Surfaren oasietatik bueltan

Baleike 2018ko abe. 4a, 14:33

Ikus-entzunezko bat osatzeko Artikoko olatuak surfeatu ondoren, Marokoko eta Sahara mendebaldeko basamortuko kosta jarri zuen jo puntuan Pablo Bordas bilbotarrak. Lagun argazkilari  batekin eta kamerari batekin garatu zuen plana, eta Vicente Romero eta Josu Alcantara surflariekin osatu zuten taldea.

“Nire lagun batzuen lagunak dira. Ez dakit nolatan, baina beraiekin joateko deitu zidaten”, dio Alcantarak. Bidaiaren gaineko xehetasun guztiak eman zizkioten, eta bi aldiz pentsatu gabe eman zuen baiezkoa zumaiarrak. Bidaian hartutako irudiekin osatuko zuten ikus-entzunezkoaren dossierra osatzea, bidaia finantzatzeko markekin harremana egitea eta materiala lortzea izango ziren hurrengo hilabeteetako lanak. 

Yamaha markak utzi zizkien bi motor. Bilbon jaso zuen Alcantarak Romero, eta Madrildik hartu zuten Marrakecherako hegaldia. Bertan elkartu ziren argazkilariarekin eta motorrak eraman behar zituenarekin: “Dronak zeramatzaten, eta hegazkinean sartu ezin direnez, kotxean egin behar izan zuten bidaia”.

Bi taxi gidariri alokatu zizkieten Land Rover kotxeak, Atlas mendilerroan. “Goraino igo eta etxean hartu gintuzten. Harrera bikaina egin ziguten, baina asko harritu ninduen kontu batek: emazteak ezkutuan izan zituzten gu bertan izan ginen denbora guztian”, dio Alcantarak.

Bidaia baino lehenago, gutxigora behera zehaztu zituzten egin beharreko geldialdiak. Agadir ingurutik hegoalderantz abiatu ziren lehenengo egunetan. Erosotasunetik irtenda, abentura bat abiatzea zuten helburu: “Eremu turistikoa da Agadir. Hegoalderantz abiatu ginen, eta lehenengo gaua Agadiretik 400 kilometrora egin genuen”. Surf egiten igaro zituzten hurrengo egunak. Hiru edo lau orduz gidatzen zuten egunero, Sahara mendebaldeko kostarantz. “Errepideak txarrak ziren, estuak, zuloak zituen, hondarra sartzen zen… Motel joan behar izaten genuen. Sahara mendebaldeko kanpamentuetara eramateko jakiz eta urez betetako kamioiak pasatzen ziren uneoro”, gogoratu du Alcantarak.

Herri batetik bestera 200 kilometroko distantzia zegoenez, basamortura iristean, bi gau igarotzen hasi ziren geldialdi bakoitzean. “Erokeria hutsa izan zen. Surfeko oholak, kamerak, dronak, kotxeen atzetik zihoazen bi motorrak… uretara sartu behar genuen bakoitzean desmuntatu behar izaten genuen guztia”.

“Erokeria hutsa izan zen. Surfeko oholak, kamerak, dronak, kotxeen atzetik zihoazen bi motorrak… uretara sartu behar genuen bakoitzean desmuntatu behar izaten genuen guztia”

Bi edo hiru hilabete guztia prestatzen egon ondoren, gau hartan hasi zen gozatzen zumaiarra: “Nire kanpin dendan bakarrik nengoen, kanpin denda zabaldu eta itsasoa ikusten nuen… Orduan hasi nintzen gozatzen, orduan sinetsi nuen han nengoela”.

Nolanahi ere, ez zen guztia espero bezala atera. Kotxe bat apurtu zitzaien gauez gidatzen ari zirela: “Etxera itzuli beharko genuela pentsatu nuen une batez”. Urduri jarri beharrean, bertan lo egin eta lasai hartzea erabaki zuten. Herri txiki batean izan ziren aurreko egunean, eguneko arraina parrillan egiten zuten, eta bertakoekin harremana egin zuten. Haiei deitzea okurritu zitzaien: “100 kilometrora geunden ordurako, baina guregana etorri eta kotxea konpontzen lagundu ziguten”. Herri hartako mekanikoak lagundu zien. Guztia kotxe batean sartu eta bidaiarekin aurrera egitea erabaki zuten, urteko azken egunean, beste kotxea bertan utzita.

“Abandonatutako barku baten ondoan olatuak zeudela ikusi nuen lehenago. Dokumentala grabatzeko leku aproposa zela pentsatu genuen”

Sahara mendebaldeko Tarfaya herrira jo zuten orduan. “Abandonatutako barku baten ondoan olatuak zeudela ikusi nuen lehenago. Dokumentala grabatzeko leku aproposa zela pentsatu genuen”. Bidean, militarren postuekin egiten zuten topo bost kilometroan behin. Lotara zihoazela, bi irudi ikusi zituzten gerturatzen. “Hasieran larritu egin ziren, eta bertan lorik egin ezin genuela esan ziguten. Hamar kilometro beherantz jarraitu zuten, eta beste militar postu bat zegoela ikusi zuten. Azkenean han geratzen utzi zieten. “Urteko azken eguna zela esan genion militarrari, sua egin nahi genuela, lasai afaldu, eta zalaparta pixka bat egingo genuela abisatu genien. Han publikoan edaten ez dute edaten, baina bi alkohol botila genituen, eta militarrak aukera aprobetxatu zuen gurekin egon eta trago bat hartzeko”. Gordeta zuten urdaiazpiko zatitxo bat eta yatecomo bat, horixe izan zen urte zaharreko afaria.

Ezustekoa jaso zuten hurrengo egunean olaturik ez zegoela ikusita. Tarfayaren parean daude Kanariar Uharteak, eta horiek olatuak gelditzen dituztela ohartu ziren. Hegoaldera egin zuten berriz ere: “Google Maps aplikazioan antzematen dira olatuak. Hor begiratzen genuen nora jo erabakitzeko”. Basamortuko errepidetik irten behar izan zuten kostara joateko. “Beldur nintzen ea trabatuta geratuko ginen”, gogoratu du Alcantarak. Txabola batzuk ikusi zituzten kostara iristen ari zirela: “Lau plastikoz eginiko etxetxoak ziren. Baldintza oso gogorretan bizi dira”. Berriz ere olaturik ez zegoela ohartu ziren. Bi aldiz aritu ziren surfean ordura arte; gehiago ez arriskatzea erabaki zuten, eta iparraldera jo zuten. 

“Hondarrezko zabalgune erraldoi bat genuen parez pare. Motorrak hartu genituen, eta basamortuko hondarraren gainean ibili ginen txandaka. Bidaia gogorra izan zen, eta barruan nuen guztia bota nuen une hartan”

“Hondarrezko zabalgune erraldoi bat genuen parez pare. Motorrak hartu genituen, eta basamortuko hondarraren gainean ibili ginen txandaka. Bidaia gogorra izan zen, eta barruan nuen guztia bota nuen une hartan”, dio Alcantarak. Iparralderako bidea hartu zuten berriz ere, eta bi gau igaro zituzten Tarfaya inguruan. Bi egunez surf egiten aritu ziren han, baina zailtasunak izan zituzten horretarako. Militarrek kosta babestua zegoela azaldu zieten, eta soilik ordu erdiko baimena eman zieten uretara sartzeko. 

 

Apurtu zitzaien ibilgailua jaso ondoren jo zuten Atlasera berriz ere, taxi gidariengana. Madrilerako hegaldia hartu zuen ondoren Alcantarak, baina uste baino beranduago iritsi zen Zumaiara: “Izugarrizko elurtea izan zen, eta hotel batean geratu nintzen lotan”. 

Madrileko Surf Flim Festival-en aurtengo edizioan aurkeztu dute ikus-entzunezkoaren emaitza. Uztailaren hasieran Bartzelonan izan ziren, eta amaieran, Portugalgo Ericeira herrian. Europako zazpi hiritan aurkeztuko dute, besteak beste, Berlinen. Aurkezpen bira amaitzean zintzilikatuko dute dokumentala sarean.