"Dei egiten zaienean zumaiarrek ongi erantzuten dute"

Baleike 2018ko abe. 1a, 11:02

Janari Bankurako bilketa erraldoiaren bigarren eguna da gaur. Boluntarioak supermerkatuetako atean egongo dira herritarren ekarpena jasotzen. 

Gipuzkoako Janari Bankurako elikagaien bilketa hasi zuten atzo probintzia mailan. Zumaiari dagokionez, Alaiko, Foruen enparantzako eta Ardantzabideko Eroskien, eta Ardantzabideko BMren aurrean izango dira boluntarioak herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz.

Bilketaren lehen egunak eman zuenarekin pozik agertu ziren kanpaina honetan parte hartu duten boluntarioak. "Atzo goizean Alaiko Eroskin izan nintzen eta ia ez genuen atsedenerako denborarik izan. Halako dei bat egiten dutenean zumaiarrek beti erantzuten dute".

Iraungitze epe handiko produktuekin kolaboratzea eskatzen dute. "Ez dugu produktu freskorik behar, iraungitu egiten dira eta". Hala, pasta eta arroza, kontserbak, lekaleak eta gailetak jasotzen dituzte, besteak beste. Boluntarioak aipatu supermerkatuetan egongo dira gaur produktu hauek jasotzen.