Abenduko plenora arte pintadarik borratuko ez duela iragarri du udal gobernuak

Baleike 2018ko abe. 7a, 14:42
Argazkia: Ernai Zumaia

Herria pintadez margotuta esnatu zen atzo, Espainiako konstituzioaren egunean. Aurrekoetan ez bezala, baina, Udalak ez du pintada horiek ezabatzeko agindurik eman.

Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, Kalea Guztiona Dako kide batek mozio bat aurkeztu zuen abenduaren 3an Zumaiako udal erregistroan. Alde batetik, beti ere Udalaren esanetan, pintaden eta pankarten gaia parte hartzeko prozesu baten bidez erabakitzea eskatzen dute. Bestetik, erabaki hori hartu bitartean, orain arte agintaldi honetan udal gobernuak izan duen pintadak ezabatzeko eta pankartak kentzeko dinamika bertan behera uztea eskatzen du.

Mozio hori abenduko plenoan aztertuko dutela iragarri du Udalak. Bitartean udal gobernuak erabaki du udalbatzaren erabakiari itxarotea inongo neurririk hartu gabe. “Udalbatzak mozio honen inguruan zer erabakitzen duen ikusi bitartean, beraz, ez da pintadarik ezabatuko. Paneletatik kanpo jartzen diren kartelekin ere berdin egingo du Udalak, udalbatzak erabaki bitarte ez dira kenduko”.

Pankarten kasua desberdina izango dela dio udal gobernuak. “Jartzen diren pankartek maiz arriskua eragiten dute eta gure herrian izan da pankartek eragindako istripu larririk ere. Edonon eta edonola jartzen dira, erori eta norbait zauritzeko moduan, kasu batzuetan baita gas hoditeriari edo argindar kableei lotuta ere. Beraz, herritarren segurtasuna bermatzea nire ardura izanik, arriskua eragiten duten elementuak kentzera behartuta nago. Kasu honetan ez gara ari herri eredu batez soilik, herritarren segurtasunaz ari gara. Horri gehitu behar diogu, gainera, pankarta batek baino gehiagok ibaietan eta itsasoan amaitzen dutela eta horiek plastikoz zikintzea ezin litekeela onartu”, adierazi du Oier Korta alkateak.

“Beraz, hilabete honetako plenoan udalbatzak zer erabakitzen duen ikusi ondoren hartuko dira hartu beharreko neurriak”, dio oharrak.