Lurraren historiaren lau mugarri Zumaiako haitzetan

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 15:30
Algorriko labarra helikopterotik. Argazkia: Gorka Zabaleta

Lurraren historian mugarri izan diren lau gertaera ikus daitezke Algorritik Itzurunera doan itsaslabar tartean. Laurak ere erreferentziazko geruzak dira mundu osoko geologoentzat.

1. K/T muga (65,5 milioi urte)

Non: Algorrin.

Espezieen % 70 desagertu ziren, dinosauroak tartean. Meteorito batek Lurraren kontra talka egin ondoren, harrotutako hautsak ilunpean utzi zuen planeta osoa. Tenperatura asko jaitsi zen, euri azidoa etorri zen ondoren, eta amaieran berotze handi bat, negutegi efektua zela medio.

2.Daniensea/Selandiensea (60,5 milioi urte)

Non: San Telmo ermitaren azpian, ekialdera.

Itsas mailak 80 metro egin zuen behera, itsas hondoa hondoratu egin zelako. Iberiar Penintsula mugitzen ari zen kontinentearekin bat egiteko. Arrazoiak, beraz, tektonikoak izan ziren.

3.Selandiensea/Thanetiensea (58,7 milioi urte)

Non: gutxi gorabehera, Santelmopea eta Itzurun bereizten dituen labarrean, baina mendebalderantz.

Lurraren polaritate magnetikoa irauli egin zen. Hau da, ipar magnetikoa hego poloan kokatu zen. Ez zuen ondorio aipagarririk izan. Betidanik gertatu izan den fenomenoa da, azkena duela 790.000 urte.

4. Paleozenoa/Eozenoa (56 milioi urte)

Non: Itzurungo ‘zaldien’ irudiaren ondoan.

Azken milioika urteetan Lurrak ezagutu duen beroaldirik handiena gertatu zen. 50.000 urtean bost gradu igo zen tenperatura, batez beste. Zer gertatu zen? Teoriak dio Atlantiko hondoko geruzak ireki egin zirela, itsas hondoko sumendien aktibitatea ikaragarri hazi zela eta itsas hondoan harrapatuta zegoen metanoa askatu egin zela. Horrek itsasoak azidifikatu eta atmosferan negutegi efektu ikaragarria eragin zuen. Desagertzeak gertatu ziren, baina batik bat migrazioak. Muga honetatik aurrera ageri dira lehen simioak.