Gaztetxolako hezitzaileak: “Bertako hezitzaileak gara, erreferenteak kasu askotan, baina gurasoak izan gabe”

Baleike 2018ko aza. 29a, 09:11

Koro Agirrezabalagak psikopedagogia ikasi zuen eta betidanik hezkuntza ez formalean egin du lan. Aitor Aizpuruak, aldiz, Irakasle ikasketak egin zituen. Lehenengoa duela zazpi urte hasi zen lanean Gaztetxolan; bigarrena, berriz, duela bost. (Elkarrizketa hau uztaileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)

12-17 urte bitarteko gazteak joaten zaizkie hara. Lanerako tandem polita egiten dutela aitortu dute, “gazteek ere hori aipatu izan digute”.

Urte dezente daramatza Gaztetxolak Zumaian. Zertan aldatu da?

Koro: Ni sartu nintzenean helburu bat markatu ziguten eta zen Zumaiako gazteria hona etortzea. Aurretik, kale hezitzaileen programako gazteak joaten ziren, eta zerbitzu zabalagoa eman nahi zen.

Aitor: Iraganean zegoen egoera horri buelta eman zitzaion. Erabiltzaileen profila aldatu zen, eta gaur egun, “arazoak” dituzten gazteak kale hezitzaileengana joaten dira, eta gainerakoak Gaztetxolara. Baina hori ez da guztiz eraginkorra. Koro: Azkenean ez da inklusioa lortu. Zumaiar pila bat daukagu Gaztetxolan, baina gehien behar dutenek ez dute erabiltzen.

"Erabiltzaileen profila aldatu zen, eta gaur egun, “arazoak” dituzten gazteak kale hezitzaileengana joaten dira, eta gainerakoak Gaztetxolara"

Zein dira Gaztetxolaren helburuak?

Aitor: Gazteleku guztiei begirako helburu nagusiak ditugu. Hau da, gizaki aktibo eta kritikoak sortu, gazteek harreman sarea egiteko espazioak eskaini, beraien aisialdia gestionatzeko baliabideak eman… Gure funtzionamendua programazio batean oinarritzen da, eta gazteek beraiek proposatzen dute programazio hori.

Zer gai lantzen dituzue, batez ere?

Koro: Hezkidetza, kontsumoa, beraien arteko harremanak, bizitzen dituzten sentimenduak zapalduak eta zapaltzaileak direnean…

Gai tabuak egongo dira...

Aitor: Bai, noski. Barrura begiratzea eskatzen duten gaiak. Hau da, norberaren burutik eta norberaren emozioetatik hitz egitea eskatzen dutenak.

Nolako gazte jendea joaten da?

Koro: Denetarik. Parte hartzaileak direnak, eta ez direnak. Guztiei eman behar diegu arreta, eta errespetatu bakoitzaren izaera.

Aitor: Batzuek lokal ludiko bezala erabiltzen dute. Beste batzuek gure arreta gehiago eskatzen dute, eta gai konkretu batzuk nahi dituzte landu… Bertako hezitzaileak gara, erreferenteak kasu askotan, baina gurasoak izan gabe. Hori dela eta, agian guraso edo irakasleekin hitz egingo ez duten gai bati buruz galdetuko digute.

Nolako harremana daukate gurasoek Gaztetxolarekin?

Koro: Oso gutxi hartzen dute parte. Askok ez dakite hezitzaileok nor garen, zer lanketa eta proiektu egiten ditugun...

Aitor: Azkenean, beraien seme-alaben heziketako parte gara, eta gurasoen hutsunea sentitzen dugu. Urtero gonbidatzen ditugu guregana etortzeko, espazioa ikusteko, zalantzak argitzeko… Baina ez dugu erantzun handirik jasotzen.

Kanpoko ekintzak egiten dituzue Gabonetan, Aste Santuan eta udan.

Aitor: Egunpasako gauzak egiten ditugu, baina, agian, handiena Aste Santukoa da. Etxetik kanpo lo egitera joaten gara, eta gazteei talde lanean aritzeko eskatzen diegu ekintzak antolatzen, janaria prestatzen… Ardurak hartzen hasten dira.

Koro: Ekintza horien bidez informazio asko jasotzen dugu, eta baliagarria zaigu nola esku hartu behar dugun jakiteko.

"Gazteen parte hartzea bermatzeko formakuntza eskatzen diegu erakundeei, eta ez dute eskaintzen. Azkenean, gazteen benetako interesak ezagutu gabe egiten dugu programazioa baina hori ez da gure nahia"

Zein dira Gaztetxolaren gaur egungo erronkak?

Aitor: Niretzat nagusietako bat da gazteek beraien proposamenak, nahiak eta beharrak azaleratzeko gaitasuna edukitzea eta guk horretarako estrategiak eskaintzea.

Koro: Parte hartzea sustatzea. Gaztetxola guztietako arazoa da hori. Gazteen parte hartzea bermatzeko formakuntza eskatzen diegu erakundeei, eta ez dute eskaintzen. Azkenean, gazteen benetako interesak ezagutu gabe egiten dugu programazioa baina hori ez da gure nahia. Gazteak asko oinarritzen dira guk esandako ideietan, asko errepikatzen dira; ez da paradigmarik puskatzen.