Lidia Hernandez eta Yoana Azpitarte: "Sexuaren inguruan hitz egiten da bai, baina ezagutza beste kontu bat da"

Baleike 2018ko abe. 4a, 19:09
Argazkia: Lidia Hernandez eta Yoana Azpitarte Brankako egoitzan.

Irailetik hasita, Donostiako Daiteke gizarte aholkularitzak eskaintzen du sexu aholkularitza zerbitzua Brankako egoitzan. Hileko laugarren ostegunetan izaten da aurrez aurreko zerbitzua, baina telefonoz edo emailez ere jarri daiteke harremanetan. Abenduan, Gabonak direla eta, aldaketa txiki bat egin dute, eta hala, hilaren 20an egongo da zerbitzua ohiko ordutegian, 18:00etatik 20:00etara.

Daiteke gizarte aholkularitzak bi alor nagusi hartzen ditu bere baitan. Alde batetik,  laborala, eta beste aldetik berdintasuna. Yoana Azpitarte, aholkusexeko arduradunarekin, eta Lidia Hernandez, hezkidetza programako arduradunarekin hitz egin dugu Zumaian ematen den zerbitzuaren inguruan.

Hezkidetza proiektuaren barnean sartzen da aholkusex zerbitzua. Horrez gain, ikastetxeetan ere lanketak egiten dituzue, ezta?

Lidia: Hori da. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte tailerrak egiten ditugu. Gai ezberdinak jorratzen dira horietan: baloreak, hezkuntza afektibo sexuala, tratu onak... Baina, gure ustez, hezkuntza komunitatea ez dute soilik ikasleek osatzen, beraz, irakasleekin eta familiekin ere egiten ditugu lanketak. Ikastetxeek beraiek izaten dituzte hezkidetza proiektu propioak, eta guk horiek elikatzen ditugu.

Zer eskaintzen du sexu aholkularitza zerbitzuak?

Yoana: Aholkusexen lantzen duguna da sexualitatearen, erotikaren eta harremanen inguruan sor daitezkeen interesak, zailtasunak, zalantzak eta kezkak. Doako zerbitzu bat da, konfidentziala, eta pertsona guztientzat dago zuzenduta. Hau da, gazteek, helduek eta adinekoek ahal dute etorri.

Zein dira lantzen diren gaiak?

Yoana: Identitatea, orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, komunikazioa, ligatzea, intimitatea, zeloak, sexu grina, zailtasun sexualak... Aholkusex zerbitzua hileko laugarren ostegunetan izaten dugu Zumaiako Brankan, 18:00etatik 20:00etara. Arreta hiru modalitatetan izan daiteke: emailez, telefonoz eta baita aurrez aurre, noski. Zerbitzua malgua da.

Saioak indibidualak izan ohi dira?

Yoana: Bakarka ahal da etorri, baina baita bikoteka ere. Gaztetxoetan adibidez ikusi dugu taldeka etortzeko ohitura ere badutela.

Saio batera joaten denak jarraipena izaten du?

Yoana: Beharraren arabera. Batzuetan saio batekin nahikoa izaten da, eta beste batzuetan berriz, jarraipen bat behar izaten du. Pertsona bakoitzak kezka eta zalantza ezberdinak ditu, beraz, bere beharretara moldatzen gara.

Zuen esperientziari erreparatuz, zein dira zerbitzu honetara etortzen diren pertsonen ohiko galderak?

Yoana: Gazteek normalean hasierako harremanen inguruko zalantzak izaten dituzte. Masturbazioaren eta pilularen inguruko zalantzak, kondoia nola jartzen den... Helduek, berriz, sexu harremanak edukitzerakoan izaten dituzten arazoak kontatzen dituzte. Gizonen kasuan erekzio falta, emakumeek, berriz, sexu grinaren beherakada... Gehienetan komunikazio falta izaten da arazo nagusia.

Sexuak gai tabua izaten jarraitzen du?

Lidia: Kontraesan asko daude sexuaren inguruan. Alde batetik ematen du oso aurreratuak gaudela gaian, baina gero ez da horrela. Gaur egun haur eta nerabeak oso gizarte sexualean bizi dira, baina sexuaren inguruan galdetzen bazaie, beldur asko dituzte eta desinformazio handia dute.

Zein da arazoa?

Yoana: Gizartean eredu oso hetero normatiboa dago onartuta, eta eredu horrek ezartzen dituen pautak betetzen ez dituztenak pentsatzen dute arazo bat dutela. Horrek frustrazioak ekartzen ditu kasu askotan. Beraz, sexuaren inguruan hitz egiten da bai, baina ezagutza beste kontu bat da.

Presio soziala ere hor dago, ezta?

Yoana: Noski. Emakumeen kasuan adibidez, liberalak izan behar gara, praktika sexualak izan behar ditugu, orgasmoak... Sexualitatea ikuspegi maskulinotik ikusten da eta horrek arazoak ekartzen ditu emakume batzuei.

Non dago irtenbidea?

Lidia: Ni benetan baikorra naiz. Gaur egungo gazte batzuek diskurtso landuak dituzte esaterako feminismoaren inguruan. Internetik gauza txarrak ditu, baina onak ere bai eta informazioa badago. Herrietan talde feministak daude, emakumeen etxeak, sexu aholkularitzak... Gure garaian ez zegoen horrelakorik. Orain, baliabideak daude eta horiek aprobetxatzen dituzten jendea dago.

Zein da sexu aholkularitzaren helburua?

Yoana: Gure asmoa da ideia eta kontzeptuak lantzea. Ondorioz, sexuaren inguruko informazioa jasota, norbanakoak bere burua hobeto ezagutu eta ulertzeko gai izango da. Azkenean heziketan dago oinarria eta gakoa.