Badiren seinale

Gorka Zabaleta 2011ko mar. 10a, 18:53
Ontzietara hurbiltzeko joera dute izurdeek. Argazkiak: Ambar elkartea

Otsailean dozena bat izurde hilda agertu izanak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Ez ohiko kopurua zen eta adituak ere erne jarri zituen, heriotza haiek zerk eragin ote zituen. Baina behin animaliak aztertuta, ez omen dago kezkatzeko arrazoirik, “gaixo edo ahulduta” zeudelako hil omen ziren. Argi gorriak itzalita, ohartu gara ezer gutxi dakigula gure itsasoan bizi diren izurde eta baleez.

“Nik hamar urte daramatzat lan hauetan eta begia ere egin egiten zaizu. Nire esperientzia pertsonala da urte horietan itsasora egindako irteeratan agian bitan bakarrik bueltatu garela izurderik edo balearik ikusi gabe. Jendeak uste duena baino gehiago dago. Ni ez naiz Kanadara joan, ez naiz Argentinara joan, eta dagoeneko ia 20 espezie ikusi ditut hemen”. Ilazki Goenaga (Azpeitia, 1982) biologoa Ambar elkarteko kide da, eta ederki ezagutzen ditu euskal kostaldean bizi diren zetazeoak. Bere eskutik, etxe ondoan ditugun animalia eder hauek pixka bat ezagutzeko aukera izan dugu.

Izurdeak

“”Izurde mota bat baino gehiago bizi da gure itsasoan. Egin ditugun ikerketen arabera, esan dezakegu badagoela izurde populazio bat bertakoa dena eta urte osoan bertan bizi dena, eta beste izurde multzo bat migratzailea dena. Izurde handi, izurde arrunt eta izurde marradun talde batzuk, behintzat, bertakoak dira. 

Mazopak ere badaudela pentsatzen dugu, baina orain arte hemen hilda bakarrik ikusi ditugu. Otsaileko lehorreratze horietan, adibidez, bat agertu zen Getarian. Bizirik ikusteko oso baldintza bereziak behar dira, oso denbora gutxi egiten baitu ur azalean. Baina egon badaude, bestela ez lirateke hilda agertuko”.

 Kalderoiak

“Kalderoien kasuan, badira talde handi batzuk migratzaileak direnak eta urtean bitan etortzen direnak gure kostara. Apirilean agertzen dira, adibidez. Oso talde handitan etortzen dira, kume piloarekin; ehunka kidez osaturiko taldeak dira. Matxitxako ingurura etortzen dira, jatekoak bultzatuta eta batez ere leku egokia delako kume horiek pixka bat gogortzeko. “Haurtzaindegi” moduko bat da, azken finean.

Ez dakigu nondik datozen, baina hor ere zerbait aurreratzeko moduan gaudela uste dut. Norvegiako Lofoten uharteetan besteak beste kalderoiak ikertzen dituen zientzialari batekin jarri gara harremanetan. Zetazeoen soinuak ikertzen ditu. Familia bakoitzak bere soinua, bere hizkuntza propioa du; helburua da, hain zuzen ere, familiak bereiztea soinuen arabera. Gauza asko ari da deskubritzen. Kontatu genionean hona urtean bitan kalderoi multzo handiak etortzen direla, oso interesatuta agertu zen. Erabaki genuen aurten kalderoien soinuak grabatuko ditugula Norvegiara bidali eta hango datuekin konpara ditzan, ea Matxitxako inguruan bisitan izaten ditugun ale horiek norvegiarrak diren… Eta soinuekin batera, aurten hasiko gara ADN laginak hartzen. Aurrena hildako animaliena, baina irteerekin hasten garenean, bizirik daudenena ere bai. Horrela, ADN konparaketak egin ditzakegu”.

Noizean behin ikusten dira katxaloteak kostaldetik gertu. 

Katxaloteak, orkak, zere arruntak…

“Animalia handiagoak, kaxalotea adibidez, pentsatzen da migratzailea direla. Janari kopuru handiagoak behar dituztenez, askoz ere itsas eremu zabalagoan mugitzen dira. Kilometro askotan bizi dira. Baina erabateko ziurtasunik ez daukagu, informazioa falta zaigulako. Adibidez, iaz arte pentsatzen genuen orkak hegaluzearekin batera sartu eta alde egiten zutela. Arrantzaleek ikusten dituzte tarteka hegaluzearen kanpaina denean. Baina joan den azaro amaieran, ia abenduan, orka talde bat ikusi zen Matxitxakotik. Beraz, ohartzen ari gara informazioa falta zaigula eta ikerketan sakondu ahala gauza berriak aterako direla.

Zere arrunta balea mota ere ikusgarria da. Horiek ere tarteka, baina orkak baino errazago ikusten dira, talde handietan etortzen direlako eta arnasaren zorrotada ere bizpahiru kilometrora ikus daitekeelako. Gerturatzen utziz gero, oso ondo ikus daitezke. Orkak biziagoak dira. Dena den, animalia handi hauek oso eremu zabalean ibiltzen dira eta oso zaila da jakitea zehazki nondik nora ibiltzen diren. Balea urdinarekin gertatzen da. 30 metroko animalia puska da, baina munduko ozeano guztietan bizi da eta oso zaila da haren berri izatea”.

 Balea mokoduna

“Balea mokodunak oso animalia ezezagunak dira. Mundu mailan lau toki daude ezagunak balea mokodunak daudelako: Hawaaii, Zeelanda Berria, Kanariar Uharteetako Hierro, eta Bizkaiko Golkoa. Animalian hauen biologiari buruz ia ezer ez dakigu. Zientziak dituen datu gehienak kostaldera iritsitako hildako aleetatik lortutakoak dira. Hierron ari dira orain ikertzen, irrati transmisore batzuekin. Soinua ere grabatu diete. Jakin dute sekulako sakoneretan ibiltzen direla txibiak ehizatzen. Sekulako animaliak dira”.

 Non topa daitezke?

“Azken finean, bizirik irauteak mugiarazten ditu animalia hauek. Hau da, jatekoaren bila eta ugaltzeko mugitzen dira. Jatekoa kostan baldin badago, kostara hurbilduko dira. Hori ahaztu gabe, egia da gero habitatak bereizten direla. Plataforma kontinentalean, sakonera gutxiko eremuan, animalia txikienak bizi dira, izurdeak batik bat: izurde arrunta, marradunak –nahiz eta hauek oso sakonera handietan ibiltzen ere jakin…–. Hortik aurrera, sakonerarekin batera animaliaren tamaina ere handitzen doa. 

Pentsatu behar dugu poloetatik datorren ur hotza azpitik datorrela, dentsitate handiagoa duelako. Ur horiek dira janaritan aberatsenak. Itsaso  zabaletik datoz eta une jakin batean kontinentearen plataformaren hormaren kontra jotzen dute. Talka horretan gorago dagoen ur epelagoarekin nahasten da eta, eguzki izpien lanarekin, hor elikagaien eztanda moduko bat gertatzen da: fitoplanktona sortzen da, zooplanktona, krilla, krillaren atzetik arrain txikiak datoz, haien ehizatzera arrain handiagoak, eta azkenik izurdeak eta baleak. Kate trofikoa sortzen da. Izurdeak eta baleak, beraz, elikagaia sortzen den leku horien atzetik ibiltzen dira, plataforma kontinentala hausten den puntu horietan. 

Animalia hauek zergatik daude hemen kostatik hain gertu? Plataforma kontinentala berez nahikoa estua delako. Getaria parean eta Matxitxako parean amaitzen da plataforma kostatik gertuen. Horregatik dago animaliak ikusteko aukera gehiago Matxitxakotik eta Getariatik itsasorantz zuzen joanda. Eta ez da oso urrutira joan behar. Matxitxako aurrean, adibidez, 1.000-1.500 metrora jaisten da itsas hondoa, eta Bilbo parean aurrera joanez gero, 5.000 metroko sakonerara iristen da. Koska modukoak egiten ditu, gero eta sakonago. Beraz, itsas hondoaren erlieberekin jokatzen dugu nora joan erabakitzeko. Normalean, ibilbide jakin bat egiten dugu, elikagaiak sortzen diren leku horietara joaten gara”.

Euskal balea?

“Oso ondo dago katalogoan galzorian dagoen animalien zerrendan jartzea, baina iruditzen zaigu pauso hori oso txikia dela eta berandu datorrela. Ez dugu uste espezie bat 300 edo 400 ale izatera iritsi behar denik neurriak hartzen hasteko. Oso tristea da mundu mailan 300 ale bakarrik egotea. Egia da faktore asko dituela aurka, batzuk naturalak. Animalia makala da, ur azpian babestea asko kostatzen zaio daukan gantz kopuruagatik. Kumeak egitea asko kostatzen zaio, aniztasun genetiko eskasa duelako: asko antzuak dira. Kostatik oso gertu bizi dira, sakonera txikiko uretan, eta eremu horietan trafiko handia dago kutsadura ere bai, kimikoa, akustikoa, zaborra… Eta gehiegi ehizatu da. Notiziak ditugu hemen ikusi ote diren, baina ez daukagu horren segurantzarik. Galizia aldean pare bat ale ikusi omen dituzte, baina ez dakit zenbat urtetan. Atlantikoan populazio bat dago eta Pazifikoan beste bat. Kanadako Fundyko badian gelditzen dira gehienak”.

"Matxitxako eta Getaria aurrean errazago aurki daitezke animalia hauek"

Arriskuak eta premiak

“Gaur egun gure itsasoan bizi diren zetazeoek berez mehatxu zuzenik ez dute, hemen ez dira normalean ehizatzen, baina mehatxu ez zuzenak gehiegi dira: kutsadura, trafikoa, arrantza teknikak… Animaliahauen bizitzeko baldintzak ez dira batere onak. Badirudi hondamendia behar dugula egoeraz jabetzeko, baina ez gara konturatzen haien habitata hondatzen ari garela. Behingoagatik konturatu beharko gara planeta ez dela gurea eta itsasoa ere zaindu behar dugula.

Ambar elkarteko kideak oso bakarrik sentitzen gara. Norbanakoen, enpresa pribatuen eta erakunde publikoen laguntza behar dugu. Hezkuntza oso inportantea da daukagunaz jabetzeko, baina zoritxarrez itsasora ezin dugu eraman guk nahiko genukeen jende guztia. Horregatik, saiatzen gara lehorreratze bat gertatzen denean aukera hori aprobetxatzen jendeari azalpenak emateko. Kostan zehar zentro batzuk eduki nahiko genituzke. Gaur egun autopsia bat egiteko ez daukagu lekurik, zabortegira joan eta han aztertu behar izaten ditugu askotan gorpuak. Zarautzen edo Zumaian lokalen bat lortzea da helburua, autopsiak bertan egin eta jendeak animaliak ezagutzeko aukera izan dezan. 

Herri batek lehorreratze zentrobat edukitzea oso interesgarria izan daiteke, nazioarte mailari begira ere bai. Guk harreman asko ditugu kanpoko zientzialariekin eta haientzat hemen erreferentzia bat izatea interesgarria izango litzateke. Gustatuko litzaiguke jendeak jakitea itsasoan zer dagoen eta gu zer lan egiten ari garen. Baina oraingoz babesik ez dugu sentitzen. Adibidez, izurdeen hezurdurak berreskuratzen ari gara egunen batean jendeari erakusteko, baina lan hori gure kontura ari gara egiten, gure baliabideekin”.

“Normala da garai hauetan hildako animaliak agertzea kostaldean”

Ilazki Goenagak aitortu digu ohi baino erneago egon zirela izurdeak hilda agertu ziren otsaileko egun haietan, baina ez omen dago kezkatzeko arrazoirik. “Garai hauetan normala da hildako animaliak agertzea kostaldean. Faktore asko batzen direlako: ipar haizea, tenperatura hotza, itsaso txarra… Azken finean, animaliei ere luze egiten zaie negua, eta ahulduta, gaixo, zahartuta edota galduta gelditu direnak, elementu ahulenak, hil egiten dira. Gero, neguan, hilotz horiek kostaraino ekartzen ditu ipar haizeak edo itsaso zakarrak. Udan ere hiltzen dira, irteerak egiten ditugunean ikusten ditugu tarteka, flotatzen; baina normalean itsasoan bertan gelditzen dira gorpuak”.

 

Gogoan du, hala ere, egun berean lau hilotz agertu zireneko eguna: “Egun bakarrean bi gorpu agertu ziren Getarian goiz partean, eta gero arratsaldean beste bi… Orduan larritu egin ginen, agian sareren batean kateatu eta itota hil zirela pentsatu ere bai. Baina ez zen halakorik gertatu. Arrazoi naturalengatik hil dira. Salbuespen bat badago, hala ere. Izurdeetako bat ehizatua izan zela pentsatzen dugu, bizkarraldean haragi puska handi bat falta zaio eta. Garbi ikusten da xerrak atera zizkiotela”. 

Izurdeen haragia jatea arriskutsua dela ohartarazi nahi du Goenagak, gaixotasunak kutsa ditzakeelako: “Jakin badakigu inguru honetan izurdeak ehizatzen direla, jateko oso preziatua dela. Ezkutuan egiten da, animalia horiek babestuta daudelako, baina badago ohitura. Ohartarazi nahi dugu haragi hori jatea ez dela osasuntsua, metal astunen kontzentrazio handia dutelako. Gainera, kontuan izan ugaztunak direla eta oso erraz kutsa diezaguketela birusen bat, gaixotasunen bat edota parasitoak. Hilda agertzen diren animaliek askotan arnas aparatuko gaixotasunak dituzte, pneumoniak, adibidez… Guregana oso erraz pasa daitezke”.

Baldintza egokiak daudenean eta interesgarria dela iruditzen zaienean, animaliari autopsia egiten diote. Otsailean hildako gorpu batzuk aztertu zituzten, baina ez duten ezer arrarorik aurkitu. Dena den, laginak hartzen dituzte ikerketa zabalago baterako: “Bartzelonako proiektu batekin ari gara kolaboratzen. Hildako animalien barne belarriaren laginak bidaltzen dizkiegu. Barne belarria oso garrantzitsua da animalia hauentzat, komunikatzeko, nabigatzeko…, sonar moduko bat dute, azken finean. Hildako momentuan barne belarria minduta baldin badute, oso litekeena da hori izatea heriotzaren arrazoia, sonar hori gabe ezin dutelako ehizatu, orientazioa galtzen dutelako… Proiektuaren helburua da jakitea zer nolako kutsadura akustikoa daukagun itsasoan eta horren ondorioak”. 

Erlazionatuak