GUTUNA: Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da

Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela-eta. Baina itsasoan amaitu duten hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik joan da eta hori oso gutxitan aipatzen da, aipatuta ere ez da zehazten. Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.

Hemengo hedabideek ez digute horretarako aukera gehiegi ematen. Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela. Hori izan behar luke hedabideen lana. Baina ordea, esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela. Horrek ez du batere laguntzen, askoz gutxiago Indiaz hitz egiten digutenean. Bertoko erakundeek ere gaitz honen aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen. Ez gaituzte hezten.

Zenbat ubide, erreka, ibai eta haien ertzak ikusten ditudan, plastiko zuri eta beltzez edo beste motako hondakinez josita. Zenbat aldiz gelditzen naiz Urola ibaiari begira eta zenbat aldiz ikusten ditut plastikoak eta beste motako hondakinak bere bidea hartuta, itsasorantz txalupa bezala doazela. Holako irudiak parean izatean garbi gelditzen zaio bati ez herritarrek eta ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzia ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula. Baina sinetsita nago, ingurua eta ibaiak holaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera, horregatik ezin naiz isilik geratu.

Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibili, eta aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea, harreman zuzena baitauka han gertatzen denarekin. Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik. Hor dago gakoa: kudeaketa arazoa baten aurrean gaude.

Ubideak, errekak, ibaiak… itsasoaren zainak dira eta hemen gertatzen dena gero itsasoan islatzen da. Berriro errepikatuko dut: itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da.

Zalantzarik ez dut beste kontzientzia maila batera igo behar dugula. Lasai oso ikusten ditugu gure ibaiak zikinduta, bi edo hiru urtean behin garbiketa egin eta ehunka kilo ateratzen ditugunez. Hondakinak eta zaborrak ez daude gure zain, uraren menpe baizik, ehunka kilo ateratzen badugu milaka itsasoratzen dira urak eramanda.

Barneratu behar dugu hondakinek ibaian amaitzea arazo bat dela eta ingurumenari kalte handiak sortzen dizkiogula. 

Udalek eta foru aldundiek sentsibilizazio kanpainak eta neurriak abian jarrita, eta horiek denboran mantenduta, aldaketa handia ekar dezakete. Beraien eskuan dago eta beraien betebeharra da. Dena daukagu irabazteko, keinu txikiekin handiak izan daitezke lorpenak.

Beraz, badakigu arazoa non hasten den, hondakinak ibaira eta itsasora nola ailegatzen diren ere bai… orduan bide gehiena eginda daukagu. Benetan itsasoren egoerak mintzen bagaitu eta hortik iristen zaizkigun irudiak aldatzea nahi badugu, eman dezagun urrats bat aurrera. Has gaitezen itzultzen ibaiari kendutako eskubideak.

Gorka Alberdi Gómez