Jan Smit: "Desagertze handiak eboluzioaren parte dira”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 15:39
Jan Smit geologoa Algorrin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Espezieen bost desagertze handi datatu dituzte geologoek. Azkena duela 65,5 milioi urte gertatu zen, meteorito batek Lurraren kontra talka egin ondoren. Espezieen % 70 desagertu ziren, tartean dinosauroak. Teoria horren aitetako bat da Jan Smit. Besteak beste, Algorrin egindako ikerketei esker demostratu ahal izan zuen.

Bizitzaren historian mugarri den geruzetako bat ikus daiteke Algorrin. 65,5 milioi urte ditu. Geruza meharra da, iluna. K/T muga deritzo: Kretazikoa eta Tertziarioa bereizten ditu. Zergatik da, bada, hain garrantzitsua? “Aurretik dauden geruzetan, geruza zaharragoetan, bizidun askoren fosilak ikus daitezke; geruzaren ondoren, berriz, apenas dago bizidunen arrastorik: zerbait larria gertatu zen tartean”, azaldu du Jan Smitek. 

1970eko hamarkadan hasi zen Smit K/T muga ikertzen. Gogoan du oraindik Zumaiara etorri zen lehen eguna. “Algorrirantz joan nintzen, labar eder horien gainetik, geruza hura aztertzeko irrikaz. Iritsi nintzenean espero ez nuen arazo batekin egin nuen topo: marea goian zegoen, ez zegoen pasatzeko modurik. Beste baterako utzi behar izan nuen”. Makina bat aldiz itzuli zen Smit, datu bila. “Han eta hemen ibili nintzen urte askoan, datuak biltzen. Hasieran ez genekien zerk eragin zuen desagertze handi hura. Pentsatzen zen izurrite batengatik izan zitekeela, sumendien aktibitatea izugarri bizkortu zelako, edota espezieen arteko lehiagatik. Baina ikerketek emaitza harrigarriak eman zituzten. “Ohartu ginen geruza horrek ohi baino iridio gehiago duela. Iridioa oso arraroa da Lurrean, baina ohikoa meteoritoetan”. 

Meteorito handi batek Lurrarekin talka egin zuela sinetsita, hark utzitako arrastoa bilatzea izan zen hurrengo urratsa. “Kalkulatu genuen hamar bat kilometroko meteoritoa behar zuela izan, eta 180 kilometro inguruko zuloa eragin zuela”. Krater hura aurkitzea, baina, ez zen lan erraza izan. “Izugarria da horrelako talka batek askatzen duen energia. Talkaren unean, presioagatik, ezaugarri bereziak dituzte materialak sortzen dira, talkako kuartzoak. Material horiek mundu osoan sakabanatu ziren: kuartzo arinenak urrunago iritsi ziren; astunenak berriz, talkaren gunetik gertuago pausatu ziren”. Kuartzo horiei arrastoa jarraitzen zen, orduan, bidea. Eta aurkitu, aurkitu zituzten. Haitin, Ameriketako Estatu Batuetan eta beste hainbat lekutan. Horrez gain, duela 65 milioi urteko tsunamien arrastoak aurkitu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan. “Talkaren gunea Kariben zegoela ondorioztatu genuen”. Baina non?

Smit eta beste ikertzaile batzuk –Alvarez aita-semeak, besteak beste– kraterraren bila zebiltzan garai berean, petrolio bila zebilen Pemex enpresa Yucatan aldean. Petrolio prospekzio horietako batean kraterrarekin egin zuten topo, haiek ezer jakin gabe. Lur azpitik –ia kilometro bateko sakoneratik– ateratako harrien laginak enpresako armairu batean gorde zituzten, aparteko kasurik egin gabe. “Prospekzioen berri izan genuenean bertara joan eta ohartu ginen hura zela falta zitzaigun froga. Harri haiek meteoritoaren talkak sortutako kuartzoak ziren, munduan zehar sakabanatuta aurkitu genituen tektiten garai berekoak. Chicxulubekoa zen bila genbiltzan kraterra”.

Zer gertatu zen talkaren ondoren?

“Lehenik eta behin, Lurra ilunpean gelditu zen. Meteoritoak harrotutako hautsak, sumendiek jaurtitako materialekin batera, zerua erabat estali zuten. Argi izpirik ez zen iristen lurrazalera, landareek ezin izan zuten fotosintesia egin, eta kate guztia eten egin zen. 20 kilotik gorako espezieak ia bat-batean desagertu ziren. Ilunpean, Lurra ikaragarri hoztu zen. Gero, atmosferan pilatutako hauts horiek pausatu ahala, eguzkiaren izpiak eta energia berriro lurrazalera iristen hasi ziren. Orduan kontrakoa gertatu zen: berotegi efektuaren ondorioz, Lurra asko berotu zen”. Espezieen % 70 desagertu ziren, tartean 130 milioi urtez Lurraren jaun eta jabe izan ziren dinosauroak. “Baina desagerpen handiak eboluzioaren parte dira”, erantsi du Smitek: “Aurreko espezieek utzitako zuloak laster estaltzen ditu bizitzak egoera berrira egokitutako espezieekin”.

Desagertze handiak

Azken 600 milioi urteetan espezieen 20 desagertze handi gertatu dira, baina horietako bost nabarmentzen dituzte zientzialariek, bizitza erabat desagertzeko zorian izan zelako.

435 milioi urte

Lurrak glaziazio luze bat pairatu zuen, eta itsasoko bizitza desagertzeko zorian izan zen. Arrain batzuk bizirik irauteko gai izan ziren, eta ornogabe gehienak desagertu egin ziren.

367 milioi urte

Arrain espezie asko desagertu egin ziren, eta ornogabeen % 70 ere bai.

245 milioi urte

Inoizko desagertzerik larriena, itsasoko zein lurreko espezieen %90 desagertu baitziren.

210 milioi urte

Itsasoko ornodunen % 75 desagertu egin ziren. Dinosauroen aroari hasiera eman zitzaion.

65 milioi urte

Espezieen % 70 desagertu ziren, tartean dinosauroak eta amoniteak. Ondoren, ugaztunak bihurtu ziren jaun eta jabe.

Gaur egun?

Zientzialari askok diote seigarren desagertze handi batean gaudela murgilduta.

Zerk eragiten ditu?

Duela 65 milioi urtekoa meteorito batek eragin zuela frogatutzat ematen den arren, ez dago batere garbi zerk eragin zituen aurreko guztiak. Bi dira, oro har, desagertze handiak azaltzeko erabiltzen diren kausak. Batetik, arrazoi tektonikoak: bizitzaren sorreran zerikusi handia izan zuen bezala, desagertzeetan ere eragin handia dutela pentsatzen da. Kontinenteen mugimenduek eta ozeanoen zabaltzeak berebiziko eragina dute klima berotu edo hozterakoan, eta normalean klima aldaketa bortitzen ondorioz gertatzen dira desagertze handiak. Mugimendu horiei lotuta dago, esate baterako, sumendien aktibitatearen bizkortzea.