Klima aldaketa: erronka handienaren aurrean

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 16:51
Asier Hilario eta Anyl Markandya, 'Flysch, haitzen hitza' dokumentalaren grabazioan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Zientzialariek jadanik ez dute zalantzan jartzen klima aldaketa batean murgilduta gaudela, tenperaturek gora egingo dutela datozen hamarkadetan, eta gizakia dela erantzule nagusia. Aldaketa horren ondorioak ez direla batere onak izango ere garbi dute gehienek. Zalantza handiagoak dituzte kaltea zenbatekoa izango den zehazterakoan, neurri handi batean, guk hartzen ditugun erabakien baitan dagoelako. 

Zergatik aldatzen da klima? Hori da erantzun beharreko lehen galdera. Luis Balairon fisikariak sistema batekin alderatu du: “Eguzkia litzateke energia iturria, Lurra lanean jarri beharreko makina, eta klima emaitza, produktua”. Gehiago sakondu du azalpenean: “Ulertu behar dugu Eguzkitik jasotako energiaren eta Lurrak igorritakoaren artean erabateko oreka egon behar duela. Zer gertatzen da oreka hori hausten bada? Klima aldatu egiten dela”. Hainbat dira oreka hori apur dezaketen faktoreak. “Lurrak 100.000 urtetik behin aldatu egiten du eguzkiaren inguruan egiten duen ibilbidea; urrunagotik edo gertuagotik pasa, eragin handia du jasotzen dugun energia kopuruan; kontinenteen mugimenduak ere eragin handia du tenperaturan: Antartikak gaur egungo posizioa hartu zuenean izugarri jaitsi zen tenperatura… Baina gaur egungo klima aldaketa gizakiak eragin du, eta hori berria da”.

Luis Balairon.

Balairon: “Lurraren historian klima aldaketa asko gertatu dira, eta oso larriak, baina milioika urteko prozesuak izan dira askotan. Oraingo hau hamarkada batzuetan ari da gauzatzen"

Balaironek dio kezkatzeko arrazoiak badaudela, dena oso azkar gertatzen ari delako. “Lurraren historian klima aldaketa asko gertatu dira, eta oso larriak, baina milioika urteko prozesuak izan dira askotan. Oraingo hau hamarkada batzuetan ari da gauzatzen. Atmosferan dagoen CO2kopurua izugarri hazi da oso denbora gutxian, eta badakigu ondoren tenperaturak igo egingo direla. Ez dakiguna da hain azkar eta hainbeste igoko ote diren”.

Zalantza horiek guztiak argitzen saiatzen da IPCC, klima aldaketa aztertzeko gobernuarteko erakundea. Klima aldaketan eragin dezaketen aldagai guztiak kontuan hartuta aurreikuspenak egiten dituzte. “Kontua da ez dakigula etorkizunean zenbat jende biziko den planetan, zenbat kontsumituko dugun, CO2-a murrizteko neurririk hartuko ote dugun edo ez… Orduan, nola egin kalkuluak? Egoera ezberdinak planteatzen ditugu: onenean eta txarrenean jarri eta tarteko hainbat aukera aztertzen ditugu”. Zeintzuk dira gizakiak eragindako klima aldaketan aldagai nagusiak? “Demografia: zenbat izango gara? Garapen ekonomikoa: eredua aldatuko ote dugu? Eta energia kontsumoa. Hiru horiek baldintzatuko dute klima aldaketaren tamaina. Noski, ezin dugu jakin 2100 urtean zenbat biztanle izango garen. Onenean jarrita, 7.000 milioi izango garela uste dugu; txarrenean, 30.000 milioi. Ulertuko duzue aldea izugarria dela. Horregatik aukera guztiak hartu behar ditugu kontuan, bakoitzak nolako ondorioak izango lituzkeen kalkulatu eta neurriak hartu ahal izateko”.

Markandya: “Barne produktu gordinaren % 6 inguru beharko litzateke 2050. urtean neurri eraginkorrak hartu ahal izateko"

Eta kalkulu horien guztien artean, iragarpen zentzuzkoenak dio tenperatura hiru gradu inguru igoko dela mende amaierarako. Eta hori hainbat neurri hartuta. Anyl Markandya ekonomilariak dirutan kalkulatu du egin beharreko ahalegina. “Barne produktu gordinaren % 6 inguru beharko litzateke 2050. urtean neurri eraginkorrak hartu ahal izateko. CO2-a 550 ppm-tik ez igotzea lortu beharko genuke, hortik gora arriskua izugarri areagotzen baita. Horretarako, 2020tik aurrera behera egin beharko luke emisio mailak, eta 2050ean mende hasierako kopuruak % 80 murriztu. Hori lortzeko, besteak beste, inbertsio handiak egin beharko dira teknologian, berrikuntzan. Ahalegin hori egiteko prest al gaude? Gure diru ahalmena % 6 jaisteko prest al gaude etorkizunean % 30 gal ez dezaten? Hori gizarteak erantzun beharreko galdera da, ez zientzialariek”. Gaurko eta etorkizuneko belaunaldien arteko interes gatazka jarri du mahai gainean Markandyak. Klima aldaketaren ondorioak mende amaieran hasiko dira benetan nabaritzen, baina neurriak gaur hartu behar dira. 

Markandyak uste du ezinbestekoa dela mundu mailako akordio bat, non herrialde garatuek ahalegin handiagoa egin beharko duten. “Herrialde guztiek ez dute erantzukizun berbera. Modua bilatu behar dugu herrialde garatuek gutxiago kutsa dezaten eta garapen bidean daudenei lagundu egin behar zaie teknologia berriei esker gehiago kutsa ez dezaten”.

 Francis urakana.

Klima aldaketaren zenbakiak

-IPCCaren iragarpenen arabera, tenperaturak 2 eta 4,5 gradu artean egingo du gora 2100. urterako. Kalkuluek diote % 17ko aukerak daudela hortik gora ere egiteko; aukera txikiren bat ere bada igoera zortzi gradukoa izateko.

-Tenperaturaren igoerak harreman zuzena du atmosferan pilatutako CO2kopuruarekin. Kalkulua ere egin dute:  

450 ppm: 1,1 eta 3,1 gradu artean. 

550 ppm: 1,6 eta 4,5 gradu artean. 

650 ppm: 1,9 eta 6,5 gradu artean.

-Ez badugu neurririk hartzen, CO2kopurua 600 ppm-koa izango da 2100. urtean. Europar Batasunarentzat 450 ppm-koa da muga onargarria.

-Estatubatuar batek 25 tona CO2sortzen ditu urtean, europar baten bikoitza. Txinatar batek bost tona eta indiar batek hiru. Egokiena litzateke pertsona bakoitzak bi tona baino gehiago ez sortzea.

-Guztira zazpi gigatona CO2sortzen ditu gizateriak urtean; itsasoa eta landareak erdia xurgatzeko gai dira bakarrik. Beste hiru gigatona horiek atmosferan pilatuz doaz.

-Tenperatura ez da berdin igoko planeta osoan. Batez bestekoa lau gradu badira, poloetan zortzi gradu ere igo daiteke. Gutxien, Ekuatorearen inguruan.

-Kontinenteetako izotza urtzeko arriskua dago tenperatura igotzen bada. Bakarrik Groenlandian pilatutakoa urtzen bada, sei metro igoko da itsasoaren maila. Izotz guztia urtuko balitz –oso zaila dirudi–, 70 metro igoko litzateke maila. Iragarpen zentzuzkoenek diote 2100erako 30 zentimetro igoko dela itsasoaren maila.