Goiz Eder Iturain: "Beti izan naiz lotsatia, baina oholtza gainean beste pertsona bat bihurtzen zara"

Baleike 2018ko abe. 3a, 09:37

45 urteko zumaiarra. Irakaslea da Zumaiako Herri Eskolan, baina aktuazioa du bere pasio handia. Azken hilabeteotan Iruñean saritu dute idatzi duen antzezlan batengatik, eta, horrez gain, antzezlan eta film labur banatan izan da aktore. Elkarrizketa hau azaroko Baleike aldizkarian argitaratu genuen.

Irakaslea zara, baina aktuazioa duzu pasioa.

Beti izan dut borroka hori. Irakasle ikasketak egin nituen, baita antzerkia ere. Irakasle hasi nintzen lanean. Lan egin nahi nuen, baina, aldi berean, ez nuen irakasle bezala lan egin nahi, beste mundua ixten zidalako. Psikopedagogia amaitu nuen eta doktoretza egiten hasi nintzen: Antzerkiaren erreminta hezkuntzan. Egia da irakaskuntzan erreminta handia dela, baina ez da erabiltzen. Baina ni egoten naizen tokian antzerkia sartzen saiatzen naiz.

Eskolan ere askotan aktore lanak egin beharko dituzu.

Bai, baita bizitzan ere. Dena da antzerkia. 

Nondik datorkizu pasio hori?

Betidanik gustatu zait. Txiki-txikia nintzenetik gustatu zait aktuatzea, abestea... Beti izan naiz lotsatia, baina oholtza gainean beste pertsona bat bihurtzen zara; kareta jarrita pertsonaia bihurtzen zara. Uste dut horrek erakarri ninduela.

Lotsatia zara, baina aktoreek, batzuetan, barrena hustu behar izaten dute.

Barrenetik ateratzen zaizu, baina ez zara zu. Daukazuna ateratzen duzu, baina kareta bat erabilita.

Aktuaziotik zerk erakartzen zaitu?

Azkenaldian kaleko antzerki asko egin dut, eta jendeak ematen dizun kariñoa eta onespenak, agian. Izugarria da. 

Kaleko antzerkietan ikusi zaitugu, baina antzokietan aritu al zara?

Gehienbat umeen antzezlanetan. Pila bat egin ditut, Euskal Herria ezagutzeko moduan.

Zer nahiago duzu? Plaza edo aretoa?

Desberdinak dira, eta biak gustatzen zaizkit. Erdi Aroko antzerki asko egin ditut kalean, eta jendearen kontaktu hori pasada bat da; ezer egin gabe jendeak eraman egiten zaitu.

Agian aretoan agertokia bera da barrera bat.

Eta itxiagoa da, gainera. Badakizu zerk hasiko duen eta zerk bukatu. Kaleak inprobisatzeko aukera ematen dizu. Aukeratu dudan lagun honek nahiko ote du, zer esango dit, zer egingo du, nola erantzungo du...

Nafarroan Haurrendako antzerki tailerra lehiaketa irabazi duzu orain gutxi.

Antzerkian nabil aspaldidanik. Arroako eskolan urte askotan egon naiz, eta hor antzerki obrak prestatzen edo moldatzen aritu naiz. Idazketan sartu nintzen, eta hor ikusi nuen idazketa prozesu hori ere gustukoa nuela. Lan bat lehiaketa batera aurkeztu nuen..., eta han aipamen berezia eman zidaten. Ipuin bat idazten ari nintzen eta Facebook bidez lehiaketa honen berri izan nuen. Ipuina antzerkirako moldatu nuen, azken egunean presaka aurkeztu nuen, eta hor etorri da saria.

Lan hau taularatzeko aukerarik izango al da?

Proiektua badago. Bi sari ematen dituzte: euskaraz eta gaztelaniaz bana. Gaztelaniazkoa Gabonetan taularatzen dute, eta euskarazkoa udaberrian. Aurten nirea bakarrik taularatuko dute eta uste dut gero eskoletako zirkuituan sartuko dutela. 

Taularatze prozesuan parte hartuko al duzu?

Ez dakit. Saridunak Iruñekoak badira zuzendaritza taldean egoteko aukera izaten dute. Ni hemen egonda, jarriko dira nirekin harremanetan, baina hortik aurrera...

Umeen istorio bat kontatzen duzu. Eskolako esperientziaz baliatu al zara?

Bai, bai. Irakaslea naiz, egunero eskolan egoten naiz, eta hurbiltasunetik eta eguneroko bizipenetatik aberasten zara. Kasu honetan izenburutik –Mikaela paela­– abiatu nintzen. 

Inor identifikatuta sentituko ote da?

Ez dut uste! 

Orain gutxi Donostiako La Farandulan izan zara Patxi Santamariarekin eta Telmo Iruretarekin. Mikroantzerkiak dira. Oso desberdina izango da plazatik halako leku txikira pasatzea…

Halako leku txiki batean antzezteko esperientzia ez dut inoiz izan. Ikuskizun batzuetan 20 pertsona zeuden, baina beste batzuetan lau: hiru aktore eta lau ikusle. Egoera agian biolentoagoa izango zen ikuslearentzat berarentzat.

Aktore bezala, zer da zailagoa: jendetza baten aurrean antzeztea edo halako toki txiki batean agertokira ateratzea?

Toki intimo batek errespetua ematen du, baina jendea erakartzea ere errazagoa da. Ez nuke bien artean aukeratuko; biak ditut gustuko.

Azken otsoa film laburrean ere parte hartzen duzu. Ez zara geratzen!

Beti egin dut lan pila bat, baina, agian, orain sare sozialen bidez gehiago ezagutzen da. Kasualitatea izan da denak batera ateratzea. Filma udaberri honetan egin nuen eta orain estreinatu dute Bilboko Zinebi jaialdian. 

Antzerkiarekin alderatuta, oso desberdina izango da film bateko aktuazio metodoa.

Oso desberdina da, eta hor ez nago hain ohituta. Niri zailagoa egiten zait. Errazagoa dela diote, hartualdiak errepikatzen direlako. Ohitzea izango da kontua. Zine gehiago egitea probatuko nuke.