Mapetan agertzen ez zen mundua

Gorka Zabaleta 2011ko ots. 10a, 10:56
Batel eta motor txikiak Zumaia aurrean arrantzan, ilunabarrean. Argazkia: Javier Carballo

Iruermita, Saloentertza, Sanantonbarrua, Pikea… Mapetan ageri ez diren lekuen izenak dira, itsasoan orientatzeko arrantzaleek mendez mende ikasi dituzten lehorreko markak. Itsasoan dena ur, ezin tokirik bereiztu, ezin maparik osatu. Gaur arte: teknologia lagun, itsas hondoaren mapa zehatza osatu du Aztik, eta urak ezkutatzen zituen sekretuak agerian utzi ditu. 

 

Gizakia gizaki denetik, mapak marrazten ditugu, lekuei izenak ematen dizkiegu, inguruan daukaguna ezagutu eta menperatzeko. Ibaiak, mendiak, basoak, herriak, bideak, hondartzak, portuak, mugak… Intereseko guztia kokatzen dugu mapetan. Horregatik dira hain baliotsuak. Lurralde berrien konkistan, mapa zehatzena da baliabiderik eraginkorrena. Eta inguru berriak ezagutu eta menperatu ahala, munduaren mapa osatzen joan gara, eta bazter ezkutuena ere eskura jarri dugu.

Itsasoak lurralde ezezagunetara eraman gaitu iraganean, baina ezer gutxi dakigu azpian gordetzen duenaz. Gurea bezalako herri arrantzaleek ikasi dute, mendez mende arrainen peskizan, itsas hondoaren nolakotasuna urazaletik interpretatzen. Baina itsasoa dena ur, ezin tokirik bereiztu, ezin maparik osatu. Lehorreko markak baliatu dituzte gure arrantzaleek arrantza-tokiak oroimenean gordetzeko: Iruermita, Andikaraerresta, Santelmoertza… Mapetan ez dituzu aurkituko. 

Eta urpekariak, urazalaren azpian gordetzen diren sekretuak bertatik bertara ikusteko irrikaz murgiltzen dira, baina hain da zabala itsasoa, hain zaigu arrotza…

Bada, zientziaren eskutik etorri da berrikuntza, beste behin. Itsas hondora begiratzeko leiho bat zabaldu berri dute zientzialariek: euskal kostaldeko itsas hondoaren mapa osatu du Aztik, tartean Zumaiari dagokion zatiarena. Kostatik ehun metroko sakoneraraino, metroz metro, zehaztasun ikaragarriarekin. Itsaspeko munduaren lehen mapa. Balioko al du guk gehiago maitatzeko… 

Mapako puntu interesgarriak

Geologia

1. Urolaren paleokanalak

Duela 20.000 urte itsas maila ehun metro beherago zegoen, kosta lerroa zazpi bat kilometro aurrerago, itsasaldera. Urola ibaiaren ubide zaharra ederki ikus daiteke itsas hondoan, 70 metroko sakoneraraino. Gainera, bigarren ubide bat du mendebaldera.

2. Erreken paleokanalak

Urola ibaiaren antzinako ubideetatik mendebaldera, Andikaraerrekak, Oristoerrekak edota Galarretaerrekak utzitako arrastoak ikus daitezke.

3. Antzinako marearteko zabalguneak

Garai batean marearteko zabalguneak izandakoak ere ikusten dira itsas hondoan. Brankada luzeetan lauzpabost koska identifikatu dituzte zientzialariek: antzinako amildegien arrastoak dira. Itsasoa ohi baino azkarrago igo zen garaietan sortu ziren koska horiek.

4. Egitura bitxia

Marianton puntaren parean, zulo bat dago brankadaren erdian. Lauki itxura du eta erdian hiru haitz punta nabarmentzen dira. Zientzialariei bitxia iruditu zaie eta oraindik ez dakite zer ote den.

Arrantza

5. Iruermita

Mendizorrotzek eta San Antonek osatzen duten lerroa alde batetik (ekialdetik mendebaldera datorrena) eta Saloente Arritokietak eta San Telmok osatzen dutena bestetik (lehorretik itsaso aldera). Gurutzatzen diren puntuari Iruermita deitzen diote arrantzaleek. Zumaiako arrantza toki ezagunenetakoa da, txibitarako, adibidez. Aztiren maparen gainean jarrita ikus daiteke bokaleko hondarra amaitu eta haitza hasten den lekuan dagoela, eta Urolaren paleokanalen barrualdeko muturraren gainean.

6. Pikea

Zumaiarren arrantza toki ezaguna hau ere. Bokaletik irten eta iparralderantz hartuta. Izustarri pasa eta “gora”, Getaria aldera.

7. Haitzak

Arrantzaleek ederki dakite itsas hondotik nabarmentzen diren haitzak oso egokiak direla arrantzarako. Panekarria, esate baterako. Non dauden ez dute zabaltzerik nahi, baina Aztiren maparekin errazagoa izango da aurrerantzean leku berezi horiek aurkitzea.

8. Lehorreko erreferentziak

Itsasotik lehorrean ikusten diren erreferentziak erabili izan dituzte arrantzaleek itsasoan orientatzeko eta arrantza tokiak markatzeko: tontorrak (Izarraitz), baserriak (Andikara, Santa Klara), ermitak (San Telmo, Arridokieta, San Lorente), edota bestelako eraikinak (Parola). 

Urpekaritza

9.Mazoparri

Getariako San Anton mendiaren ekialdera gelditzen den harraldeari deitzen zaio Mazoparri. Babesean gelditzen delako dute gogoko urpekariek. Gainera, Getariako portua ondoan duenez, jatekoak erakarrita, espezie asko biltzen omen dira paraje hartan.

10. Alkolea

Mutriku aldean dago. Urpekaritzarako leku egokia hau ere. Zarauzko Mollarrin, Kamineroazpian, Zumaiako Parolpean, Inpernupen edota Algorrin ere ibiltzen dira urpekariak.