Victoriano Pujalte: “Duela 100 milioi urte itsas hondoan zegoen inguru hau guztia, mila metroko sakoneran”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 14:08
Victoriano Pujalte, 'Flysch, haitzen hitza' dokumentalaren grabazioan.

San Telmoko itsaslabarretan azaldu digu Victoriano Pujalte geologoak ingunea nola aldatzen den. “Kostako lerroa Gasteiztik hegoaldera zegoen, eta Huescaraino iristen zen. Hortik iparrera, sakonune handi bat zegoen, eta hondakinak pilatuz joan ziren pixkanaka itsas hondoan, 50 milioi urtean”. Gero, Iberiar Penintsulak eta Eurasiakbat egin zutenean, itsas hondoan zeuden geruza horiek altxa eta azaleratu egin ziren. Itsasoak, euriak eta haizeak zizelkatu dituzte gaur egungo itxura eman arte. “Horri esker, Lurraren historia ondoen jasotzen duen liburuetako bat dugu Zumaian”.

 
Kosta lerroa duela ehun milioi urte.

Itsas hondoan pilatutako hondakin hori guztia harri bihurtu eta geruzetan banatu zen. “Geruza batzuk gogorragoak dira, beste batzuk bigunagoak. Itsasoan bizi ziren izaki oskoldun mikroskopiokoak hondora amiltzen ziren hiltzean. Horiek ugari zirenean geruzak gogorragoak dira. Aldiz, geruza bigunak buztinezkoak dira, batez ere”. Gehienontzat datu hutsak direnak Lurraren, bizitzaren eta klimaren historia arakatzeko arrastoak dira geologoentzat: izaki bizidunen hondakinez osatutako geruzek adieraz dezakete garai beroa zela, bizitza ugaldu egiten delako horrelakoetan; buztina nagusi bada, berriz, garai hotza eta euritsua izan zela ondoriozta daiteke, ibaiek garraiatutako hondakinak baitira nagusi. Nola detektibeak, hala ibiltzen dira geologoak haitz artean arrasto bila: haitzen konposizioan, zabaleran edota itxuran; izaki bizidunek utzitako arrastoetan, haien kopuruan edota bilakaeran.

Harriek gordetzen duten informazio hori zientzialariak irakurtzeko gai direlako dakigu Lurraren historian klima aldaketa bortitzen eskutik etorri direla bizitzaren suntsitze masiboak. “Esate baterako, Paleozenoaren eta Eozenoaren arteko mugan izugarri berotu zen Lurra, itsasoak azidifikatu egin ziren eta espezie asko hil egin ziren. Ez zuten egokitzeko astirik izan (200.000 urtean gertatu zen berotze prozesua)”, azaldu du Pujaltek. 

Harriak irakurtzeko munduko leku onenetakoa da Zumaia. Geologoek hala aitortzen dute. “Zumaia meka bat da guretzat”, dio Juan Carlos Gutierrezek. “Sekzio hau bikaina da: milioika urte jasotzen dituelako jarraian, oso erosoa delako ikertzeko, oso ikertua dagoelako, eta oraindik asko duelako emateko. Zumaiak beti du erantzun bat galdera berri bakoitzeko”. Xabier Orue Etxebarriak 1977tik dihardu lanean Zumaian. Bere iritziz, hemen egindako ikerketak berebizikoak izan dira meteoritoak suntsipen handien eragileen zerrendan jartzeko. Nazioarteko geologia erakundeko buru Stan Finney-k eta Birger Smichtz-ek ere zalantzarik gabe aitortzen diote Zumaiako sekzioari mundu mailako garrantzia.