan?
Memoriaren denboren kontua oso garrantzitsua da. Esperientzia bat bizi izan zutenentzat hori mugarri zentrala izan daiteke beren bizitzan, baina badaude iraganeko esperientzia hori propio bizi izan ez dutenak. Hor badago desoreka bat zuzeneko esperientzia bizi izan ez dutenekin, badirudi beste kategoria batean daudela. Horiek jaso dutena da beste belaunaldi batzuk kontatu dietena edo kontatu ez dietena. Hala ere, guk uste dugu garai batean bizitako errepresio horrek baduela eragina gaur egungo gazteen esperientzietan. Memoriak bata besteari lotzen zaizkio; hargatik, garrantzia ematen diogu 40 urte hauetako historiari, baina baita egungo gazteriaren bizipenei ere.

Zeuen burua «subjektu aktibo gisa» jarri nahi duzue. Horrek esan nahi du gazte mugimendu independentistak oraindik kriminalizatuta segitzen duela?
Estatuak, oro har, beldurra eta kontrol hori erabiltzen ditu, are gehiago disidentzia politikoaren aurka. Batzuetan, betetzen ditu mehatxu horiek, eta, beste batzuetan, ez, baita intentsitatez handituz eta txikituz ere. Ikusi dugu sarekada mediatikoak oso agerikoak direla, eta kolektiboki dutela eragina. Aldiz, errepresioa askoz indibidualagoa da orain: mozal legea dela, isunak direla... Halere, hor badago jazarpena. Horrek ez du esan nahi guk geuk beldur hori hauspotu nahi dugunik. Aitzitik, horren berri eman, eta kolektiboki landu nahi dugu, aurre egiteko estrategiak sortzeko.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.