Motxoren istripua(I): Gertaeren kontakizuna eta zenbait galdera

Gorka Zabaleta 2010ko aza. 10a, 12:22
Motxo arrantzontzia harraldean. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Azaroaren 4an Motxo izeneko arrantzontziak hondoa jo zuen Zumaia eta Deba arteko harraldean, Baratzazarraurrean. Eskifaia onik atera zen, baina ontzia berreskuratzeko saioak ustelak izan ziren. Lehen egun hauetako kronika da hau.

Hauxe duzue ostegun goizetik larunbat arratsaldera arte gure begiekin istripuaren lekuan bertan ikusi ahal izan dugunaren kontakizuna. Era berean, bidean sortu zaizkigun galdera batzuk ere plazaratu nahi izan ditugu.

 

Azaroak 4, osteguna

Goizaldeko 5ak dira. Bermeoko Motxo arrantzontziaren larrialdi deia iritsi da Bilboko Itsas Salbamendurako zentrora. Zumaia eta Deba arteko harraldean, Baratzazarraurrean, hondoa jo eta arriskuan daude eskifaia osatzen duten bederatzi arrantzaleak. Handik gertu zeuden dozena bat arrantzontzi izan dira iristen lehenak, baina ezin izan dute ezer egin, gehiegi hurbilduz gero haitzen bat jotzeko arriskua dutelako. Iritsi da Salbamendurako zentroak bidalitako laguntza. Santanderko Helimer 212 helikopteroarekin atera dituzte bederatzi arrantzaleak, zortziak aldera. Denak onik daude.

Motxo arrantzontzia, baina, harraldean gelditu da kateaturik, ez atzera ez aurrera. Deposituan 15 tona erregai ditu, eta sareak haitzean zabalduta gelditu dira. Arrantzontzia handik nola atera da orain kezka. Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko kontseilariorde Raul Fernandez Arroiabe istripuaren lekura iritsi da, eta hantxe eman ditu lehen azalpenak, Baleikeko kazetariak egindako galderei erantzunez: “"Sareak botata zituen eta arrantzan ari ziren, arazoren bat izan dute eta itsasoak harralderaino ekarri ditu. Goizeko bostetan eman dute alarma eta 08:00etan helikoptero batekin erreskatatu ditugu eskifaiako kide guztiak. Orain gure kezka nagusia da arrantzontzia lehenbailehen ateratzea inolako isurketarik eragin gabe. Izan ere, 15 tona gasolio ditu deposituan eta hemen hondoa oso arriskutsua da, haitzek kroskoa zula dezakete. Kontuan hartu behar da babestutako eremu batean gaudela. Beraz, kontu handienarekin egingo dugu maniobra". Sareak botata eta arrantzan. Barne Saileko kontseilariordearen hitzak dira. Arrantzontziaren jabeak, patroiak eta arrantzaleek oso bestelako bertsioa eman dute: Pasaiara bidean zihoazela, olatuen kolpeek ezustean harrapatu dituztela, olatuetako bi besteak baino bortitzagoak izan direla, ontzia okertu eta sareak galdu dituztela, eta sarea ontziaren ardatzean korapilatu eta motorra indarrik gabe gelditzean olatuek harralderaino eraman dutela arrantzontzia.

15:00etan da itsasgora eta orduan saiatuko omen dira arrantzontzia itsasoratzen. Bitartean, ordea, Motxo ehun bat metro gorago ekarri dute urak eta olatuek, ia labarren pareraino. Plana hauxe da: Motxo atoiontzi bati lotzea soka batekin, eta itsasorantz tira egitea. Baina soka lotzeko modurik ez dago. Helikoptero batetik saiatu dira, baina ez da posible. Arrantzontziak bertan pasa beharko du gaua, sabelean 15 tona erregai dituela.

Galderak:

-Motxo kostatik gertuegi ari zen arrantzan edo Pasaiara bidean zihoala izan zuen istripua?

-Zergatik ez zuten aprobetxatu goizeko itsasbehera, artean Motxo harraldean beherago zegoenean, erreskatea saiatzeko? Edo gutxienez, hurrengo egunean egin bezala, soka batekin atoiontzira lotzeko?

-Aseguru-etxea istripuaren lekura iritsi eta lanean hasteko adostasuna eman arte zain egotea erabaki al zuen Jaurlaritzak? Aseguru etxearen oniritzirik gabe lanean hasiz gero ontziaren jabeak kalte ordaina galtzeko arriskua zuelako, agian? Interes pribatuek al dute lehentasuna larrialdi batean?

 

Azaroak 5, ostirala

Goizean goiz hasi dira Itsas Salbamendukoak eta aseguru etxeko langileak erreskate saioa prestatzen. Helburua: itsasoan dagoen atoiontzia eta Motxo soka bidez lotzea, gero, itsasgoran, tira eginez harraldetik ateratzeko. Uretako moto baten laguntzarekin eta langileak uretan gerriraino sartuta, azkenean lortu dute. Operazioko arduradunak eta politikoak itxaropentsu agertu dira, itsasgorarekin azkenik Motxo salbatzeko aukera izango dela uste dute. Erregaiarekin ez dute ezer egin, deposituan segitzen du.  

15:40an, itsasgorarekin batera, ziren saiatzekoak, baina maniobra aurreratu egin da. Lekukoak harri eta zur gelditu dira: olatuek ontzia mugitzen dutela ikusirik edo, 14:00ak aldera atoiontzia tiraka hasi da, arrantzontziak artean hondoa jotzen duen arren. Motxo irauli eta ababor aldera etzanda gelditu da. Atoiontziak tiraka jarraitu du hala ere, eta soka eten egin da. Segidan, okerrena gertatu da: erregaia isurtzen hasi da. Eta isurketari aurre egiteko baliabide guztiak Zumaiako portuan. Operazioa 15:40an hastekoa zenez… Atoiontzia tiraka ari zen bitartean, kirol portutik ontzi azkar bat abiatu da istripuaren lekurantz. Politikariak, kazetariak eta argazkilariak daramatza. Erreskate arrakastatsuaren irudi onenaren bila doaz. Iritsi dira Baratzazarraurrera. Ohartu dira gertatutakoaz. Ziztu bizian eman dute buelta, berriro porturantz. Argazkirik gabe gelditu dira.

Operazioa zuzentzen ari diren teknikariei egokitu zaie azalpenak ematea: “Horrelako maniobrak oso zailak dira, hamarretik bederatzi gaizki ateratzen dira; zorionez, bederatzi arrantzaleak onik daude eta hori da garrantzitsuena”. Eta Erregaia? “Gasolioa oso erraz lurruntzen da eta kaltea ez da hain larria izango. Gainera, hesiak eta bestelako neurriak prest ditugu isurketari eusteko”.

Motxok bigarren gaua pasa beharko du harraldean. Okerrena da erreskaterako pentsatua zegoen planak huts egin duela, ontzia orain etzanda gelditu dela, eta inork ez duela handik ateratzeko modurik ikusten. Hala ere, arduradunek diote hurrengo goizean berriro saiatuko direla.

Galderak:

-Zergatik ez zuten aurrena erregaia atera? Isurketa arriskua ekiditeaz gain, arrantzontziak 15 tona gutxiago pisatuko zukeen.

-Erreskatea itsasgorarekin batera saiatzekoak baziren, zergatik hasi zen atoiontzia tiraka ia bi ordu lehenago?

Azaroak 6, larunbata

Goizeko 10:00ak dira. Gaur ez dago politiko eta arduradunen arrastorik. Alde egin dute. Kazetaririk ere ez, apenas. Jakin-minak bultzatuta, ikusmiran dabilen jendea gerturatu da gaur, batik bat. Galarretatik behera, garabidun kamioi bat ikusi dugu. Beherago, Baratzazarretan, poleadun ibilgailu bat. Kablea botata dauka harraldera. Aldundiko lantaldea da, eta sarea atera nahian dabiltza. Kablea motzegia dela eta soka bat lotu behar izan diote sareraino iristeko. Baina nahi baino gehiago ari zaie kostatzen: poleadun ibilgailua kabletik tiraka hasi denean, sarea haitzetan kateatu eta soka eten egin da, bortizki gainera. Hiru aldiz gertatu zaie, eta susto txiki bat ere izan du han begira zegoen gazte batek.

Handik metro gutxira dago Motxo, harri gogorraren gainean etzanda. Istripua izan zuenetik haitzean egindako bidearen arrastoa jarraitzen ez da zaila: brankadetako hortz zorrotz birrinduei jarraitu besterik ez dago. Inguruan dituen langileak behaketa lanetan ari dira, ez dira ari prestatzen beste erreskaterik. 3.000 litro gasolio baino ez omen ditu sabelean. 12.000 isuri ditu, beraz. Eta ondorioak bertarik bertara suma daitezke. Putzuak kutsatuta daudela salatzen dute erregaiaren kolore biziek. Gutxienez, Pikoteazpirainoko tartea harrapatu du gasolioak. 

Amore eman dute. Motxo bertatik ateratzea ezinezkoa dela erabaki dute, eta bertan geldituko da. Bertan desegitea omen da gelditzen den irtenbide bakarra, eta nola egin aztertuko omen dute astelehenerako deitutako bileran. Erabakia hartzerako ez ote die itsasoak aurrea hartuko…

Galderak:

-Nork hartuko du bere gain erreskate operazioan hartutako erabaki okerren erantzukizuna?

-Halakorik berriro gerta ez dadin hartu beharreko neurriak hartuko al dira? 

-Honelako kasuetarako ba omen dago protokolo bat. Bete al da? Zenbateraino?


Erlazionatuak

'Motxo'-ren istripua argazkitan

Gorka Zabaleta 2011 urt 10 Zumaia

Motxoren istripua

Gorka Zabaleta 2010 aza 04 Zumaia

'Motxo' lehorreratzeko lanak

Gorka Zabaleta 2011 urt 07 Zumaia

'Motxo' harraldetik altxatzen

Gorka Zabaleta 2010 abe 09 Zumaia