Adolfo Eraso: “Lurraren kutxa beltza da glaziarretako izotza”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 15:57
Adolfo Eraso. Argazkia: Gorka Zabaleta

Glaziarrez gutxik dakite berak adina. Bizitza osoa darama munduko izotzak ikertzen, Antartikan bereziki. Errusiarrentzat eta estatubatuarrentzat aldi berean lan egin duen bakarrenetakoa izango da, espiak alde batera utzita. Glaziarretako izotzek gordetzen duten informazioaren berri eman digu.

Ilea eta bizarra aspaldi urdindu zitzaizkion, baina begirada bihurriak salatzen du barruko sua bizi-bizirik duela oraindik. “Izotzak ondo kontserbatzen du-eta haragia!”, egin du txantxa, pipa pizten duen bitartean. Ez dio nolanahiko erregaia jarri: Celtas Cortos zigarreta bat hustu du piparen sabelean. Duela 75 urte jaio zen, Lizarran. 

Bizitza osoa daramazu glaziarretako izotza aztertzen. Antartikan hilabete asko pasatzen dituzu urtero.Zer aurkitu duzu izotzean?

Klimaren historia jasotzen duen liburu naturala da Antartikako izotza. Lurraren kutxa beltza da glaziarretako izotza. 1995ean errusiarrek Antartikan duten Vostok kanpalekuko ikertzaileek laku bat topatu zuten izotz geruzaren azpian. 300 kilometro luze eta 30 kilometro zabal zen laku hura. Presio izugarrian harrapatutako ur likidoa zen, izotz geruza lodi batean azpian. Orduan pentsatu zuten hura ikaragarrizko aurkikuntza zela, izotza zulatu eta laku horretan zer zegoen ikusi behar zela, isolatutako ekosistema hura aztertu behar zela. Baina arazoa zen hura zulatuz gero presio askatu eta ur hartan egon zitekeen guztia hil egingo zela. Azkenean, izotza zulatu bai, baina ez ziren lakuaren ganberaraino iritsi. Baina 400.000 urteko izotz lekukoa atera zen handik. Izotz horrek azken 400.000 urteetan izan den klimaren erregistro zehatza zuen.

Vostok kanpalekua, Antartikan.

Hori nola da posible?

Elurra egiten duenean, pixkanaka geruza bat bestearen gainean pilatuz doa. Pisua areagotzen den heinean, airea irten eta elurra izotz bihurtzen doa. Trinkotu egiten da. Baina beti gelditzen dira aire burbuila txiki batzuk. Burbuila horietan gordetzen da garaian garaiko airea, eta horrek ematen digu atmosferaren bilakaera aztertzeko aukera.

Eta zer aurkitu duzue aire burbuila horietan?

Ikusi duguna da CO2aren kontzentrazio maila beti 180-290 ppm artean egon dela. Eta gorabehera horiek zerikusi zuzena dutela Milankovitxen zikloekin.

Milakovitxen zikloak?

Bai. Milankovitx ohartu zen Lurraren mugimenduak aldatu egiten direla ziklikoki, eta horrek eragin zuzena duela kliman. Adibidez, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen ibilbidea aldatu egiten da 100.000 urtetik behin: biribila egin beharrean eliptikoagoa egiten du, gehiago urruntzen da Eguzkitik, eta horren ondorioz energia gutxiago jasotzen du. 41.000 urtetik behin, berriz, Lurraren inklinazioa aldatzen da. 21 eta 25 gradu artean etzaten da Lurra –gaur egun 23 graduko inklinazioa du–. Zenbat eta gehiago etzan, orduan eta itzal handiagoa poloetan, orduan eta hotz handiagoa.

"Groenlandian dagoen izotz guztia urtuko balitz, sei metro igoko litzateke itsasoaren maila"

Eta noraino egin duzue denboran atzera? Zenbat urte ditu aurkitu duzuen izotzik zaharrena?

Oraingoz milioi bat urteko izotz erregistroak ditugu. Baina une honetan Txinako espedizio bat Antartikaren erdigunean da, 4.000 metroko altueran, Domo A izeneko lekuan, eta espero dute 1,5 milioi urteko izotza lortzea. Hori izotz zaharrenetik oso gertu dago, gaur egun Antartikan dagoen izotzak bi milioi urte baititu.

Klimaren bilakaera ikusteko balio badu, zer ikusten da azken urteotako izotzean?

1850eko izotzean CO2aren kontzentrazioa atmosferan 290 ppm-koa zen. 2009an 387 ppm-ra iritsi gara. Garbi dago gizakiaren eraginez dela. 2000 urteko iragarpenak motz gelditu ziren. 2020rako 400 ppm-ra iritsiko garela aurreikusi da.

CO2aren gorakadaz gain, glaziarrak urtzen ari direla neurtu duzue. 

Bai, azken glaziazioan egon den izotz kopuru handienaren herena baino ez da gelditzen. Urtze prozesua nabarmena da Artikoan, baina Antartikan ere areagotzen ari da. Artikoko izotza urtzen bada, itsasoaren maila ez da igoko: kubata batean izotzak urtzen direnean kubatak ez du gainezka egiten… Arazoa da kontinenteetako izotza urtzea. Esate baterako, Groenlandian dagoen izotz guztia urtuko balitz, sei metro igoko litzateke itsasoaren maila. Lurraren historian gorabehera handiak izan dira itsasoaren mailarekin: duela 125.000 urte 20 metro gorago zegoen; duela 18.000, berriz, 125 metro beherago. Ia 200 metroko gorabehera dago, eta aldaketa horietan zerikusi zuzena dute atmosferan pilatutako CO2-ak eta tenperaturak.

Ez dirudi, orduan, bide onetik goazenik?

Ez, ez nago batere pozik gizakiak daraman bidearekin. Pentsatzen dugu Lurra gurea dela, baina gu gara naturaren parte, gustatu ala ez.