Bruce Runnegar, bizitza estralurtarraren bila

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 16:29
Bruce Runnegar, 'Flysch, haitzen hitza' dokumentalaren grabazioan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Gizakiak makina bat aldiz egin dio galdera bere buruari: bakarrik ote gaude Unibertsoan? Erantzuna aurkitzeari eskaini dio bere bizitza profesionala Bruce Runnegar ikertzaile estatubatuarrak.

NASAko astrobiologia zuzendaria izan da, duela gutxi erretiroa eman zioten arte. “Gure planetan bertan, ustez bizitza ezinezkoa zen eremu askotan aurkitu ditugu izaki bizidunak. Ikusi dugu bizitza guk uste baino eremu zailagoetan gara daitekeela, eta horrek Lurretik kanpo ere, baldintzak gogorrak izanda ere, bizitza topatzeko itxaropena areagotu digu”.

"Bizitza estralurtarra topatzea Erdi Aroan katedralak eraikitzea bezalako lana da; guk ez dugu lana bukatuta ikusiko, baina horretan dihardugu, gure ondorengoek lor dezaten”

Froga erabakigarririk ez dute oraindik aurkitu, baina bai zantzu batzuk. Martitzen, esate baterako. “1960ko hamarkadan hasi ginen Martitzera espaziontziak bidaltzen. Orduz geroztik, gero eta informazio gehiago jaso dugu eta gaur egun badakigu bere atmosferan metanoa dagoela. Eta metanoa sortzeko hiru modu ezagutzen ditugu: mikrobioek sortuta, hau da, izaki bizidunek; lur azpian gordetako gai organikoak usteltzean –horrek esan nahi du bere garaian bizirik zeudela–; edota uraren eta haitzen arteko erreakzio kimikoen bidez (hor ez dago bizitzarik)”. Hiru aukeretatik bitan bizitza ageri da.

Pathfinder robota Marten.

Ez du uste, ordea, bizitza estralurtarraren frogak etzi topatuko direnik. “Bizitza estralurtarra topatzea Erdi Aroan katedralak eraikitzea bezalako lana da; guk ez dugu lana bukatuta ikusiko, baina horretan dihardugu, gure ondorengoek lor dezaten”.

Bestetik, Runnegarrek uste du mende gutxi batzuk barru gizakiak beste planeta batzuk kolonizatzeko gaitasuna izango duela. “Bizitza posible egingo luketen baldintzak sortzeko gai izango gara etorkizunean, baina galdera da: egin beharko al genuke?”.