Francisco Anguita: “Bizitza gizakia gabe zoragarria litzateke”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 13:56
Francisco Anguita, Flysch, haitzen hitza dokumentalaren grabazioan.

Francisco Anguitak ez du fede handirik gizakiarengan. Barrenak astintzen dizkigu esaldi zorrotzekin. “Homo sapiensa erabat insolidarioa da biosferarekin. Ez dut uste asko iraungo dugunik. Kezkatzeko arrazoiak ditugu. Batzuek diote azken bidegurutzea atzean utzi dugula, muga guztiak gainditu ditugula eta kolapsorantz goazela. Gizakiok arazo handi baten aurrean gaude, baina bizitza ez. Beti geldituko dira bakterioak. Bizitza gizakia gabe? Zoragarria litzateke”. 

Lurrak 4.600 milioi urte ditu, bizitzak ia 4.000 milioi urte. Gizakiak 4 milioi urte baino ez. Zibilizazio zaharrenetatik 5.000 urte baino ez dira pasa. “Lurraren historia urtebeteko eskalan jarriko bagenu, gizakia azken eguneko gaueko hamarretan agertuko litzateke”. Hutsaren hurrengoa. Ulergaitza egiten zaigu, ordea. Zailtasunak ditugu denbora geologikoaren neurriaz jabetzeko. “Espazio sakona kontzeptu ezaguna da, eta planeten eta izarren arteko distantziak neurtzeko erabiltzen dugu. Gure arbasoek ere ziurrenik bazekiten zerua ikaragarri handia zela, misterioz beterikoa. Baina denbora sakonaren kontzeptua askoz berriagoa da. Pentsa, Shakespearek uste zuen Lurrak 6.000 urte baino ez zituela”. Hutonek asmatu zuen denbora sakonaren ideia. “Behin, haitz batzuen aurrean zegoela, ohartu zen posizio hura posible zela soilik milioika urteko bilakaera baten ondorioz. Orduan, denborazko amildegi haren aurrean hunkituta, sortu zuen denbora sakonaren kontzeptua”.

“Lurraren historia urtebeteko eskalan jarriko bagenu, gizakia azken eguneko gaueko hamarretan agertuko litzateke”

Denbora sakon horrek 4.600 milioi urteko bidaia batera garamatza, Lurraren historia hasi zen uneraino. “Lurraren jatorrizko atmosfera nolakoa zen ez dakigu oraindik zehazki, baina badakigu gaur egun baino negutegi efektu handiagoa eragiten zuela Lurrarengan. Pentsatu orduan eguzkiak gaur baino % 30 energia gutxiago bidaltzen zuela. Negutegi efektu hori gabe, ziurrenik Lurra betiko izoztuko litzateke”. 

Atmosfera hartan ez zegoen oxigenorik. Horrek ez du esan nahi bizitzarik ez zegoenik. “LUCA deitzen zaio lehen izaki bizidunari, espezie guztion lehen arbasoari. Pentsatzen da duela 4.000 milioi urte inguru sortu zela. Nola sortu zen? Bizitzaren sorrera oso lotuta dago lurrazala osatzen duten geruzen mugimenduarekin. Badakigu ordurako mugitzen ari ziren kontinenteak zeudela, zabaltzen eta ixten ari ziren ozeanoak, eta uste dugu mugimendu horiek guztiek sortu zituztela bizitza sortzeko baldintza egokiak”. Zientzialariek ez dakite LUCA nolakoa zen, baina handik aurrera bizitza ugalduz joan zen. 

Lurraren historiaren erdibidean edo, duela 2.000 milioi urte inguru, berebiziko aldaketa gertatu zen. “Ordura arte atmosferan ez zegoen oxigenorik eta izaki bizidunak horretara zeuden egokituta. Baina bakterio mota bat –estromatolitoak– karbono dioxidoa hartu eta oxigenoa sortzen hasi zen, mutazio bat zela medio. Fotosintesia sortu zen. Atmosfera oxigenoz bete ahala, egoera berrira egokitu ez zirenak hil egin ziren: oxigenoa pozoia zen haientzat. Planeta erabat aldatu zuen gertakari hark”. Oxigenoari esker bizitzak jauzi izugarria egin zuen: bioaniztasuna areagotu egin zen. “Oxigenoa energia iturri bikaina da eta horri esker espezie konplexuagoak sortu ziren, dinamikoagoak”. 

Duela 1.000 milioi urte inguru beste une erabakigarri bat gertatu zen bizitzaren historian: sexuaren guda. “Sexu bidezko ugalketa agertu zen, eta horri esker espezie barietatea izugarri areagotu zen”.

Eta horrela, denbora sakonean bidaiatuz, bizitzaren historia gorabeheraz beteta dagoela ohartuko gara. “Pentsa genezake bizitzaren historia sinplea dela: une batean sortu eta ordutik etengabe garatzen ari dela. Baina erregistro geologikoaren ikerketak, haitzetan iltzatuta gelditu den bizitzaren historiak, beste zerbait dio. Bizitzak aurrera egin duen bezala, batzuetan geldiuneak izan direla, baita atzerakadak ere. Biosferaren historia mendi errusiar bat bezalakoa da, aniztasuna eta oparotasuna batzuetan, krisiak eta desagertze masiboak besteetan”. Bizitzak garaipen asko izan ditu, baita porrot bat edo beste ere.

“Beste planeta batekoak diruditen animaliak bizi ziren duela 600 milioi urte”

Sexuaren gudaren ondoren, beste hainbat bidegurutze gainditu behar izan ditu bizitzak. “Beste planeta batekoak diruditen animaliak bizi ziren duela 600 milioi urte”. Gaur egun arte bilakaera ikaragarria izan dute Lurrak eta bizitzak. “Geografiak aldakorrak dira, zibilizazioak bezala”. Klimak aldaketa ikaragarriak izan ditu –erabat izozteraino, edota beroaldi handiak–, eta aldaketa horietara egokitu behar izan du bizitzak. Zenbaitetan suntsipen ikaragarriak gertatu dira, esate baterako, meteorito handiek talka egin ondoren. Baina kolpe latz horiek ezinbestekoak izan dira eboluzioan. “Gu hemen gaude dinosauroak duela 65 milioi urte desagertu zirelako”.

Bizitzaren biografia laburra

4.570.000.000: Lurra sortu zen, Eguzki Sistema osoarekin batera.

4.440.000.000: Badirudi ordurako ozeanoak zeudela, Australian aurkitutako mineral baten distribuzio kimikoaren arabera. Beraz, bizitza sortzeko aukerak oso goiz agertu ziren.

4.000.000.000: Lehenizaki biziduna, guztion arbaso komuna: LUCA deitzen diote. Pentsatzen da duela 4.000 milioi urte sor zitekeela.

3.850.000.000: Bizitzarenak izan daitezkeen lehen zantzuak Groenlandiako haitz batzuetan: bizidunengan gertatzen den karbono 13aren agortze maila antzekoa aurkitu zuten. Ez da froga erabakigarria.

3.500.000.000: Zelula bakarreko izakiak zeudela pentsatzen da. Fosil zalantzagarriak aurkitu dira.

3.200.000.000: Gaur egungoen antzeko bakterioak.

2.000.000.000: Atmosfera oxigenoz bete zen, bakterio batzuek fotosintesia asmatu ondoren. Planeta erabat aldatu zen.

1000.000.000: Sexu bidezko ugalketa agertu zen lehen aldiz. Bioaniztasunerako atea izan zen.

700.000.000: Izaki bizidun konplexuak agertu ziren. Ordura arte, bakterioak izan ziren jaun eta jabe.

542.000.000: Izaki oskoldunak agertu ziren espezieen desagertze handi[W1]baten ondoren. Bizidunek oskola asmatu zuten bizirik irauteko. Ordutik aurrerako fosil asko daude.

450.000.000: Arrainak agertu ziren.

435.000.000: Landareek Lurra kolonizatu zuten.

360.000.000: Intsektuak eta ornodun anfibioak.

340.000.000: Narrastiak.

215.000.000: Meteorito batek desagertze handi bat eragin zuen. Dinosauroen aroa hasi zen jarraian. Lehen ugaztunak ere orduan agertu ziren.

190.000.000: Hegaztiak

145.000.000: Loredun landareak

55.000.000: Dinosauroak desagertu ondoren, ugaztunak nagusitu ziren.

5.000.000: Lehen hominidoak.

200.000: Gaur egungo gizakia: homo sapiensa.

5.000: Egiptoko zibilizazioa.