Izaera hezitzailea duten jostailuekin osatutako erakusketa zabaldu dute Ludotekan

Baleike 2018ko abe. 2a, 11:21

Azken urteotan Zumaiako Ludotekak jostailu erakusketak antolatu ditu Gabon garaiaren atarian. Haurrentzako opariak erosterako orduan gurasoei pistak ematea dute helburu ekimen hauek. 

Asteburu honetan egiten ari dira jostailu erakusketa Ludotekan. Bertan merkatuan dauden, baina telebista bidez erakusten ez diren ehun bat jostailu erakutsiko dituzte. Ehun bat jostailu aukeratu dituzte erakusketa honetarako eta guztiek izaera hezitzailea dutela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Jostailuak ikusteaz gain, hauekin jolasteko aukera ere badute haurrek zein beraien gurasoek. "Ez da jolas librerako gune bat izango, jolasak ezagutzeko gune bat baizik. Hori horrela haurrak helduek lagunduta etorri ahal izango dira eta elkarrekin jolaseren bat probatu ahal izango dute", adierazi dute Ludotekako kideek. 

Atzo arratsaldez zabaldu zuten erakusketa eta umeak eta gurasoak jostailu horiekin jolasean ikusteko aukera izan genuen. Jostailu erakusketa gaur ere zabalik izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean.