Milatik gora landare Algorriko labarrerako

Gipuzkoako Foru Aldundiak lan batzuk egin ditu Algorriko labarraren gainetik doan bidezidorrean. Lan horien helburuen artean, erabiltzaileen segurtasuna eta lurraren higadura ekiditeaz gain, lehendik narriatutako eremua berreskuratzea dagoela adierazi dute Aldunditik, hau da, jendearen joan etorriengatik gorritu diren eremuetan berriro ere landaretza egokia birsartzea.

Horretarako, inguruko landare egituratzaile esanguratsuen haziak bildu ziren eta haiek Aldundiaren mintegietan landu dira eta egun hauetan haietako milatik gora landatuko dira.

Hauek dira erabiliko diren landareak:

  • Txilarra (Erica vagans)
  • Otabera (Genista hispanica)
  • Zauri-belarra (Anthyllis vulneraria)
  • Erratza (Ruscus aculeatus)
  • Artea (Quercus ilex)
  • Karraskiloa/hosto beltza (Rhamnus alaternus)
  • Erramua/Ereinotza (Laurus nobilis)

“Gehienak oso landare txikiak dira, gazteak; askorentzat oharkabean pasako direnak. Bertan jasan beharko dituzten baldintza gogorretara ohitzeko, itsas aurrean egon dira hilabetez eta kimatu egin dira; lau bat hosto txikirekin bakarrik ekarri dira”, dio Jon Zulaika foru teknikariak. Bere esanetan oso zaila izango zaie leku berrian bizirautea “inguruaren izaera harritsuagatik batetik eta, bereziki, itsas aldetik datorren haize gazia, kresalarengatik”. 

Muturreko baldintza horiek direla eta gehienak lehortu egingo dira eta ez dute udaberrira arte iraungo. Udaberria heltzean orain egindakoaren arrakasta maila aztertuko dute eta espezie nahiz landatze baldintza egokienak zeintzuk diren ikusi ondoren, landaketa saio berri bat egiteko asmoa dute. “Espero dezagun jendeak hauek errespetatzea, ez zapaltzea”.

Bertako landare hauek landatzeaz gain, inguru horretan egonkortu diren landare inbaditzaile mota bi bertatik kentzeko asmoa dutela ere adierazi du Zulaikak: Carpobrotus edulislandare hegoafrikarra eta Hegoamerikako Araujia sericifera dira bi espezie hauek.