“Hogei metrotik behera badirudi Ilargian zaudela”

Gorka Zabaleta 2011ko ots. 10a, 11:55
Urpekariak. Argazkia: Ander Unanue

Olarrusub elkarteak biltzen ditu 2003tik herriko urpekari gehienak. Joserra Zubia, Ander Unanue eta Aitor Leiza dira haietako hiru. Hirurak ere urpeko arrantzan hasi ziren, baina jakin minak gehiago nahi. “Arrantzara bazoaz, gehienez hamar metroko sakoneran ibiliko zara, norbere biriken gaitasunaren arabera. Hortik behera dagoena ezagutzeko grinarekin hasi ginen sakonera handiagoan murgiltzen, oxigeno botilekin. Eta konturatzen zara beste mundu bat daukagula etxe hondoan. Espazioan ibiltzea bezala da, grabitatearen pisurik ez dago. Lasaitasuna sentitzen da”.

Ostarrena. Argazkia: Joxerra Zubia

Gehienez 20 metroko sakoneraraino murgiltzen dira, gutxik baitute hortik behera jaisteko titulua. “Dena den, Zumaia inguruan askoz gehiago jaistea ez du merezi. Jaizkibelen, esate baterako, segituan jaisten zara 20 metrotik behera, malda handia dagoelako. Baina hemen ez. Gure itsas hondoa oso etzana da, brankadak dira gehien bat, eta oso urrutira joan behar da 30 metroko sakoneran ibiltzeko. Algorri parean, asko jota ere, 15 metro harrapatuko dituzu. Aztiren mapan ikusten da brankadak oso luzeak direla”. 

20 metrotik behera paisaia erabat aldatzen omen da. “20 metrotik behera gehiena haitza da, hondarrarekin nahastuta. Belarrik ez dago. Badirudi Ilargian zaudela. Kolore guztiak joan egiten dira, galdu egiten dira. Horregatik urpekariek linternak eramaten dituzte, koloreak ikusi ahal izateko. Argi artifiziala sartu behar da”.

“Koska” asko dituen hondoa omen da egokiena murgiltzeko. “Dena laua den lekuan normalean ezer gutxi topa daiteke. Hori da orain arte guk erabili dugun erreferentzia lekuak aukeratzeko. Ontziaren zundak erakusten dizu itsas hondoaren erliebea: koska asko topatzen dituen tokian, aingura bota eta han murgiltzen gara. Gero, noski, leku klasikoak daude, esperientziak erakutsita ahoz aho ikasi direnak. Baina Aztik ateratako mapa horrek dakarren informazioa maila ez dugu sekula izan”.

Gomexa. Argazkia: Iñaki Zorita

Mazoparri

Inguruan urpekaritza egiteko leku onenetakoa Mazoparriomen da, Getariako San Anton mendiaren ekialdean. “Mazoparrioso leku ona da, batez ere babesean gelditzen delako. Portu naturala da. Bestela, Zarautzen Mollarri aldean, Zarautz eta Getaria artean, Kaminoazpiko haitzetan ere bai, Mutrikun Alkolean ibili izan gara… Algorrin sar zaitezke eta itsaso onarekin gozatu egingo duzu, baina gure kosta zatia oso dago itsasoaren menpe eta egun gutxi izaten dira murgiltzeko onak. Urtean 20 bat aldiz sartuko gara asko jota”. 

Getaria aldean egindako murgilaldietan “oso gauza politak” ikusi dituzte: “Zapua, otarrainak… Otarraina azala aldatu berria ere ikusi genuen. Espezie aniztasun handia dago. Agian Getariako portua bertan dagoelako eta itsas hondora karnata asko iristen delako… Eta Getariako portutik murgildu izan garenean, han bertan olagarroak, andarikak eta gomexak ikusi izan ditugu. Handienak, gainera, beti gauez”.

Urpekari gehienak ur azpian paseatzera eta arrain handiak ikusteko ilusioarekin murgiltzen dira. Beste batzuek, berriz, aurkikuntza txikiekin gozatzen dute. Aitor Leizaren kasua da: “Leku bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Inpernupe eta Parolpe inguruan ibili izan naiz, esate baterako. Ni neu gauza txikien atzetik ibiltzen naiz. Hamar milimetroko animalia txikiak. Adibidez, badaude izkira batzuk anemonetan bizi direnak; beste batzuk ostarrenen arantzetan bizi direnak”.

Joxerra Zubia, Ander Unanue eta Aitor Leiza. Argazkia: Gorka Zabaleta