Haitzek kontatutako historia

Gorka Zabaleta 2008ko urr. 10a, 18:17

Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrek gordetako historia kontatu nahi dute Alberto Gorritiberea zinemagileak eta Asier Hilario geologoak, grabatzen hasiak diren dokumental batean. “Flysch, haitzen hitza” du izenburu. Zientzialari onenen eskutik eta goi mailako errealizazio teknikoarekin, Lurraren historia kontatuko digute, gaur egungo erronkak ulertzeko lagungarri izango zaigulakoan. Grabazioko lehen egunak beraiekin bizitzeko aukera izan du Baleikek.

Asier Hilario eta Alberto Gorritiberean, dokumentalaren zuzendariak.

“Egun batean, geologoen nazioarteko batzarra egin eta gutxira, Albertoren mezu bat jaso nuen posta elektronikoan. Zumaiarra zela, eta harrituta zegoela labarren inguruan komunikabideetan sortutako interesarekin. Bere burua aurkezten zuen mezuan, jakin mina piztu zitzaiola eta gaiari buruz zerbait gehiago jakin nahiko lukeela. Interpretazio zentrora gonbidatu nuen. Irteera egin genuen biok Algorrira, azaldu nion haitzek jasotzen duten historia eta zer nolako garrantzia duten mundu mailan. Orduan, galdetu zidan ea dokumentalik edo zerbait ba ote zegoen egina gaiaren inguruan. Geologiaren ikuspegitik, nik nekienez behintzat, ezetz. Horrela hasi zen dena”.

Irailak 29, astelehena. Goizeko zortziak. Kamerak, mikrofonoak, tripodeak eta beste hainbat aparailu Algorri aldean. Egunsentia ari dira grabatzen. Nolako planoa nahi duen azaldu die Alberto Gorritibereak argazkilariari eta kameralariari. Algorriko muturretik mila bider ikusitako pasaiak gaur ederragoa dirudi.

Aita Arronamendi baserrikoa du Gorritibereak. Sakonetatik Debara bidean zegoen, ia labarren gainean. Itziarko urak bildu eta garbitzen dituen araztegia egiteko bota zuten. “Paisaia honekiko ditudan oroitzapenak zerikusi handiagoa dute haitzekin itsasoarekin baino. Niri beti gustatu izan zait haitzetan ibiltzea. Korrika ere askotan egin izan dut labarren gainaldetik. Amildegira hurbiltzen naizenean, beti sentsazio berbera izaten dut: zer txikiak garen. Eta muga bat ere sentitzen dut aurrean dudan bistarekin: inoiz ez garela kapaz izango hain irudi ederra sortzeko. Nire mugak non dauden jakiteko balio izan dit. Orain, sekula ez zait burutik pasa ere egin zapaltzen ari nintzen harri horiek hainbesteko garrantzia zutenik”.

Traste guztiak harraldera jaitsi dituzte, kontu handiz, haitzetan labaintzeko arriskuaz ohartuta. Planoa aukeratu du Albertok. Kamera, mikrofonoak, argiak… Dena prest. Klaketak eman du agindua: “Hasi grabatzen”. Asier Hilariok hartu du hitza. Aurrean, Jose Antonio Arz geologo nafarra du. Algorrin bertan egin dituen ikerketen emaitzak azaltzen hasi da, eta hausnarketa ere egin du: ziztu bizian bizi den mundu honen aurrean, geologiak denbora erlatibizatzen laguntzen duela, Lurraren erlojuak milioika urte dituela, eta gizakioi hain garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gertaerak hutsaren hurrengo direla. Gizakiari apaltasuna falta zaiola.

“Oso erraz adostu genuen nolako dokumentala egingo nahi genuen. Batetik, oso garbi genuen haitz hauek sekulako historia dutela kontatzeko eta merezi duela ahalegina egitea. Bestetik, milioika urteko historia horrek gaur egun munduak dituen zenbait erronka –klima aldaketa, esate baterako– ulertzeko balio dezakeela. Horrez gain, haitz hauen garrantzi zientifikoa mundu mailakoa denez, neurri bereko produktua egin nahi genuela, goi mailakoa: zientzialari onenak nahi genituen edukiari sinesgarritasuna emateko, eta zinema munduan esperientzia handia duen lantaldea estetikoki produktu bikaina lortzeko”.

Algorritik Itzurungo hondartzara. Eguzkiak ederki berotzen du, eta Ingalaterratik etorritako familia batek azala gorritzen jarri du, Itzuruntxiki aldeko eskaileren alboan etzanda. Albertok harrizko gandorrean elkarrizketatu nahi du Ignacio Arenillas geologoa. Asier hurbildu da turistengana eta, mesedez, lekua libratzeko eskatu die. Entretenimendua ziurtatuta dutela ikusita, gogo onez baztertu dira. Argazki kamera ere ateradute gazteenek. Besteak beste, Zumaiako itsaslabarren garrantzia goraipatu du Arenillasek, “50 milioi urteko historia jarraian ikus daitekeelako”.

Elkar ezagutu zutenetik, ia “izatezko bikotea” osatzen dute. Proiektua bien artean mamitu dute, batak besteari bakoitzak bere esparruan duen jakinduria aitortuz, errespetatuz, baina iritzia emateko beldurrik gabe. Proiektua aurrera ateratzeko “kreditua” lortzea ere bien lana izan da. “Ez nuke esango dirua lortzea zaila izan denik. Prozesu luzea izan da, baina zaila ez. Norengana jo erabakitzeko bildu ginenean, pentsatu genuen kutxarekin probatzea. Hasieratik oso jarrera ona erakutsi zuten, interes handia, eta hori nahikoa deigarria izan zen niretzat, zineman normalean gauzak ez direlako horrela izaten. Gero, lehen bileratik dena lotu dugun arte ia urtebete pasa da, dei asko egin behar izan ditugu, ideiari forma eman, beste instituzioekin bildu…”. Une batez, dena bertan behera uzteko zorian izan zirela aitortu dute: “Proiektuak oso harrera ona izan du bai kutxaren aldetik, bai instituzioen aldetik. Baina gauza bat da hori eta bestea baiezko definitiboak jasotzea, eta horretarako ia urtebeteko bidea egin behar izan dugu. Une batez dena uztekotan egon ginen, horrelako proiektu handi batekin aurrera jarraitzeko dena oso garbi ikusi behar duzulako. Une horretan hondoa jo eta goraino igotzeko gauza izan ginen, oso garbi ikusi genuen proiektua gurea zela eta guk nahi genuen bezala burutuko genuela, geu izango ginela produktoreak.Hori apustu handia da, baina hala izan ez balitz akaso ez zen egingo”.

Adolfo Uriarteri egindako elkarrizketa grabatzen Sakonetan.

Irailak 30, asteartea. Goizeko zortziak. Furgonetekin Sakoneta baserriraino jaitsi da lantaldea. Gero, material astunena hartu eta 4x4 ibilgailu batekin bidean behera ahal izan duteneraino hurbildu dira harraldera lantaldeko kide batzuk. Bitartean, beste batzuk oinarrizko ekipoarekin labarrera igo dira. Adolfo Uriarte ozeanografoa aktore lanetan jarri dute, elkarrizketa egin aurretik. Aztiko ozeanografia saileko eta Donostiako Aquariumekozuzendaria da. Asierri eta Albertori begiak piztu zaizkie itsas hondoaren kalitate handiko irudiak eskaini dizkienean. Kostaldearen eta itsas hondoaren mapa topografikoak ere ba omen dituzte, hiru dimentsiotan egindakoak. Gero, elkarrizketan: “Itsasoak ez du beti izan gaur egun ezagutzen dugun altuera. Lurraren historian zehar, metro asko egin ditu gora edo behera. Flysch fenomenoa ere aro eta altuera ezberdinetan gertatu da. Gaur egungo marearteko guneak, zenbait puntutan, sei kilometroko luzera du. Horrek esan nahi du kostaldeak sei kilometro egin dituela atzera. Baina itsasoan hondorago joanez gero, terraza modukoak ikusten dira. Horiek dira garai bateko marearteko guneak eta itsaslabarrak. Orduan itsasoa gaur baino beherago zegoen. Baina gorago ere egon da. Plentziatik Getxoraino doan kostaldean, labarren gainean lautada zabal bat dago. Hori, bere garaian, marearteko gunea izan zen”.

“Dokumentalaren egitura zehaztuta dago eta oinarrizko gidoi bat ere eginda dago, baina gidoi irekia izatea nahi dugu, dokumental gehienetan egiten den modura. Kasu honetan, hogei zientzialariren hitzak jaso behar ditugu, eta haiek esandakoak baldintzatuko du gidoia. Horrek lana zaildu egiten du, baina, aldi berean, aberastu ere bai. Guk ez diegu esango zientzialariei hau esan behar duzue edo hau da zure ahotik entzun nahi duguna. Ate bat zabalik utziko dugu hasierako gidoiari ideiak gehitzeko. Gure asmoa ez da gaur egun munduak izan ditzakeen arazo larrienen gaineko mezu jakin bat zabaltzea, baizik eta hausnarketarako abiapuntu bat eskaintzea. Zientzialariei entzun ondoren, ikusleak erabaki dezala. Gure ideia oso sinplea da: Lurrak milioika urteko historia du eta horren aurrean gizakiak hutsaren hurrengoa baino ez gara. Ikusita gaur egun ditugun erronkak, gaiari buruz hitz egin nahi dugu”.

Sakonetan lanak amaituta, ziztu bizian dena jaso, furgonetetan sartu eta Itzurunera. Asier Hilario aurreratu egin da, zain dituelako Xabier Orue eta Juan Ignacio Bazeta, hurrengo elkarrizketatuak. Adolfo Uriarte berekin etorri da. Autoa aparkatu eta ordenagailua atera du Uriartek. Hiru dimentsiotan egindako itsas hondoaren irudiak erakutsi dizkio Asierri. Duela milioika urte Urumeak, Oriak edota Urolak egindako ubideak oso ondo ikusten dira. Gaur egun itsas hondoan dauden arrastoak baino ez dira. Etorri da lantaldea. Dena muntatu eta lehenbailehen hasi dira elkarrizketekin, itsasoa gora dator eta. Santelmopean egin dute lehena. Xabier Oruek azaldu du estratotipoak garai geologiko jakin bat definitzeko aukeratzen den lekua dela, eta iaz Zumaia aukeratu zela baldintza ezin hobeak eskaintzen dizkiolako ikertzaileari. Elkarrizketa amaituta, presaka bazkaldu dute, lanari lehenbailehen ekiteko. Talaimendikobalkoietako batean jaso dituzte Bazetaren azalpenak. Planoa ederra da: arratsaldeko eguzkiak gorritutako labarrak albo batean, laino zuriek jantzitako zeru urdina bestean.

“Dokumental honen kasuan, esango nuke daukagun paisaia politegia dela. Hain ederra da dena, betekada handi samarra hartzeko arriskua dugu. Eta estetikoki horri neurria jartzea izan da egin dugun ariketa nagusia. Hain paisaia liluragarriaren aurrean, gure gogoari eutsi egin behar izan diogu, bestela irudiak edukia jateko arriskua zegoelako. Artea, nire ikuspegitik, horixe da gainera, euste ariketa etengabea. Distantzia bat hartu behar izan dugu: paisaia hor dago, bai, baina itsutu gabe”.

Juan Ignacio Bazetaren elkarrizketa, Talaimendin. 

 

 

Arratsaldeko zazpiak. Orue eta Bazeta joan dira, baina eguneko lanak ez dira oraindik amaitu. Algorriko muturrera doaz orain, fikziozko plano batzuk grabatzera. Asier Hilariok egingo ditu aktore lanak. Lainoak datoz mendebaldetik, eta eguzkiak ez du tarterik aurkitzen. Halako batean, foko zuri bat marraztu du ur azalean.Grabatzen hasi dira.

“Ikusita Asier Hilariok kameran oso ondo ematen duela, erabaki genuen geologo baten pertsonaia sortzea, eta geologo hori izatea munduan zehar bidaiatuko duena leku esanguratsuen bila. Dokumentalean beste elementu bat sartzeko aukera ematen digu, elkarrizketen dinamika noizean behin eteteko, estetika bera aldatzeko. Eta narratzailearen figura sartzeko ere aukera ematen digu. Hasieran pentsatu genuen dokumentala narratzailerik gabe egitea, elkarrizketatik elkarrizketara jauzi egitea. Baina ikusi genuen jendeari zaila egingo zitzaiola edukia ulertzea, hariari jarraitzea. Narratzaile honek aukera ematen digu elkarrizketak lotu eta hari bat sortzeko. Hori soilik ahots batekin egin beharrean, erabaki genuen pertsonaia bat sortzea”.

Urriak 1, asteazkena. Gaur ez dago elkarrizketarik, baina ez da lanik faltako. Gaur ‘buruberoak’ erabiliko dituzte irudiak grabatzeko: zortzi eta hamabi metroko garabiak, plano ikusgarriak lortzeko. Algorrin aurrena. Gora eta behera, atzera eta aurrera ibili dute kamera, paisaiaren, labarren eta brankaden bista ezohikoen bila. Gero, lanean jarri dute Aitor Leiza, haitzeko bizidunak ere dokumentalean erakusteko. Handik gertu olagarrotan zebilen batek utzitako olagarroa, artean bizirik, putzu batean jarri eta ari so gelditu da kameraren begia.

Kazetariak hitzordua eskatu die, proiektuaz lasaiago hitz egiteko. “Bazkalondoren, Itzurunen garabia muntatu bitartean”. Alberto eta Asier, biak jarri dira gure kameraren aurrean.

Lehen grabazio egunak pasa dira, bost elkarrizketa egin dituzue eta beste hainbat irudi jaso ere bai. Oraingoz badirudi dena oso ondo doala. Lehen grabaketa lan hauek amaitutakoan, zer plan dituzue?

Orain, lehenengo gauza, aste hau bukatu ondoren, bizpahiru eguneko atsedena behar dugu, lana oso intentsoa izan delako. Gero, trailerra muntatu behar dugu, urriaren 31n Kutxaespazioanestreinatu ahal izateko. Ondoren, daukagun materiala ondo aztertu eta falta diren zientzialarien galderak prestatu eta bidali. Erantzunak lehenbailehen behar ditugu gidoi definitiboa egina uzteko. Bidaiak prestatzen hasi beharko dugu, martxorako dena prest egon dadin, azken grabaketekin hasi ahal izateko. Hilabete emango dugu, gutxi gorabehera, grabatzen, eta espero dugu uda amaierarako dokumentala muntatuta egongo dela.

Dokumentala non ikusi ahal izango da?

Hori oraindik erabat erabaki gabe dago, baina dokumental hau, printzipioz, telebista kateei salduko zaie, batez ere, bai hemen, bai atzerrian. Dokumentalen jaialdietara aurkezteko asmoa daukagu, eta herriz herriko emanaldiak ere antola daitezke, mahainguru batekin osatuta.

Hizkuntzari nolako tratamendua emango diozue?

Jatorrizko bertsioa euskaraz izango da, baina elkarrizketatuen kasuen iruditzen zaigu merezi duela jatorrizko hizkuntza mantentzea eta azpitituluak erabiltzea. Nazioarte mailako dokumentala egin nahi dugunez, uste dugu jatorrizko hizkuntzak mantendu behar direla. Beraz, narratzaileak euskaraz egingo du, eta zientzialariek beren hizkuntzan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez… Euskarazko bertsioaz gain, gaztelaniazkoa eta ingelesezkoa egingo dira.

Musikarik izango al du dokumentalak?

Musika Bingen Mendizabalek egingo du. Dagoeneko zerbait egina du eta bete-betean asmatu duela iruditzen zaigu. Behin etorri da Zumaiara hau guztia ikustera, eta trailerrerako bidali digun materiala asko gustatu zaigu. Musikak garrantzi handia izango du dokumentalean.

Itsasoa indar handiz dator hondartzan gora, eta garabia muntatzeko leku seguruenaren bila aritu dira. Itzuruntxiki aldera jaisteko aldaparen amaieran, baina petriletik gora jarri dute azkenean. Bete-betean asmatu dute. Grabatzen hasi direnerako itsasoa goraino iristen da olatu bortitzenekin. Korrika saioren bat ere egin behar izan dute aldapan gora. Baina emaitza ikusgarria izan da. Hamabi metroko buruberoari lotuta, kamerari esker labarrean gora egingo dugu irudiak ikustean, eta Itzuruntxikin olatuek nola jotzen duten airetik zintzilikatuta ikusteko aukera izango dugu.

Puntako hogei zientzialari

 

“Zientzialarien artean bi multzo egin ditugu. Batetik, hemen lan egin duten zientzialari garrantzitsuenak, beren ikerketen emaitzen berri eman dezaten. Eta, bestetik, hemen inoiz lan egin gabe, hemendik atera den informazioa interpretatu eta gaur egunera ekartzen lagunduko digutenak. Hasieratik onenen bila joan gara, eta erantzuna paregabea izan da. Baten erantzuna baino ez zaigu falta eta beste guztiek baiezkoa eman dute. Kosta zati honek pisu handia du ikerketa mailan, eta uste dut proiektua ere oso ondo aurkeztuta zegoela. Hogei asko direla? Bai, hala da, baina beti esaten dugu lan honek 50 minutuko dokumentala emango duela, produktu biribil bat, baina elkarrizketetako hogei ordu horiek sekulako altxorra izango dira. Aurrerago ikusiko dugu zertarako erabili”.

Itzurunen irudiak grabatzen garabiarekin. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Parte hartuko duten zientzialariak

Jose Antonio Arz (EH), Ignacio Arenillas (EH), Adolfo Uriarte (EH), Xabier Orue (EH), Juan Ignacio Baceta (EH), Victoriano Pujalte (EH), Estibaliz Apellaniz (EH), Adolfo Eraso (EH), Eustaquio Molina (Esp), Pablo Gumiel (Esp), Juan Carlos Gutierrez (Esp), Jaume Dinares (Ita), Birger Schmitz (Sue), Jan Smit (Ned), Bruce Runnegar (AEB), Francisco Anguita (Esp), Miguel Delibes (Esp), Adolf Seilager (AEB), Peter Ward (AEB), Anil Markandya (Ing).

Erlazionatuak

BEREZIA: Izarren hautsa

Gorka Zabaleta 2009 mai 10 Zumaia

BEREZIA: Izarren hautsa

Gorka Zabaleta 2009 mai 10 Zumaia